Imanol CARRILLO
Txapeldunen Liga

Tottenhamen zelai ikusgarri berria estreinatuko du Cityk

Amets egin nahi duen taldeari bisita egingo dio gaur gauean faboritoak.

Lau aste, hilabetea, igaro da Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzulerako neurketak jokatu zirenetik. Zale askorentzat, gehiegi; beste batzuentzat –futbola hain gogoko ez dutenentzat–, gutxiegi. Ukatu ezin dena da gaur gauean (21.00) jokatuko diren bi partiden artean Tottenham eta Manchester Cityrena izan daitekeela, hasiera batean, jardunaldiko erakargarriena.

Ingalaterrako bi talderen arteko talka ikusi ahal izango da; Premier Leagueko bigarren sailkatuaren, Manchester City-ren, eta hirugarrenaren, Tottenhamen, arteko lehia. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, Londresko taldeak bere zelai berria estreinatuko du Europan: 62.062 ikuslerentzako tokia duen Tottenham Hotspur Stadium izenekoa White Harte Line ordezkatzen ari da jada Ligan.

Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaileak adierazi duenez, zelai berrian jokatzeak ez du partidan eraginik izango. Bere taldea Txapeldunen Liga irabazteko faboritoetako bat da. Klubean diru arabiarra sartu zenetik, finalerdiak dira taldeak lortu duen saririk onena, eta Manuel Pellegrinirekin izan zen. Guardiolarekin, iaz final-laurdenetara iritsi zen taldea, baina Liverpoolek kanporatu zuen; eta 2017an final-zortzirenetan egin zuen kale Monacoren aurka.

Oraingoan, aurkari ezaguna izango du. Mauricio Pochettinok ez du baja garrantzitsurik izango. Harry Kane –5 gol sartu ditu aurten Europan–, Heung-min Son eta Dele Alli jokatzeko prest daude. Cityn, aldiz, duda nagusia Sergio “Kun” Aguerorena da, baina bere tokia Gabriel Jesusek hartuko luke ziur asko.

Liverpool-Porto, beste partida

Harrigarria bada ere, zortzi talderen artean lau ingeles geratzen dira oraindik bizirik Txapeldunen Ligan, eta gaur gaueko beste neurketan Liverpoolek jokatuko du. Porto portugaldarra izango dute aurkari Anfielden iazko txapeldunordeek.

Jurgen Kloppen taldeak, Premier Leagueko liderrak, faborito gisa ekingo dio kanporaketari. Baina arretaz jokatu beharko du, engaina dezakeen taldea baita Porto. Portugaldarrak, Iker Casillas eta Pepe eskarmentudunekin, talde-faseko onenak izan ziren eta final-zortzirenetan Roma kanporatu zuten.