gara, donostia
#harpidetuetorkizunera

Kazetaritzaren aurkako jazarpenaren zenbait aurpegi

GARAren aurkako azken eraso honek ez digu perspektibarik kentzen: gurea ez da kasu isolatua, jakitun gara. Hamaika dira, munduan barrena eta urtean zehar, hedabideek eta beren profesionalek (kazetaritzak, azken batean) sufritzen dituzten jazarpen eta oldarraldiak. Eta sarritan boterearen eskutik (edo haren enkarguz) etorri ohi dira eraso horiek.

Batzuk larriagoak dira (baita atzera bueltarik ez dutenak ere), arinagoak besteak. Aurreneko horien artean kokatu behar dira, oso urrunera joan gabe, asteburuko bi: Santiago Barroso kazetari mexikarra martxoaren 15ean hil zuten San Luis Rio Colorado hirian (Sonora estatuan), eta Honduraseko Gabriel Hernandez Nacaomen tirokatu zuten igandean, Valle TVko lantokitik etxeratzeko autobusa hartzera zihoala.

Beste maila batean izanagatik, “Argia”ko Lander Arbelaitz ere jazarri dute. Bi ertzainen salaketaren ondorioz, epaitegian izan zen atzo deklaratzen. Atarian protesta egin zuten. Kazetariak eta hedabideak berak elkartasun osoa merezi dute.