Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
JON ARRETXE
IDAZLEA

«Pertsonaia oso gurea da, gurean Toure pila bat daudelako nonahi»

Euskal Herriko idazleen artean emankorrenen artean dago Jon Arretxe (Basauri, 1963). Narrazioak, saiakerak, haur eta gazte literaturako lanak zein bidaia liburuak idatzi baditu ere, nobela beltza du gustukoen. «Ez erran deus» lanean Toure detektibearekin egingo dugu topo beste behin ere.

Toure gizajoak jasaten dituen egoerak ikusirik, pentsatuko genuke bere sortzaileak, Jon Arretxek, ez duela maite. Baina, kontrara, oso gustura sentitzen da Afrikatik etorri eta Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu zuen detektibe beltzarekin, eta jada bera protagonista duen seigarren nobela du esku artean, “Ez erran deus” (Erein).

Nolatan eraman duzu Toure hiritik herrira?

Nik beti esan izan dut ez nuela inoiz rural noir estiloko nobela bat idatziko. Nobela beltzari buruzko mahai inguruetan ibili izan naiz Estatuan, eta hiri giroko nobela beltzaren ordezkari gisa deitu izan naute beti. Irakurle moduan eta idazle moduan beti interesatu zait hiri handietako giro ilun hori, jende behartsuena eta baztertuena bizi den ingurune horiek. Herri giro eleberriek inoiz ez naute hainbeste motibatu, baina oraingo honetan nire printzipioak ahaztu, nire hitzak jan eta proba egin dut, aldatzearren. Saga bat idazten duzunean arrisku asko dago nobelak euren artean antzekoegiak izateko. Aurreko bost nobelekin uste dut lortu dudala nahiko desberdinak izatea, eta seigarrenak ere desberdina izan behar zuen.

San Frantzisko auzoan bizi ostean idatzi zenituen Toureren lehen nobelak. Orain Arbizun bizi zara eta Nafarroako herri batean kokatu duzu eleberria.

Nobela bat leku batean kokatu behar badut, leku hori ezaguna izan behar dut. Zenbat eta hobeto ezagutu, nobela sinesgarriagoa izango da. Atzerrian kokatu dudanean leku horretako irakurleak ere kontutan izan ditut, nahiz eta segur aski ez duten irakurriko, noizbait irakurtzen baldin badute pentsatzeko igartzen dela idazleak hiria ezagutzen duela. Hemen iparrafrikar asko daude eta behin, “Tangerko ametsak” irakurri eta gero, tangertar batek esan zidan nabaritzen zela hiria ezagutzen nuela. Niretzako hori pozgarria da.

Orain Nafarroako herri txiki batean bizi naizenez, Arbizun, Nafarroako herri txiki batean kokatu dut. Hori bai, Pirinioetan badaezpada ere, arbizuarrak ez moskeatzeko. Nobelan zintzoa den inor ez dago, Toure bera ere ez. Denak dira zein baino zein kabroiago eta putakumeago. Badaezpada argi utzi nuen Nafarroako Pirinioetan gertatzen dela!

Nora joango da Toure orain?

Argi nuen hau trantsizio nobela bat izango zela. Niretzat esperimentua, erronka, izan da eleberria herri batean kokatzea. Askoz erosoago sentitzen naiz hiri handi batean. San Frantziskoko txiklea gehiegi ez luzatzearren, ez apurtzeko, auzoa pixka bat baztertu eta Europako hiri handietan kokatuko dut hurrengoa. Hiri interesgarri asko daude.

Asto baten heriotza bortitzarekin hasten da liburua. Zergatik hainbeste odol?

Oso argi ditut arau sakratu batzuk, batez ere nobela beltzean nabilenetik: hasierak oso potentea izan behar du beti. Kasu honetan Arbizun egin omen zuten astakeria bat dago oinarrian. Arbizura bizitzera joan nintzenean kontatu zidaten nola astoa poteoan eramaten zuten, nola autoan sartzen zuten, eta behin esan zidaten tipo batek astoari motozerraz moztu ziola burua. Argitxoa piztu zitzaidan eta nobela baten hasiera izango zela erabaki nuen.

Nola moldatzen da Burkina Fasoko detektibea beti arazoz arazo ibiltzeko?

Bere patua da. Berak esaten duen bezala, «nire azala baino ilunagoa da nire patua». Arazo larri batetik ateratzen da eta beste batean sartzen da. Saiatzen da hori konpontzen eta gehiago hondoratzen da, harea mugikorretan bezalaxe. Badirudi azkenean aldatuko duela bizimodua San Frantziskotik alde eginda, baina okerrago dago. Laugarren nobelan deportatu eta Afrikara bidaltzen dute. Han ere okerrago moldatu zen. Pixka bat sadikoa banaiz.

Noizbait utziko al diozu zoriontsu izaten?

Nobela arrosaren generora pasatzen naizenean. Nobela arrosa gorrotatzen du, beraz, inoiz ez. Tourek sufritzen jarraituko du, jarraituko du sadikoa izaten, irakurle askok jarraituko dute nirekin moskeatzen… Errieta egiten didate gizajoa gaizki tratatzen dudalako!

Nobela beltza horrelakoa da, bestela beste genero bat izango litzateke. Egin ahalko nuke poliziakoagoa, baina azpigenero horrek ez nau emozionatzen. Niri nobela beltz, sozial eta gordinak gustatzen zaizkit.

Pertsonaien bitartez gizartea islatzea gustatzen zaizu, beraz?

Egun nobela beltzaren zakua oso handia da, mundu guztia apuntatzen da. Badirudi modan dagoela, jendeak uste du asko saltzen dela, eta gero liburu horiek irakurtzen dituzu eta oso poliziakoak dira. Niretzat kritika soziala izan behar du nobela beltzak. Nire helburu nagusia ez da ezer salatzea, baizik eta liburu interesgarri bat egitea, erritmo bizikoa, irakurlea harrapatzen duena. Baina bigarren helburu bezala bai nahi dudala zerbait salatzea, irakurle zuri akomodatuen muturren aurrean ezagutzen ez duten azpimundu hori jartzea.

«Ez erran deus» pertsonaia batek eta behin bakarrik esaten du. Zergatik izenburu hori?

Ez nuen oso argi zein titulu jarri nobelari. Herri giroa horrelakoa izaten denez –mundu guztiak daki dena, baina inork ez du esaten, gordetako hainbeste sekretu daude–, hori bururatu zitzaidala; ez erran deus, ez txibatu... Baina azkenean denek dakite apaiza nolakoa den. Bestalde, nafarreraren kutsua ere eman nahi nion. Euskararekin ahalegin berezia egin dut, batutik erabat atera gabe, bertako pertsonaien hizkera nafartzeko.

Gertatu omen diren gauza askoren inguruan ibili zara.

Hainbeste gauza esaten dira ez dakizula benetan zer den egia. Aurkezpenean Iñakik [Aldekoa, Ereineko editorea] esan zuen hori bere herrian ere gertatu zela, Oñatin. Beste norbaitek ere esan zidan bere herrian antzeko zerbait egin zutela. Uste nuen Arbizun bakarrik egin zutela. Ematen du zenbat eta astakeria handiagoa egin, orduan eta harroago dagoela jendea.

Zurrumurruekin jolastu dut. Pertsonaien arteko harremanak, abeltzainen artean dauden inbidiak eta gorrotoak, lur mugen arazoak... Hiritarroi txorrada bat iruditzen zaigu, zer inporta dio mugarria hemen egon edo metro erdi bat harago, bada, horregatik jendea ere hil daiteke!

Eta hala ere, umorezko eleberria atera zaizu!

Hori oso ondo egiten zuen Chester Himesek. Arlesko giro gogorrean kokatzen zituen, baina beti umorezkoak ziren nobelak. Irribarre batekin irakurtzen nituen. Umore beltz horrekin jolasten jakitea oso egokia da, eta ni saiatzen naiz. Toureren sagaren barruan nobela desberdinak daude: lehen biek badute umore asko, hirugarrena guztiz gordina da… Oraingoan umore hori berreskuratu nahi izan dut.

Noiz arte jarraituko duzu saga honekin?

Irakurlea aspertu arte. Nik sinisten dut Toure pertsonaian. Oso gustura nago berarekin. Oso gurea da, gurean Toure pila bat daudelako nonahi. Egunen batean iruditzen bazait errepikatzen ari naizela, agortzen ari naizela eredu hori, ez naizela gustura sentitzen, orduan utziko dut. Edo bestela irakurleek esaten dutenean. Momentuz, jarraitzeko intentzioa dut. Hasi nintzenean ez nuen espero seigarren nobelara iritsita hain gogotsu egongo nintzenik.

Liburuak independenteak dira, baina kontuz ibili behar dut oreka bilatzeko. Ezin ditut aspertu aurreko nobeletatik pertsonaiak ezagutzen dituzten irakurleak eta ezin ditut utzi informazio gutxirekin lehenengo aldiz pertsonaiok ezagutzen dituztenak. Hori da, agian, gauzarik zailena.

Urtero liburu berri bat aurkezten duzu. Noiz okurritzen zaizu hurrengorako ideia?

Ideia lanean zaudenean sortzen da. Liburutegi batean sartzen naiz, azkenaldian Altsasukoan ibiltzen naiz; gela bat uzten didate eta gela horretan pasatzen ditut egunean bost ordu, bakarrik. Derrigorrean sortu behar da ideiaren bat. Nire burua behartu behar dut pixka bat bakarrik egotera, tentaziorik gabe inguruan, aspertuta egon behar dut, eta orduan hasten da nire burua funtzionatzen.

Nobela bat bukatu eta berehala dut hurrengoa buruan. Batzuetan oso erraza da, bat amaitu eta nola bukatzen den ikusita nondik jarraituko duen oso argi dagoelako. Beste batzuetan, aldiz, abiapuntua bera ezartzea oso gogorra egiten zait.

Nobela beltza eta bidaia liburuak dira gehien landu dituzun generoak. Besteekin ez al zara eroso sentitzen?

Batzuetan bidaiak kontatzea nahikoa zen istorio interesgarri bat sortzeko. Beste batzuetan fikzioa egiten nuen errealitate horretan oinarrituta. Tartean umorezko hiru ganberrada idatzi nituen, “Ostegunak”, “Ostiralak” eta “Larunbatak”; agian nire libururik txarrenak izango dira, baina gehien saldu direnak dira. Ez dakizu inoiz arrakasta edo porrota izango duzun. Nobela beltzeko dozena bat liburu inguru baditut.

Idaztean eroso sentitu behar dut. Nik ez dakit deserosotasuna disimulatzen. Edo sinisten dut egiten ari naizen horretan edo beste bide batetik jotzen dut. Nobela beltzean atzerriko hirietan kokatutako liburuekin hasi nintzen, bidaia liburu eta nobela beltzaren arteko hibrido bat ziren.

Euskal Herrian gutxi dira literaturaz bizi daitezken idazleak. Nola lortzen da hori?

Produktu txukun bat egin behar duzu. Gero gustuak daude. Batzuk genero beltza maite dute, eta beste batzuek, asko zoritxarrez gure artean, mespretxatu egiten dute. Baina, gainera, zortea ere izan behar duzu. Nik 30 liburu ditut gutxienez, eta oso irakurle fidelak. Eta zortea dut nire liburu batzuk institutuetan erabiltzen direlako. Nik ez dut sekula ezer idatzi adin tarte batengan pentsatuz, haur literaturako hiru liburuak izan ezik.

Badirudi irakasleek nobela beltzotan gai sozialak atzematen dituztela eta batxilergoko ikasleentzat aproposak izan daitezkeela pentsatzen dutela. Nire liburu batzuk klasikoak bilakatu dira ikastetxeetan eta horrek salmenta kopuru bat ziurtatzen du eta hortik bizitzeko aukera errazten du.

Izan ere, erraz irakurtzeko moduko liburuak dira.

Hori egiten dut nire ustez horrelakoa izan behar duelako literaturak. Irakurtzen hasi eta ez badut sentitzen aurrera noala, ez dudala lehenengoan dena ulertzen, ataskatu egiten naizela edo hiztegira jo behar dudala… Horrela ezinezkoa da literaturaz gozatzea.

Irakurle moduan gustatzen zaidana egiten saiatzen naiz. Gazteleraz irakurtzeko ez dut arazorik. Euskarazko egile batzuekin, ordea, kezka sortzen zait, arazoa nik izango al dut? Nire euskara maila da? Euskarazko joskera mortala da, ezin dugu gaztelaniaz bezala idatzi, zeren bestela erritmoa geldotu egiten da eta ulermena zaildu. Gure hizkuntza egokitzen ikasi behar dugu. Esaldi monstruoso batek EGAko ariketa baterako balio lezake, baina ez da praktikoa.