2019/04/14

«Txiribita» erakusketa aurkeztu du Marina Suarezek ARTgia-n

Objektuek betetzen duten lekuaz egin du gogoeta Marina Suarezek «Txiribita» erakusketan. Behinola irudikatutako etxe batetik abiatuta osatu du erakusketa, eta apirilaren 30a arte egongo da ARTgia zentroan.

GARA|GASTEIZ
0414_kul_artgia

Gasteizko ARTgia zentroak Marina Suarezen “Txiribita” erakusketa hartuko du apirilaren 30a arte. Erakusketa aipatu zentroak esleitzen duen eta emakume artisten lana sustatzeko helburua duen #EmART bekaren bidez osatu du Suarezek.

Artistak berak azaldu zuen erakusketaren muina: «Duela urte batzuk aberatsen etxe batean bizi nintzen. Ezinezko etxe batean. Bazter guztietatik eutsiezina izandako bizitza baten gurak dir-dir egiten zuten. Egongelaren aurrean, gainbeherako urteetan errukigabe hazitako lorategi erraldoia ikusten zen. Atarian, eskailera izugarriak goraka zihoazen. Tontorrean estanpatu, flekodun, hegodun eta kordoidun gortina ponposoek igeltsuzko diskobolo bat goresten zuten», gogoratu zuen Suarezek, eta nabarmendu zuen oroitzapen hartatik abiatuta objektu zehatz bat espazio jakin batean kokatzera zerk eramaten gaituen izan duela gogoan erakusketa osatzeko.

«Askotan, baten batek, zerbait nonbait kokatu behar dueneko momentua imajinatzen dut. Haien begirada angelua bilatzen, aukerak, komentarioak, irriak edota barne-dekoratzailearekin izandako eztabaida imajinatzen dut. Adibidez, zer pentsatu ote zuen nire amak alanbrezko tximeleta hura argi-koadroan jartzerako momentuan? Ez zuen ez dekoratzen ez koadroa estaltzen, baina bertan geratu zen pilaturik, egintza estetiko baten emaitza».

Ekintza estetiko hori, Suarezen arabera, «zerbait harrapatzeko beharretik» sortzen da: «Baretzen duen barne grina baten antzerako zerbait da, kezka edo galdera bat agian. Ekintza hori arimatik dator, arimaren edozein definiziotatik alegia. Etxeko monumentu txikiak».

Bide horretan, erakusketan zehar, Suarezek aipatzen duen etxe horretako bazterrak miatzen ditu, gortina luzeak, tximiniak, jacuzzia, hesiak, lorategiko harlauzak... Bere hitzetan, «gauza horiek guztiak hondamenetik, ezintasunetik edota fantasia batetik agertzen ziren».

Fantasiatik eraikitzen

Txiribitak «une batez agertzen diren dirdira harrapaezinak» dira, «ipurtargiak, kokuioak edo planktona. Batzuetan haren ipurdia ikusten nuen hutsetik agertzen, niri begira eta aberatsen etxera bidaiatzen nuen», esan zuen, eta «zirkuen karpak iltzatzeko mailu batekin txikitu nuen. Hondakinetatik fantasiak eraikitzen hasi nintzen, pertsona baten portzelanazko figuratxo bat telebistaren gaineko apalean piramide-oreka perfektuan jartzen den bezala. Horrela bete nuen gela hau».

ERAKUSKETA


«Hondakinetatik fantasiak eraikitzen hasi nintzen, portzelanazko figura bat telebistaren gaineko apalean piramide-oreka perfektuan jartzen den bezala. Horrela bete nuen gela hau».