2019/04/01

IñAKI VIñASPRE
2019KO ARABAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

Arabako txapeldun berria ez da bere lehengusua, beste bost finalisten senide bat baizik. Pozik dago, baina pozik legoke beste batek txapela jantzita ere. Izan ere, beste edonork irabazita bere lehengusu batek irabaziko balu bezala poztuko litzatekeela esana zuen. Bere eta beste bost finalisten lanez dihardu bere hamabosgarren finalean jendeari zor zion txapela lortu duen abetxukuarrak.

«Bertsotan gauzarik ederrenetako bat da ondoan daukazuna laguna dela»
Xabier IZAGA|gasteiz
0401_kul_vinaspre

Lo gutxi egin du, baina ondo, lehenengo ospakizuna egin ondoren. Gogo onez hitz egiten du, luze, presarik gabe, gustura entzuteko moduan. Finalaren errepasoa egin dugu bazkalaurrean, zenbait bertsoren oihartzuna oraindik gogoan.

Garaia zela kantatu zenuen txapela eskaintzerakoan. Hala esan zizun Manexek ere lehentxoago, eta jendearen txalo zaparradak.

Bai, hunkitzekoa izan zen. Egia esan, txapelketa aurretik jende askok esaten zidan Arabak txapel bat zor zidala, eta nik sentitzen nuen nik zor niola txapel bat jende horri guztiari, azken urteetan hor egon direnei.

Esana zenuen txapelduna edozein izanda ere, denok pozik irtengo zinetela. Hala dirudi, edo bestela oso aktore onak dira besteak. Oihane nabarmen hunkituta, Manexen eta besteen poza ere benetakoa…

Bai, nik uste dut denok poztu izan garela beste norbaitek txapela eraman duenean, azkenean familia txiki bat garelako; eta bertsotan ere askotan ibili izan gara elkarrekin eta elkarrekin prestatu izan dugu txapelketa bera. Guretzat ondokoak irabaztea zure gertuko norbaitek irabaztea bezala da, ez da zure aurkaria. Nik uste dut bertsotan gauzarik ederrenetako bat hori dela, ondoan daukazuna laguna dela, nahiz eta gero puntuazioetan gorago edo beherago egon, elkarrekin egin behar dugu saioa.

Niretzat plazer bat izan zen horiek oholtzan presente egotea ere. Beste batzuk egon izan balira ere gustura egongo nintzatekeen. Aroa egotea, Peru, Manex, Oihane, Xabi. Niretzat berezia da final ezberdin batean txapela eraman izana.

Finalaren aurkezpenean oso lasai agertu zineten denok. Nola pasatzen dira finala arteko egun horiek?

Ni, egia esan, aurten nahiko lasai ibili naiz, esku artean beste gauza batzuk ditudalako, agian. Ez dut arreta gehiegi jartzeko denborarik eduki. Tira, txapelketak tentsionatzen zaitu, pozten zaitu, motibatzen zaitu asteburuaren zain bazaude, baina beste hamaika kezka edukitzeak laguntzen du haren neurria jartzen edo garrantzia ematen.

Eta egun hori, ordu horiek?

Nik badaukat nire errutinatxoa finaletan. Azken urteetan egin izan dut eta ez dit funtzionatu [barrez], baina aurten ematen du baietz. Normalean goizean aretoa ikustera joaten naiz, Principalera, pixka bat zentratzen laguntzen didalako, nire ustez. Gero lagunekin elkartzen naiz bazkaltzeko, eta ez da gehiegi hitz egiten txapelketaz eta puntuaketaz, animoak eta gauza horiek bai, baina bestelako elkarrizketak ere edukitzen ditugu eta oso gustura. Aurten gainera oso eguraldi ona egin zigun.

Zer iruditu zitzaizun saioa, oro har?

Nik esango nuke oro har oso saio ona egin genuela, ez bakarrik nik. Aroa oso ondo ikusi nuen bere lehenengo finala izanda; Peru ariketa guztietan ondo ibili zen, baina pare bat ofiziotan izugarri ondo; Xabi Igoa oso zentratuta ikusi nuen, eta gero puntuazioek ere erakutsi zuten bazela hautagaia; Oihane ere berea ematen eta ondo zentratuta ikusi nuen; Manexen kasuan, azkenik, bere umorea ikusi genuen bai neoprenoaren gaiarekin [binaka, seiko motzean] eta bai txoriarenean [buruz burukoan], eta hori gustatzen zaigu.

Aroak, trabatu zenean, kikildu beharrean buelta eman zion egoerari, gerora puntuazioan ordaindu zuen arren.

Ez da erraza izaten hainbeste jenderen aurrean erortzen zarenean, eta berak azkar batean buelta eman zion eta izugarria izan zen nola: medikuarenera joan denarena egiten ari zela bertsoarekin trabatu eta hitz-totela dela esanda. Bertsoa goitik bera aldatu eta beste ideia batekin, momentura egokituta. Bertsotan hori eskertzen da gehien, momentukoa izatea, nolabait. Eta hortik aurrera oso ondo aritu zen.

Nik, hala ere, goraipatuko nuke ez Aroaren finala bakarrik, baizik eta finalera heldu bitartean zer txapelketa serioa egin duen ere.

Xabi Igoa ere hautagaien artean ikusten zenuela diozu. Gaztea da, baina heldutasuna erakutsi zuen, ezta?

Bai, bai. Ez zen Xabiren lehenengo finala eta uste dut berak ere finalean nola egon nahi duen erabakita etorri zela eta saiatu zela behintzat bere onena ematen. Imajinatzen dut denok bezala edukiko duela momenturen bat «hau egin behar nuen, bestea bota behar nuen…» pentsatzen duena. Beste saioetan ere… Legution finalaurrekoetan ikusten egon nintzen eta egin zuen oso saio ona, ondo zentratuta, akatsik egin gabe, goitik behera…

Eta zu zerbaitekin ez zinen gustura gelditu?

Begira, ni puntu erantzunekin ez nintzen gustura geratu, baina bestela, esango nuke ofizioka erantzuten ibili nintzela, eta uste dut jendeak hori eskertzen duela, eta guk ere bai. Bakarkakoan ere, ez dut esango beste munduko lanik egin nuenik, baina gustura gelditu nintzen egindakoarekin.

Nahiko erregular ibili zinen hasieratik, txapelketan sartuta. Hala ematen zuen behintzat.

Bai. Aurten txapelketa bera ere beste modu batean hartu dudala esango nuke. Nik ikusten nuen, eta ikusten dut, gazteak oso maila onarekin datozela, ez bakarrik finalean egon direnak. Paula Amilburu eta Aitor Ugarte, adibidez, zazpigarren eta zortzigarren geratu dira. Oso fuerte datoz, eta asumituta neukan posible zela edozein ez sailkatzea hurrengorako. Beraz, ez final barruan bakarrik, baizik eta finalaurrekoetan ere, asumituta neukan sartzea aukera bat zela eta horren bila joan behar nuela, baina bestela ez zela ezer gertatzen, eta finalera ere jarrera horrekin joan nintzen, zentratuta, ahal nuen onena egin eta batez ere saioa gozatzera. Banekien finala oso berdinduta zegoela, maila ona, saio polita egingo genuela seion artean, eta txapelduna zortea izateak eta pixka bat hobeto asmatzeak erabakiko zutela.

Buruz burukoan salto bat nabaritu zen. Bai zuk, bai Manexek gora egin zenuten.

Bai. Bertsolariok buruz burukoa jokatuko dutenak zein diren jakiten dugun arte bost minutu edukitzen ditugu, eta sartu ginenean oso argi geneukan gutako edozeini tokatu ahal zitzaiola, baina komentatu genuen finalari bukaera eder bat eman behar zitzaiola. Nik ez nuen Manexen bakarkakoa entzun, baina uste dut ofizioka egin genuen lana polita izan zela eta jendeak eskertu zuela biok umoretik egitea.

Joan den astean GAUR8ko elkarrizketan ideiaren menpekoa izatearen arriskua aipatu zenuen. Kartzelakoan ederki eutsi zenion ideiari, hirugarren bertsoarekin lana borobilduta.

Familia ohitura bat aldatzea erabaki nuela entzun nuenean, alarde mistoaren ideia etorri zitzaidan burura, uste dudalako garaiak aldatu diren arren, ohitura batzuk aldatzeko ditugula, eta alarde mistoaren alde egin behar dugula, horregatik bukaeran esan nuena berriro sinatuko nuke… Ez naiz ondo gogoratzen… «iraultza ez da lortuko denon artean ez bada», ez? Uste dut ohitura batzuk aldatu behar direla, hobera joateko azkenean.

Ideiek bi arrisku dituzte: bata, ideia on bat ez etortzea eta nondik heldu ez edukitzea, eta bigarren arriskua izan daiteke ideia bera oso potente izatea eta hortik aurrera zer kantatuko duzun asmatu beharra.

Azkenik, bertso munduko bi lagun presori eskaini zenien txapela.

Iratxe Yañez bertso eskolan ibili zen. Nik geroago ezagutu nuen, baina Bertsozale Elkartean inurri lana egiten jarraitu zuen, eta hor izan da beti. Ekaitz Samaniegok bertso eskoletan sekulako lana egin zuen bai umeekin bai gazteekin. Iratxe eta Ekaitz niretzat bertsoaren munduan asko eman diguten bi pertsona dira, kendu dizkigutenak. Eta uste dut merezi zutela, batetik, ezin izan direlako gurekin egon azken finaletan, eta, bestetik, bertso munduan lan egin duen jende askoren ordezkari direlako.

Horientzat txapela, baina beste hainbat ere aipatu zenituen: bertso eskola, Lierni Altuna, familia…

Nik badakit horiekin zorra daukadala nolabait. Beti eduki ditut ondoan; orduan, kitatzeko modu bat izan zen, baina sentitzen nuen txapelak Ekaitz eta Iratxerentzat izan behar zuela, badakidalako biei ilusioa egingo diela eta biek eskertuko dutela, eta, batez ere, biek merezi dutela.

Nik uste dut denok poztu izan garela beste norbaitek txapela eraman duenean, azkenean familia txiki bat garelako
Kartzelakoan alarde mistoaren ideia etorri zitzaidan, uste dudalako garaiak aldatu diren arren, ohitura batzuk aldatzeko ditugula