2019/03/16

Barrikadetatik sutan

Badaude Pariseko Komunaz hitz egitean idealizazioaren iruditerian sartzen direnak, denboran distantzia jarriz askatasuna eta gizartea iraultzeko beharra aldarrikatu zituzten hiritarren kontra hartutako neurri basatiak ia ahaztuta. Krudeltasunaren dimentsio ezberdinak batzen dira “Larrutik ordaindua” nobelan eta horretarako Joseba Lozanok misteriozko eleberrien moldeak kontuan hartzen ditu, berezitasun batekin; kontrazalari erreparatzen badiogu, bi genero uztartzen direla jakinarazten da, nobela historikoa eta thrillerra. Borrokaren eta protagonisten gorabeherak ez nahasteko, Lozanok egunkariaren egitura baliatzen du; estrategia literario erakargarria da hiru plano ezberdinetan Pariseko hiriaren kontrako setioak iraun zuen egunen berri emateko: fikzio historikoa, hiltzailearen bizimoduaren eta haren modus operandiaren azalpena eta hiru pertsonaia nagusiei dagozkien atalak. Egunkaria apirilaren 3an hasten da, Rueileko inguruan lehertzen den bataila odoltsuaren zehaztasunekin, eta maiatzaren 28an bukatzen da, iraultzaren azken egunaren hasperena, protagonista.

Irakurleak girotzeko, sarrera historiko batek irekitzen du liburua, non Frantziaren eta Prusiaren arteko gerraren ondorioak eta, matxinada hiriaren barrenean zabaldu arte, Komunaren aurretiko gertakizunak kontatzen diren. Azken atalean ere eredu berari jarraitzen dio eta idazleak hiritarren kontra egindako sarraski gorrien datu historikoak berreskuratzeaz gain, errealitatearen eta fikzioaren mugak argitzen dizkigu. Jada eleberrian hiru plano ikusgai daudela esan dut, baina, funtsean, bi trama deskribatzen dira denbora eta espazio paraleloetan. Batetik, Lozanok komuneroen borrokak kontatzen ditu; itzulinguruka ibili gabe istiluen gordintasunaren xehetasun guztiak ematen ditu, eta, aldi berean, orrialdeetan odolaren eta gorpu ustelduen usaina zabaltzen da. Bestetik, serieko hiltzaile batek liskarren aztoramendua aprobetxatzen du zenbait gorpu hiriko leku ezberdin eta enblematikoetan uzteko, odolgabetuta eta bularreko eta bizkarreko azala kenduta. Bi trama horien artean mugitzen dira hiru protagonistak: Sophie Blanchetek Salpetriere ospitalean lan egiten du, baina burutzen ari den ikerketa zientifikorako Pariseko kartzeletan dauden hiltzaileen jokaera interesatzen zaio. Fabian Rochefort frontean dago Paris babesteko altxatu diren barrikadetatik armak hartuta; Frantziako familia on bateko semea izan arren, idealek borrokara daramate. Azkenik, Leo Morel dugu hirugarren pertsonaia nagusia, hasiera batean bigarren mailan geratzen bada ere, Komunaren agintarien konfiantzazko laguna ezinbesteko bihurtzen da.

Istorioaren hariari dagokionez, lehen unetik pizten da misterioa, baina argumentuaren garapenean azkarregi galtzen du tentsioa. Aldiz, Komunaren aldeko eta kontrakoen arteko liskarren deskribapenek emozioa irabazten dute eta testuan indarrez errotzen dira. Izan ere, bi istorioen hasierako oreka ez da mantentzen liburu osoan eta serieko hiltzailearen misterioari modu bizkor eta errazean bilatzen zaio irtenbidea hari guztiak lotu gabe eta zenbait kointzidentzia baliatuz; gainera, gorpuen agerpenak eragindako jakin-mina eleberritik bat-batean ezabatzen da. Komuneroen egoerak eta protagonistek horretan jokatzen duten paperak, berriz, amaiera arte tentsioa mantentzen dute eta hasierako intriga alde batera utziz eleberriaren norabidea edo helburua zeharo aldatzen da. Edonola ere, entretenigarria da liburua, nahiz eta suspenserik ez lortu konpondu behar den misterioagatik, Pariseko Komunaren azken egunetan protagonistak bizitako gorabeherengatik baizik.