Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Ikasle/haurrak Facebook-en

Oso ohikoa da, gaur egun, eskola eta ikastolek webgune eta sare sozialetan haurren argazkiak argitaratzea. Suposatzen dut zentroaren beraren zabalkunderako interesari erantzuten diola. Eta ez diola erantzuten argazkiak gurasoengana iristeko nahiari. Ezta haurraren interesari ere.

Haurraren irudia, ordea, bere datu pertsonal bat da. Eta hortaz, bere erabilera datu pertsonalen tratamendua arautzen duten legeen pean dago. Eta horregatik, legeak hala dioelako, ikasturte hasieran gurasooi baimena eskatzen zaigu, oso modu orokorrean, normalean: ez zein diren kanalak; ez helburu zehatzak; ez zein diren ezezko baten aurrean hartzen dituzten neurriak.

Baimena eskatu behar delako eskatzen dela sentitzen dut nik. Ez haurraren intimitate edo pribatutasunaren kontzientziatik, bederen. Hala balitz, ez bailirateke haurrak erraz identifikatzen diren argazkiak argitaratuko. Ez baita batere zaila beste mota bateko argazkiak ateratzea txango baten berri emateko.

Hori gutxi balitz, oso zabaldua dago honakoa: ezezkoa ematen denean, haurra argazkietatik kentzen dela. Eta horrek haurrarengan sor ditzakeen emozioak ekidin nahian, funtsean, haurra baztertua sentituko den beldurrez, askotan baimena ematen da. Berez, gisako ezezkoen aurrean, zentroa haurra baztertuko ez duten mekanismoak erabiltzera legez behartua dagoenean –esaterako, taldeko argazki orokorrak aterata edo bere aurpegia pixelatuz, horrela bere identifikazioa saihestuz–. Halere, etxe gehienetan kezkarik sortzen ez duen gaia dela esango nuke. Eta ez naiz urrun ibiliko, zentro bakoitzean ezetza eman duten etxeen zerrenda bi eskurekin konta daitekeela esaten badut.

Faltan sumatzen ditut gai honen gaineko zentroen erabakiak. Sare sozial, webgune eta bestelako kanal digitalen erabileraren helburu eta irizpideen politikak. Zein kanal, zertarako, eta nola. Legeak lege, haurraren intimitatearekiko eta gurasoen erabakiekiko errespetua dagoelako muinean. Eta gurasoen ezezkoen kasuan, haurra sareko argitalpenean soilik tratatu behar delako ezberdin. Ez bestela.