Asier AIESTARAN
PILOTA

Zalantzak uxatzeko modu onena

Elezkano II.ak eta Rezustak sekulako erakustaldia eman zuten eta bigarren urtez jarraian jokatuko dute Binakako Txapelketako finala.

ALTUNA III.A-MARTIJA 10

ELEZKANO II.A-REZUSTA 22


Egoera kuriosoa zen partida aurreko minutuetan. Apustuen dirua parean omen zegoen, eta joeraren bat izatekotan, gorria, Altuna eta Martijaren aldekoa. Datu hutsei begiratuta zaila zen halakorik ulertzea. Elezkano II.a eta Rezusta finalerdietara inolako arazorik gabe sailkatu ziren, eta finalerdietako ligaxkan ere aurreneko partida ongi irabazi zuten, itxura ona emanez. Altuna III.a eta Martija, aldiz, larri-larri sartu ziren finalerdietan, eta bigarren ligaxkan ere porrot batekin hasi ziren. Baina, antza denez, azken partidak zalantzak utzi zituen Elezkano eta Rezustaren inguruan, Irribarria-Zabaletaren aurka galdu arren seguruenik txapelketako bikoterik indartsuena, zentzu guztietan.

Bada, Danelek eta Beñatek nahikoa izan zituzten sei tanto, apenas bost minutu, zalantza denak uxatu eta mahai gainean kolpe latza jotzeko. Indartsu irten ziren biak kantxara; atzelaria erabat agintzen bere eremuan eta aurrelaria bi aldiz pentsatu gabe tantoa amaitzeko prest. Halaxe aurreratu ziren urdinak 0-6 markagailuan. Elezkanorenak lau tanto: bi atzean, bat zabalean eta bestea txokoan. Rezustarenak beste biak, bigarrena pilota ia errebotean sartuz.

Julen Martija ez zen gai erauntsiari eusteko, eta Jokin Altuna jada buruari bueltaka hasita zegoen, egoerari nola aurre egin pentsatzen. Atseden bat eskatua zuen, eta sakea berreskuratu bezain laster, Martijak ezker horman bikain sartutako pilotakada bati esker, pilota berria ateratzea izan zitekeen helduleku posibleetako bat.

Rezustaren huts batek eman zien bigarren tantoa gorriei, eta Altunaren aurreneko jokoan egina 3-6an iritsi zen, partida guztian egingo zituen beste hiruren oso antzeko jokaldian: mota guztietako erremateak probatu ostean nola-hala atzean amaituz. Izan ere, erasoan bezain ongi edo hobeto aritu ziren Elezkano eta Rezusta defentsan, une askotan Altuna desesperaziora eramanez.

Hain zuzen ere, urdinek handik gutxira kateatu zuten bost tantoko partzialean (4-8tik 4-13ra) nabarmendu zen desesperazio puntu hori. 4-11koan denetik egiten saiatu zen aurrean amezketarra, baina aurkariek pilota guztiak jaso zituzten eta azkenean pilota berak galtzen amaitu zuen. Hurrengoa ere bai, eta 4-13ko horrekin neurketa jada apurtuta ikusten zen.

Azken saiakera

Baina Altunak eta Martijak Binakako Txapelketa honetan zerbait erakutsi badute inoiz ez dutela amore ematen izan da. Horregatik heldu dira bizirik finalerdietako azken partidara, eta horregatik egin zuten atzo ere azken saiakera bat.

Gorriek 7-13 hurbiltzea lortu zuten. Horren errudunak: Rezustak zabalera bidalitako dejada bat –Altunak sekulako tantoa jokatu ostean, hori bai–, Martijak bikain atzeratutako pilota bat eta amezketarraren gantxo bat. Baina erreakzioa horraino iritsi zen, Elezkanok oraindik zenbaki hobeak pilatzeko asmo sendoa baitzuen.

Zaratamoko aurrelariak sekulako erakustaldia eman zuen azken txanpa horretan, mota guztietako tantoak amaitu eta estatistika gogoangarriak sinatuz: jokoan 13 tanto egin eta pilota bakarra galdu. Txokoan goxo utzita, sake-errematea baliatuz, atzera jota... gozatu egin zuen bizkaitarrak eta ikusleak gozarazi.

Altuna eta Martijari, berriz, sufritzea tokatu zitzaien, eta triste amaitu zuten arratsaldea, baina azken txanpa horretan gipuzkoarrak utzi zuen grabatzeko moduko beste tanto bat, 8-16koa, ezinezkoa dirudien arren Rezustari pilota buruz gain pasata. Hori bai, apirilaren 7an Bilbon Irribarria eta Zabaletaren aurka finala jokatuko dutenak Elezkano eta Rezusta dira.

«Azkar hasten dira beherakadak aipatzen»

Beñat Rezusta pozik zen partida amaieran, Binakako finala laugarren urtez jokatuko baitu segidan. Baina amorru puntu bat ere nabaritu zitzaion bere adierazpenetan Bergarakoari, azken aste honetan aipatu diren zalantza horiengatik edo. «Jendea azkar hasten da behera egin duzula aipatzen, partida txar bat nahikoa da horrelakoak entzuteko. Ni pozik nago egindako txapelketarekin. Badakit tartean partida txarren batzuk egin ditudala, baina orokorrean balantzea ona da». Eta Danel Elezkano ere antzera mintzatu zen: «Beñatek zuloak ireki ditu eta nik ausart jokatu dut, jokaldiei abiadura ematen».A.A.