Asier AIESTARAN
PILOTA

Zilarrezko txapelen bila

Agirre-Salaverri eta Elordi-Oier Etxebarria prest dira larunbatean jokatuko den Promozioko finalerako.

Larunbatean jokatuko dute Labriten Binakako Promozio Txapelketaren finala Agirre-Salaverri eta Elordi-Oier Etxebarria bikoteek. Pilotari gazteak denak, argi dago, baina profesionaletan pilatu duten esperientziari erreparatuta alde nabarmena duten kirolariak, esan beharra dago.

Asier Agirre da, zalantzarik gabe, laukotean ibilbide aipagarriena egin duena orain artean. Iruindarra profesionaletan lau urte betetzera doa laster, eta ez da ahaztu behar iaz txapela jantzi zuela lehiaketa honetan bertan, Iturriagarekin bikote osatuz. Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketa ere irabazi zuen 2017an, eta aurrez zilarrezko Binakakoan beste final bat ere jokatu zuen, 2016an.

Hala ere, une oso txarrak pasatakoa ere bada aurrelari nafarra, batez ere izandako hainbat lesioren kontura, eta horregatik kasik aurreneko finala bailitzan hartzen du larunbatekoa. «Ilusio handiz gaude. Ruben eta biok txapelketa ona egin dugu eta gogotsu iristen gara finalera. Ea txapela janzteko aukera daukagun», adierazi zuen atzoko material aukeraketan.

Ruben Salaverri errioxarra izango du atzelari. 21 urterekin jada bi eta erdi pasa daramatza profesional mailan, baina honek ere ezagutu du lesioen zorigaitza, sei hilabete egon behar izan baitzuen jokatu gabe besoan izandako arazo baten erruz.

Azkenaldian, ordea, kolpe freskoarekin sumatzen zaio eta hori izan daiteke finaleko gakoetako bat. «Txapela janzteko gure aukerak ausartak izatetik pasatzen dira. Egiten dakiguna egin eta partidaren ekimena guk eraman», eskatu zuen zentzu horretan Agirrek.

Debutaria zuzenean finalera

Asperi dagokionez, txapelketako ezusteko pozgarrienetako bat Oier Etxebarria debutatu berriaren errendimendu aparta izan da. Urtarrilean estreinatu zen lehiaketa honetan bertan eta jokatu dituen bederatzi partidetatik –finalerdietako azkena ez zuen jokatu– sei irabazi ditu.

«Debutatu nuenean nire helburu nagusia ahalik eta azkarren profesional mailara egokitzea zen. Eta uste dut nahiko ongi lortu dudala hori. Egia esan ez nuen espero finalean sartzea, baina behin hemen egonda ea txapela lortzen dugun», aipatu zuen atzo apaltasun handiz Igorren jaiotako atzelariak.

Hori bai, aurrean laguntza ederra izan du, profesionaletan leku bat egiten hasia den Aitor Elordi mallabitarrarekin. Jaialdietako lehen edo hirugarren neurketa asko pilatu ditu azken bizpahiru urteotan eta agian horrelako txapelketa batean aldarrikatzea falta zitzaion.

Txapela irabazteak, esaterako, beste sona bat emango lioke, baina badaki ez dela lan erraza izango. «Bete-beteko partida izango da. Gogorra. Beraiek oso gutxi oparitzen dute eta tantoa sartu egin behar zaie. Horregatik atzean egon liteke gakoa. Dominatzen duen atzelariaren bikoteak tantoa amaitzeko aukera gehiago izango ditu», aztertu zuen aurrelari bizkaitarrak.

Datuek ere halaxe diote. Final-laurdenetako ligaxkan bizkaitarrek 22-17 galdu zuten, baina orduan Iturriagak jokatu zuen Salaverriren ordez. Finalerdietan, aldiz, bizkaitarrak nagusi 18-22. Berdinketa larunbatean apurtuko da, eta saria ezin liteke gustagarriagoa izan.

Eneko Labakak Garferekin sinatu du

Garfe enpresa errioxarrak jakinarazi duenez, Eneko Labaka aurrelari gipuzkoarrak beraiekin jokatuko du aurtengo udan. Albizturreko pilotaria afizionatu mailan azken urteetan egon den aurrelari onenetakoa izan da, baina Aspek eta Asegarcek ez diote profesional mailan aritzeko aukerarik eman. Orain gutxi Baikorekin debutatuko ote zuen zurrumurrua ere zabaldu zen, baina azkenean Garferekin sinatzea erabaki du 25 urteko pilotariak.

Garfek bere prentsa oharrean aipatzen duenez, Iker Taintaren hutsunea betetzeko aurrelari baten bila zebiltzan, eta Eneko Labakarena aukera egokia iruditu zaie. Printzipioz abendura arte egin omen diote kontratua.

Garfe bere Binakako Txapelketan buru-belarri sartuta dago eta parte hartzaileen artean aurpegi ezagun ugari dago: Uriona-Bergera, Titin III-Merino II, Santxo-Urruzola, Elizalde-Beroiz, Urbieta II-Merino eta Prado-Irusta. A.A.