Haritz LARRAÑAGA
Surf

Lehiaketa formatu berria izango du aurrerantzean CT itzuliak

«Buruz buruko lehia sustatu eta ikuskizuna handitzeko» formatua aldatu du WSL erakundeak nesken zein mutilen lehen mailako (CT) txapelketetan. Sally Fitzgibbons eta Alex Riveiro txapeldun, Australiako Burton Automotive Pro –6.000 puntuko– QS txapelketan.

WSL erakundeak aldaketak egin ditu lehen mailako txapelketa ereduan. Orain artean bezala, mutilen CT mailako lehiaketetan guztira 47 txanda egingo dira, eta nesken WCT mailan ostera, 23 txanda. Ondorioz, kate- goria batean zein bestean, txanda kopurua berbera izango da, baina bigarren errondatik aurrera txanda guztiak buruz burukoak izango dira bi kategorietan, eta ez da bigarren aukerarik izango kaleratuak diren lehiakideentzat.

Orain arteko formatuan lehen edo hirugarren errondan kaleratuak ziren lehiakideek beste aukera bat izaten zuten, bigarren edo laugarren errondan. Aurrerantzean, aldiz, lehen errondan kaleratuak diren lehiakideek soilik izango dute bigarren aukera bat. Hortik aurrera, txanda guztiak buruz burukoak izango dira eta kaleratutako surflariek ez dute lehiatzen jarraitzeko aukera gehiagorik izango.

Lehiakortasuna handitu

Apirilaren 3an hasiko da munduko lehen mailako nesken zein mutilen zirkuitua Australian, Gold Coasteko Snapper Rocks urautsi famatuan. Bertan izango dira CT itzuliko Top 34ko mutilak eta WCT itzuliko Top 17ko neskak, eta sasoi berriari hasiera ematearekin batera, WSL erakundeak ezarri duen txapelketa eredu berria estreinatuko dute.

WSLko arduradunen esanetan, aldaketa berrien helburu nagusia «buruz buruko lehia sustatzea» da, baina irizpide teknikoak ere badaude erabakiaren atzean. Izan ere, itsasoko baldintzek laguntzen ez dutenean denbora tarte ahalik eta laburrenean egin behar dira txapelketak, modu horretan, gutxieneko baldintzak dauden uneari ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Formatu berriak denbora hori aurrezten lagun dezake.

Gauzak horrela, formatu berriarekin ez dute txanda kopurua murriztu, baina buruz buruko formatuak bi txanda aldi berean egitea ahalbidetzen du, eta, beraz, beharrezkoa denean denbora aurrezteko ere balioko du eredu berriak. Gainera, txapelketa batzuetan, bi txanda aldi berean eginda ikuskizuna biziagoa izaten da eta horrek lehiaketa internet bidez ikusten ari diren pertsonak ordenagailu aurrean atxikitzeko balio du.

«Kirol honen eremu desberdinetan aurrerapausoak ematen ari gara eta bide horretan kokatu behar dira aldaketa hauek ere», azaldu zuen Sophie Gold-schmidtek. WSLko bozeramailearen hitzetan, «helburua, lehiakideen errendimendua handi- tzea da, txanda bakoitzean lehen postua eskuratzeko mentalitatea indartu nahi dugu, zeren modu horretan jarraitzaileek eskatzen duten ikuskizuna elikatuko dugu».

Formatu berria

Nahiz eta mutilen itzulian parte hartzen duen lehiakide kopurua nesken bikoitza izan, formatu aldaketak logika berari jarraitzen dio nesken zein mutilen kasuan. Orain arte, lehen errondako txandetan hiru lehiakide izaten ziren. Hori ez da aldatu, baina aurrerantzean lehen bi postuak eskuratzen dituzten lehiakideak izango dira zuzenean hirugarren txandara igaroko direnak. Lehen, txandako irabazleak baino ez zuen eskuratzen hirugarren txandara igarotzeko pasea.

Bigarren errondan, ostera, buruz buruko txandak izaten ziren formatu zaharrean. Aurrerantzean, ordea, bi lehiakideren ordez hiru lehiakide itsasoratuko dira, eta lehen bi postuak eskuratzen dituzten surflariak hirugarren txandara pasatu ahal izango dira. Hortik aurrera, txanda guztietan bi lehiakide baino ez dira itsasoratuko. Ondorioz, lehen bi erronden ostean soilik lau lehiakide izango dira kaleratuak mutilen katego- rian, eta bi, neskenean.

Eredu berriarekin hirugarren errondak oso luzeak izango dira. Esaterako, mutilen kategorian 16 txanda izango dira hirugarren errondan aurrerantzean, eta nesken kasuan, berriz, lehengo bikoitza, hau da, zortzi.

Hirugarren errondan kaleratuak ziren lehiakideek bigarren aukera bat izaten zuten orain arte, eta irabazleak bosgarren errondara igarotzen ziren zuzenean. Orain, ordea, ez da bigarren aukerarik izango, formatu berriarekin hirugarren errondan lehen baino lehiakide gehiago izango baita, baina txanda gehiago izango dira. Ondorioz, mutilen laugarren errondan egiten ziren hiru lehiakideko txandak ere bi lehiakidekoak izango dira aurrerantzean.

Fitzgibbons eta Riveiro

Formatu aldaketak ez die eragiten bigarren mailako txapelketei. Urtarriletik martxan da QS zirkuitua, ohiko formatuan, eta pixkanaka ranking orokorrak forma hartzen hasiak dira, jada maila honetako 12 lehiaketa egin baitituzte.

Joan den astean Australiako New Castle eskualdean izan zen Burton Automotive Pro lehiaketa aurtengo QS zirkuitua hasi denetik egin den bigarren txapelketa garrantzitsuena izan da. Otsail amaieran izan zen Brasilen 6.000 puntuko lehen QS lehiaketa, eta Australiakoa bigarrena izan zen.

Nesken kategorian bi lehiakide australiar izan ziren finalean: Sally Fitzgibbons eta Isabella Nichols. Metro bateko olatuetan gogor aritu ziren bi lehiakideak, baina lehen mailan ere lehiatzen den Fitzgobbons gailendu zen azkenean.

Mutilen kategorian, ostera, bi brasildar iritsi ziren finalera: Jadson Andre eta Alex Riveiro. Ikuskizun ederra eman zuten bi surflariek itzelezko airekoak eginez, eta biek antzeko ariketak egin zituzten arren, Riveiro izan zen puntu gehien bildu zuena. Jadson Andrek 13,77 puntu jaso zituen bere bi olatu onenekin, eta Alex Riveirok, berriz, 15,57 puntu.

Honi buruzko guztia: Surf