Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Igogailu soziala

Pikettyk 2013an iragarri zuen legez, igogailu soziala hautsi da Europan. ELGEk eta Alcalako Unibertsitateak diotenaren arabera, Europan XX. mendeko gerretatik ezezaguna zen egoera batera bueltatu gara: gure heziketak, gaitasunak eta ahaleginak gero eta zerikusi gutxiago daukate gure lanpostu eta ondoriozko maila sozioekonomikoarekin. Lan merkatuan aurkitzen dugun lekua gure jaiotza-ezkontza familiaren maila sozioekonomiko eta filiazio politikoak determinatzen du, beste ezeren gainetik. Eta espainiar Estatuko datuak beldurgarriak dira: errenta maila baxuko familia batean jaioz gero, 120 urte behar dira, batez beste, erdi mailako errentara heltzeko. Bestalde, gerente baten bi semeetatik bat gerentea da. Familia nobleen, afiliatuen eta jopuen Erdi Arora bueltatu gara.

Jendarte baten postu klabeetan nor dagoen familiak eta entxufismo politikoak determinatzen dutenean (herentzia material eta ez-materialak), talentuak migratzen du. Daukagun aberastasunari erabilerarik ematen jakin ez eta oparitzen ari gara. XIX. eta XX. mendeetan burdina oparitu genuen, manufakturatu beharrean, eta orain gure historiako belaunaldirik formatuenak oparitzen ditugu. Herri bezala existitzen jarraitzeko, dauzkagun baliabiderik behinenen babeserako, giza baliabideen politika nazionalak agenda politikoan behar luke. Adibidez, Kent-eko (Erresuma Batua) edo Finlandiako egungo osasungintza ulertzeko ezinbestekoak dira gure zergen bidez goi mailako heziketa jaso, gurean lanik aurkitu ez eta bertara joandako euskal gazte migranteak. Aldi berean, Osakidetzan protestak daude giza baliabideen urritasuna dela eta. Eta bitartean EAJ eta PSE euren karnetdunak entxufatzera jolasten dabiltza. Gainerako arloetan baino disimulu gutxiagorekin, Darponen dimisioa ikusita.

Irtenbide zaila du kontuak; norbere seme-alabengan sinistu eta euren ametsak betetzen lagundu beharrean, herriko boteredunen sinpatia lortzen irakastea eraginkorragoa dela uste duten gurasoen zerupe honetan.