Jon ORMAZABAL
PILOTA

Intendentearentzat lanak

Erik Jaka inoizko unerik gozoenean da, 11 partida irabazi ditu jarraian, 2019an jokatutako guztiak.

Ez omen ditu estatistikak ezagutzen, hala esan zuen igandean Eibarko Astelenan urteko hamaikagarren erakustaldia eman ostean, baina oraingo honetan «hamaika» ez da euskaraz ugaritasuna azaltzeko erabili ohi den esamoldea, Erik Jakak jarraian irabazitako partida kopurua baizik. Binakako txapelketatik at, lizartzarra ez dago foku mediatikoaren erdian, baina bera da, ezbairik gabe, gaur egun sasoi punturik onenean den pilotari profesionala.

Estatistikek hala diote, behintzat. 2019. urtean jokatutako partida guztiak irabazi ditu eta zenbaki absolutuetan Peio Etxeberria da gehien gerturatzen zaiona, hamar garaipen eskuratu baititu urte naturala kontuan hartuta, baina horretarako 14 partida jokatu behar izan ditu, hau da gipuzkoarrak baino hiru gehiago. Kontuan izan behar da, Zenotzekoa promozio txapelketa jokatzen ari dela eta horrek jarraitutasun gehiago izatea ahalbidetzen diola.

Jarraitutasuna

Horixe izan da, jarraitutasunik eza, Erik Jakak bere profesionaletako ibilbidean izan duen arazorik handiena, lesioek ez baitiote bere ibilbidea nahi bezala garatzen utzi. Azkena udan izan zuen, beretzat oso berezia zen partidan –Jokin Altuna adiskidearen aurkako San Ferminetako kaiolakoan–, dortsaleko zuntz hausturak uda eta Lau eta Erdiko nagusirik gabe utzi zuenean.

Baina aurreko lesioetan egin bezala, aurrelari fina indartsuago itzuli dela dirudi eta bere lana, intendenteari lanak ipintzea, ederki burutzen ari da. Txapelketatik kanpo, normalean jaialdietako lehen partidak jokatzea egokitzen ari zaio eta erakutsi du, gaur-gaurkoz aurkaririk ez duela maila horretan.

Aukera izan duten gutxietan, Tolosako inauterietan eta Beasainen esaterako, estelarretan ere jokarazi diote eta han ere bikain erantzun du Ezkurdia edo Laso bezalako lehen lerroko pilotarien aurka.

Kontua da, denborekin ere ez duela zorte handirik izan Erik Jakak eta bolada izugarri hau lehen mailako aukerak izateko unerik desegokienean heldu zaiola. Inoiz baino argiago zegoen aurten nor izango zen lehen ordezko aurrelaria Aspen, baina aurtengo Binakakoan Eibarko enpresan ez da baja bakarra ere izan. Buruz burukoak ere ez dirudi lehiaketarik egokiena bere dohainetarako, baina hura prestatzea da Jakaren hurrengo erronka. Kantxan hitz egiten ari da eta emaitzei, baina batez ere jokoari, eustea da asmoa; intendenteari lana ematen jarraitzea.