Ane URKIRI ANSOLA
ELA

IRAGARRITAKO ALDAKETA BERRETSITA

ELAREN EZOHIKO BATZAR KONFEDERALAREN AMAIERA HASIERATIK IRAGARRITA ZEGOEN: MITXEL LAKUNTZAK HARTUKO ZUEN ADOLFO MUñOZEN LEKUKOA. BERRESTEA FALTA ZEN ETA 668 BOTOREKIN BAIEZKOA GAILENDU ZEN, BOTOEN %95 ALDEKOAK IZANIK. AUTOGOBERNUA, PREKARITATEA, DEMOKRAZIA ETA JUSTIZIA SOZIALA DIRA BERE LAN-ILDO NAGUSIAK.

Ekitaldi baten amaierako emaitza jakina denean –zenbaki bat gora, zenbaki bat behera–, zer kontatu? Nobedade gutxi, hori argi dago, baina hori ez da ezerezaren sinonimo. Detaile txikienek ere bai baitute beren garrantzia. Agian, eta barka atrebentzia, are gehiago emaitza ezaguna denean.

«A ze astuna guztiak agurtzea!». Urteberri egunean behin baino gehiagotan pentsatu izan duguna. Bada, urtea hasi eta lau hilabetera ere entzun zen kexa hori. Eta badu arrazoirik. Ulergarria da ekitaldi batean 736 militante-kide batzekoak direnean eta hasi aurretik Kursaal parean edo Donostiako kafetegi batean etengabe elkar gurutzatzen ari direnean.

9.00etarako jendez leporaino zegoen Kursaaleko ate ingurua. Lehen begiratu batean, gazteak ziren nagusi, nerabeak zehatzago izate aldera, “Zuk zeuk eguna” ekitaldiaren partaideak. Begiak apur bat zabaldu, eta Gipuzkoako zahar-egoitzetako kamiseta moreak ikustea argia ikustearen parekoa izan zen. Martxoaren 8a datorkit gogora, herrian, Mutrikun, langileek, kamiseta hori soinean, bat-batean mikrofonoa hartu eta aldarrikapenak bertatik bertara kontatu eta lau haizeetara aireratu zituztenekoa; izan ere, langile mordo bat hainbeste urtez greban ikusi eta askotan beste aldera begira jartzen gara.

Horregatik, Adolfo Muñoz Txikiren agurreko hitzaldiaz gain, hunkigarria izan zen indarrean dauden grebak zerrendatzea. 40 egun dira jada Gipuzkoako zahar-egoitzetakoek greba abiatu zutela, 200. greba eguna gainditu dute Gipuzkoako epaitegi eta komisarietako garbitzaileek eta Ubik-Tabakalerako bitartekariak azken 105 egunetan geldirik egon dira.

Hiru adibide horiek ekarri zituen gogora Mitxel Lakuntzak ELAren ezohiko biltzar konfederala Donostian zela aprobetxatuz, baina aurretik ere –Lakuntza hitz egiten azkena izan baitzen– Leire Gallegok, kongresuko mahaiko presidenteak, hainbat borroka aipatu zituen: etxez etxeko beharginena, ikastetxe publikoetako jantoki eta garbiketakoena eta gizarte ekimeneko itunpeko irakasleena, besteak beste.

«Berdea da more berria» esaldiak ere ezinbesteko garrantzia hartu zuen Kursaaleko areto nagusian. 10.00ak baino minutu batzuk lehenago hasi zen diskurtsotik Lakuntzak 14.00 aldera bukatu zuen hitz-hartzeraino grebaren funtsezkotasunaz aritu baitziren.

Bai, lau ordu pasatxo horretaz hitz egiten. Beti ere, prekaritatea, autogobernua eta justizia sozialak lagunduta, alegia, atzoko saioan bozkatu beharreko hiru ebazpenen ildo nagusiak, alajaina. Guztiak, jakina, gehiengo osoz babestuak izan ziren, eskua altxatuz. Atzoko jarduera nagusia, gogoratu behar da, bozketa izan zela.

«Kito, bozkatu dut! Erraza izan da», zioen barrez ordezkari batek. Idazkari nagusiaren eta Batzorde Eragilearen inguruko botoez ari zen, sekretupeko botoak. Bertan, kargu nagusirako hautagai bakarra zen Mitxel Lakuntza eta batzordean Maialen Aranburu zen aurpegi berri bakarra. Txiki Muñozen karguak ordezkatuko dituzte aurrerantzean.

«Indar betean»

Muñozek azken 11 urteak igaro ditu ELAko idazkari nagusi gisa eta 17 urte zituela hasi zen sindikalismoan. «Orain ez da ohikoa gazteak ikustea», bota zuen agurrean. Hunkituta bukatu zuen, aurretik Amaia Muñoa kideak eskainitako esker hitzak lagun. Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” abestiaren zati bat irakurtzen bukatu zuen idazkari nagusi ohiak: «Batek goserik diraueno, ez gara gu asetuko; bati inon loturik deino, ez gara libre izango».

Autogobernuaren eta grebaren aldeko diskurtsoak hitzez bakarrik ez, kantuekin ere islatu zituzten, musika doinuekin hasi baitzen iragarritako amaiera zeukan ekitaldia. «Odoletan hasi naiz orain, putreak zain ditut», bezalako esaldiekin eman zitzaion hasiera eta hitzaldi batean baino gehiagotan errepikatu zuten «kritikatuak» izan direla, «iraultzaileak izan garelako».

Txiki Muñozek ziurtatu zuen 43 urtean ez direla aldatu, inguruan neoliberalismoa hazi den bitartean: «Gure herriaren subiranotasuna eta eredu sozial alternatibo bat defendatzen dugu».

Aurpegi nagusia berritu zuten, baina «errelebo onena gazte eta emakume gehiago ikustea» dela esan zuen Muñozek. Eta egia da izena baino ez dela aldatu, Lakuntzaren diskurtsoak Muñozenetik edaten baitu. Urduri zegoela zioen nafarrak, baina tinko ageri zen agertokian. Sindikatu feminista eraikitzea eta ahalik eta eraginkorrena izatea ditu erronka. Aliantzez ere mintzatu zen, sindikatu zein gizarte eragileen artekoez.

ELA «indar betean» dagoela diote. Horixe zen atzoko leloa eta pozik zeuden, hauteskunde sindikaletan %41,40ko ordezkaritza lortu baitute EAEn. Baina euskal sindikalismoa ahulduta dago LAB eta ELAren arteko liskarrengatik. Hori ere onartu zuten atzo.

Honi buruzko guztia: ELA