Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Agendaren kontuaz

Udaberrian sartu berri eta, hara!, udako ikastaroen usaina jada airean! Edo hatsa, batek daki! Nork bere sudurra… eta sudur bakoitzak bere mukiak! Total, are hats gehiago hauteskundeen zurrunbiloan sartuak garen honetan. Neanderthalak eta guzti ageri zaizkigu kanpainan, zeharka, abortuaren harira… Hamaika entzuteko gara gero! Amen! Abortatzea aspaldidanik libre izan balitz gaur ez legoke hainbeste jendaila mikrofono aurrean berbati, 40 graduko paraleloko politikaren zabortegian sikiera. Ama, ama, hemengo hautetsontziak erabili beharko hango hitzontziak isilarazteko…

Tira, boto-arrantzaren harira! Boto balioduna helburu. Eurena, jakina! “Euskadik mugiarazten gaitu. Zurea, gurea” lelodunena. Euskadik mugiarazi? Bai zera, horretarako epizentroa ez ezik hipozentroa bera ere beharko zen hemen berton, eta euskal failak! Hipozentroa urruneko 40 paralelo hartan denean hemengo epizentroa hangoaren sukurtsala baino ez da, izatekotan; hango failek mugitzen baikaituzte! Bai, euskal plaka behar dugu, propio, norabide eta tentsio librean.

Hortaz, euskal agenda gora eta behera; kontua ez da hemengo agenda zelan defendatu han, hango agendatik zelan libratu, horixe kontua. Horretaz beharko kanpainan berba, kontu kontari, kantu kantari baino. Hangoa gaur-gaurkoz beharrezko kanpo-zooma bada ere, nire begien ikuskerarekin behinik behin, hemengo angeluhanditik ikustekoa izan behar da; eta ez alderantziz, hori miopia da eta! Eta badakigu… itsuen erreinuan, pulpitua nagusi!

Hortaz, egin dezagun klika! Mugitu nahi? Egin dezagun korrika, arnasa hartu ere, eta hausnartu etengabe, geroa ez baita idatzia! Ezelan ere ez! Gure Esku Dagok esana berri du: ezer segurua ez denean, dena da posible. Ordutegia aldatzea ez dago gure esku, baina gure eskumenen egutegia geurean beharko!