Hitzontzi baten begietatik
Bere buruari hitzontzi deitu dio Edu Zelaietak eta mundua arabarren begietatik janzteko betaurrekoak erantzi gabe osatu du «Mundutik mundua» saiakera laburra. Hainbat urtetan Euskal Herriko hedabide desberdinetan argitaratutako berrogeita hamar artikulu/kronika batu ditu eta guztiei luzera zein estilo literario berbera erantsi die. Karmele Jaiorena da hitzatzea, bere kroniken kronika, eta Eneko Ugarterenak kronikatuen bisaiak.

Hitzontzi deitu dio bere buruari Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973), «gupidarik gabe», “Mundutik mundua” saiakera laburra osatzerakoan. «Isuri ditudan esanek ez didate mihia lehortu. Arabako hitzontzi ahaldun bat naiz», azaldu zuen atzo Donostian Pamielarekin argitaratu duen saiakera laburra aurkezterakoan.
“Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak” alfabetikoki ordenatutako berrogeita hamar kronikaz dago osatuta, guztiak aurreko urteetan Euskal Herriko hedabideetan publikatutakoak. «Bi orrialdeko luzera du bakoitzak. Simetria literarioa mantendu nahi izan dut eta testu batzuk neurri horretara moldatu ditut».
Badu sarreran hitzaurre bat, berak idatzia, eta bilduma zergatik osatu duen azaltzen du. Arrazoi nagusia, hona: Araba dela testu guztiak lotzen dituen haria. Eta amaieran, hitzatzea, Karmele Jaiok idatzia. Beste arabar bat, beste babazorro bat, «nahiz guk ez izan zorroekin zerikusirik, eta bai babekin, baba ugari ereiten baitzen Araban garai batean». Berea da errealitatearen berrirakurketa, edo Zelaietaren kroniken birkronika.
Esan bezala, Araba da bilduma honetako kronika guztiak harilkatzen dituen hari nagusia. «Munduaz ari diren kronikak dira, nik ikusten dudan munduaz, Arabaz. Kosmopolitismo hanpaturik gabe. Euskal Herritik Euskal Herriaz, hori baita mundutik munduaz hitz egitea».
Zelaietaren aburuz, unibertsaltasuna ez da abstrakziotik sortzen, istorio lokaletatik baizik. «Iruditzen zaigu XXI. mendean pertsona bereziak garela, baina funtsean gure kezkak, minak, bertsuak dira». Gasteizko Salburua auzoan ei du bizilekua idazleak eta etxetik ikusten ei du Olarizu. Anekdotatan sartu zen. Errealitatea ukatzen duten anekdotatan. «Wordean bi hitzok idazterakoan, Salburua eta Olarizu, Xuxenek –euskarazko zuzentzaile digitalak– akats ortografiko modura markatzen ditu. Proba egin nuen gero Donostiako Gros eta Sagues idatziz, eta haiek Xuxenek onartu egiten ditu. Horrek ematen du neurri bat Arabak zer leku duen eta ez duen. Metaforara jo gabe, nik Olarizu ikusten dut eta ez da ortografia akats bat, ezta Salburua ere».
Orotara 65 testuren gaineko hautaketa egin zuen Edu Zelaietak, baina interesekoa zuen atzerrian bizi zen arabar euskaldun baten begirada. Joxe Carrerasengana jo zuen, aspaldian Irlandan bizi den laguna. «Bere begirada baliatu nahi nuen eta mandatu bat eman nion, aukeraketa bat egin zezan, mundutik mundua ikusteko estetika hori baduelako. 65 testutatik 50era jaisten lagundu zidan berak».
Bi helbururekin osatu du bilduma Zelaietak. Batetik, estetikoa dago. «Kronikak kazetaritza girotik badatoz ere, literatura izaera bat badute». Eta bestetik, gogoetazkoa.
Bidean, askotarikoa den paisaia bati begiratzen dio idazleak, biñeta modura egindako proposamenetan. Badago protagonista heldurik, haurrik, poz eta saminik, euskal girotik eta bestelakotik... Baina badira bi gai liburua hasieratik amaierara zeharkatzen dutenak: aitatasunarena eta immigrazioarena. «Batzuetan autobiografikoki, bestetan literarioagoki».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
