GARA
azpeitia

«Ezkutatu nahi duten sufrimendua» azaleratuko dute Azpeitian

Jose Maria Izura, Pedro Maria Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru segada batean hil zituztenetik 35 urtera, Pasaiako Sarraskia Argitu herri ekimenak ekitaldia antolatu du larunbat honetarako, 19.00etan, Azpeitiko Azoka Plazan. Bertan izango dira Estatu indarkeriak hildakoen hainbat senide: Txiki eta Otaegirenak, Martxoaren 3an hildakoenak, German Rodriguezenak, Joxe Arregirenak, Ramon Oñederra Katturenak, Josu Muguruzarenak eta Jose Migel Etxeberria Naparrarenak. Hala, «ezkutatu nahi duten sufrimendu guztia azalarazi» nahi dute.

Urteotako balantzean, jasotako elkartasuna eta maitasuna eskertu zituzten aurrena. Bide judizialari dagokionez, Estatuko bide guztiak agortu dituzte eta kasua artxibatua dago, autoan «hilketa zantzuak» daudela aitortzen bazen ere. Beste bide batzuk hartzea aztertzen ari direla jakinarazi zuten: Nazio Batuen erakundeetara jotzea, hain zuzen. Pasaiako sarraskiak behar duen errekonozimendua jaso bitartean tinko jarraituko dutela baieztatu zuten.