GARA
DULANTZI

Arabako seikotea, erabakita; Iñaki Viñaspre, onena Dulantzin

Xabi Igoa (339 puntu), Manex Agirre (334), Peru Abarrategi (332), Iñaki Viñaspre (330), Oihane Perea (323) eta Aroa Arrizubieta (323). Hauetxek dira Arabako bertso finalerako txartela lortu duten bertsolariak, atzo Dulantzin 2. finalerdiak utzi zituen emaitzak aintzat hartuta.

Lehen hirurek (puntuazio altuenak lortu dituztenak, alegia) aurreko larunbatean kantatu zuten, Legution, baina atzo arte zain egon behar izan zuten. Orain, seikoteak finalerako burua prestatzeari ekin beharko dio: Gasteizen jokatuko da martxoaren 30ean. Hurrengo asteburuan Nafarroakoa dator, Anaitasuna kiroldegian.

Atzo Dulantzin jokatutako saioan Iñaki Viñaspre Simonek lortu zuen puntuaziorik altuena. Aretoan ehun bat lagun bildu ziren. Agertokian, Arabako bertsogintzaren bidea laburbiltzen duen irudia.

Oihane Perea Perez de Mendiolak eta Aroa Arrizubieta Barredok ere saio ona osatu eta Gasteizen kantatzeko aukera izango dute. Aldiz, txapelketatik kanpo gelditu dira azken txanpa honetan Paula Amilburu Izargarai (314 puntu), Beñat Garaio Mendizabal (304) eta Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (285). Eta lehenengo finalerdiari dagokionez, ez dute saio nagusira heltzerik izan Aitor Ugartek (310), Serapio Lopezek (305) eta Andere Arriolabengoak (299).

Bigarren itzuli honetako saioetan hamalau bertso puntuagarri kantatu behar zituzten bertsolariek, horien artean bost bertso, bakarkako lanean, kartzela formatuan.

Finala, Printzipal antzokian

Otsailaren 9an hasi zuen bidea 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketak. Hiru final-laurden jokatu ziren Araian, Zigoitian eta Aramaion. Finalerdietako bigarren fasea Legution hasi zen martxoaren 9an eta atzo bukatu zen Dulantzin.

Datorren martxoaren 30ean, larunbatean, Gasteizko Printzipal antzokian, Arabako bertsozaleen egun handia izango da.