Maite UBIRIA BEAUMONT
Hilberria

Herriaren garapena eta lurraldearen aitortza, bizi-ardatz

Aurresku bat eskaini zioten Auzapezen Biltzarreko kideari 2007an, erakundearen buruzagitza utzi zuenean. “Agur jaunak” abestu zioten, bueltan, konklabe horretan berarekin batera jardun zuten hautetsiek.

Atzo itzali zen 72 urteko gizonak bide franko zabaldu eta hainbat arrisku hartu zituen. Urte zailetan Iparraldearen aitortza instituzionala babestu zuen, eta horregatik, beste biltzarkideekin batera, prefetak auzia zabaldu zion.

Demokrazia parte-hartzaileari bide emanez, herri hautetsien laguntzaz –eta hiri handienetako agintarien iritziari aurre eginez–, sinadura bilketa eta kontsulta tresna gisa hartu zituen Batera plataformaren jardunari txapel ofiziala eskainiz.

Euzkadi jatetxeko jabea 1989an hautatu zuten Ezpeletako auzapez, eta ondoko urtetan buru-belarri jardun zuen, 2000an bertako piperrak sor-marka lortu zuen arte. Handik aurrera Ezpeleta mundu osoan famatu izateaz harro agertzen zen auzapeza.

Ekintzailea izan zen, kategoria hori asmatu aitzin; bai Herrikoa kreditu sozietatea aitzineratuz, bai Goazen turismo klusterra bultzatuz.

Emaitza askoz apalagoa bildu zuen Elgar-Ensemble alderdi zentrista sortu zuenean, eta, azken urteetan, eritasunarekin borrokan zelarik, armagabetzearen aldeko eta presoak etxeratzeko ekimenak babestu zituen.

Atzo, Twitter bidez, ertz guztietako ordezkariek azaldu zioten begirunea Darraidou jaunari. Astelehenean jasoko du azken agurra.