2019/03/27

Arabako bertsogintza, etenik ez duen katea, Principal antzokian

Arabako Bertsolari Txapelketaren hamalaugarren edizioa iritsi da helmugara, txapela nork jantziko duen erabakitzeko saiora, alegia. Larunbatean, hilak 30, finala jokatuko da arratsaldeko 17.30ean hasita Gasteizko Principal antzokian. Hantxe aurkeztu zuten finala atzo Oier Suarez txapelketako arduradunak eta sei protagonista nagusiek: Xabi Igoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Aroa Arrizubieta.

Xabier IZAGA|gasteiz
0327_kul_bertsolariak

Dena prest, Arabako Bertsolari Txapelketaren hamalaugarren edizioko sei bertsolari onenek eskainiko duten saiorako. Edozer gerta liteke, egun bateko, arratsalde bateko jarduna baita, baina dagoeneko bermatuta dago saio erakargarria izatea eta, nola ez, protagonisten gogoa, seiek atzo transmititu zutena.

Denera 32 bertsolarik parte hartu dute txapelketan. Horietatik, iazko urrian jokatutako kanporaketek hemezortzi hautatu zituzten, Araian, Legution eta Aramaion final-laurdenetako saioetan parte hartzeko. Puntu gehien lortu zituzten hamabiek Legution eta Dulantzin jokatu zituzten finalerdietatik, larunbatean Principal antzokian txapela janzten ahaleginduko diren seiak atera ziren.

Txapela buruan irtengo denaren izena asmatzea ez da erraza. Ez dago faboritorik, ez atzo finalaren aurkezpenean esandakoaren arabera, behintzat; ezta sailkatzeko saioetan lortutako puntuazioei begira ere.

Final erakargarria da, berezi samarra delako. Alde batetik, bi finalista berri izango dira bertan, berriak eta gazteak: Peru Abarrategi 21 urteko aramaioarra eta, denetan gazteena, Aroa Arrizubieta 17 urteko gasteiztarra. Biek ere aire berria ekarriko diote finalari, sailkatzeko saioetan sumatu den aire berria, hain zuzen, eta auskalo zer gehiago. Izan ere, Iñaki Viñasprek gogorarazi zuenez, puntukako sailkapenean ez dago finalisten arteko alde handirik.

Abarrategi eta Arrizubietak aitortu zutenez, finalean jardungo duten lehenbizikoan euren erronka nagusietako bat urduritasunari eustea izango da. Badakite, baina, antzokiko jendetzaren beroa, haren «besarkada» izango dutela. Oihane Perea egungo txapeldunak ere ez zuen zalantzarik egin: «Eurek eramango dituzte txalo gehienak» .

Berezia izango da finala, halaber, parte hartuko dutenen erdiak aramaioarrak direlako. Lan asko eta ona egin duten seinale, Manex Agirreren ustez. Ez du arrazoi falta, nonbait, eta finalerdietan kanpoan geratu diren beste hiru aramaioarrek haren hitzak berresten dituzte.

Agirrek berak, besteak beste, zerikusi handia du horrekin. Berak eta, azken batean, denek. Agirre Xabi Igoaren irakasle izan zen; Igoa, berriz, Abarrategirena. Hirurok dira final berean. Eta hirurok irudikatzen duten kate hori Araba osora heda liteke. Izan ere, finalista guztien artean daude irakasle-ikasle loturak. Denak dira edo izan dira denen bertso irakasle edo ikasle.

Bi emakume

Kate horretako aitzindarietakoa da Oihane Perea, finaleko bertsolari zaharrena eta azken finaletako emakume bakarra. Aurten ez da hala izango, ordea, Aroa Arrizubieta ere emakumea da eta. Bi emakumeren ahotsak entzungo dira, beraz, Principal antzokian aspaldiko partez, finaletik oso gertu sailkatu zen Paula Amilburu ahaztu gabe.

Principaleko oholtzak, esan bezala, hainbat belaunaldi lotzen dituen Arabako bertsogintzaren katea irudikatuko du, eta kate horrek jorratutako bidean hainbat zeregin izan dituen lagun bat aukeratu dute larunbatean irabazleari txapela janzteko; Lierni Altuna, hain zuzen. Bertsolaritza talde moduan bizi izan duela esan zuen Altunak, eta txapela jartzea ohore bat dela, baita berekin bide luze eta askotariko hori ibilitako hainbat lagunen ordezkari izatea ere.

ZENBAKIAK


Sei arabar. Lau gizonezko, bi emakume. Bi txapeldun, txapelketetan zaildutako lau, finala lehenengoz jokatuko duten bi. Hiru aramaioar, bi gasteiztar eta abetxukuar bat. Txapel bat.