Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ez, ez nago zizareez

Ez zait erraza begitantzen albisteak buruaren galbahetik pasatzean garaua eta lastoa ondo bereiztea. Saiatzen naiz garaua dena buru osora zabaltzen eta lasto itxurakoa belarrietatik kanporatzen, konpost kutxara. Halere, aitortu behar dut jeltzaleen alderdiko lehendakaria aspaldi honetan entzuten dudan bakoitzean garau itxurakoa bera ere botatzen dut kutxa horretara, ea zizareek ontzen duten! Zin dagit, eta honetan sikiera ez legearen aginduz! Ez dakit zorabio kontua ote den horiena… ez, ez nago zizareez orain.

Total, zer gaitza duten aro honetako berbek zer edo zer zentzuzkoa adierazteko; are gehiago, esaldi batera bilduta daudenean berbok. Hortaz, ez nau harritu Euskaltzaindiak dialektologiaz egin berri duen batzarrak; harritu nauena da nazioarteko dialektologiaz aritu izana, euskal naziotik atera gabe ere soberakoa baitaukagu dialektologiaz ezbaian, eta ez nago hizkuntzaren dialektoez hizkerarenez baizik. Hau akabua! Berritsua izan eta berri gutxi esan.

Tira, ez daude hobeto Westminsterreko hartan. Hor ere dialekto saltsa ederra dute, ama hizkuntza berekoak izan arren. Brexit bai, ez… nondik atera nahikoa garbi izan ez, nora sartu nahikoa ilun izan bai. Ama, ama!

Gogoan daukat orain ez asko Kataluniako CUPekoek premiazko erabakiak hartzeko behar zuten denbora luze hura, ia eskala geologikoan neurtu zitekeena… bada Tamesis inguruko Ganbera horretakoa ikusita pentsatzen hasita nago cuperoak goiztiar hutsak zirela…

Gaitza, gero, elkar ulertzea informazio-gizarte honetan! 4.0 bai zera! Horra itunpeko eskoletako amaiera gabeko gatazka. Hori ote da itun baten adibidea? Isuna dirudi! Eta grebaren segimenduaz aldeek ematen dituzten portzentajeak… ez, ez dira garai onak matematikarentzat berarentzat ere! Eskerrak PIren nazioarteko eguna izan berri dela, 3.14159……