2019/04/15

Jon GARMENDIA
Idazlea
Ispiluko bi katu

Pour que les autres nous accordent un regard» erranaz oroitzen dut Philippe Geluck “Le chat” komikien sortzailea. Katu famaduna. Besteek noiz begiratuko zain bageunde bezala, inporta zaizkigunek bederen, edo maite ditugunek, eta tartean kolatzen den ezezagun batek edo bestek ere bai, zergatik ez. Bizitza ederragoa bailitzan gu ez garen beste norbaiten begietan islatuta. Luzeagoa zen Gelucken hausnarketa, gure mundu egoistari mintzo zitzaion, eta guk, pertsona arruntok, kristal zirriborrotsuz osaturiko miraila bihurtu behar genukeen jartzen zuen zalantzan, etxeko komunean edonork dukeen ispilu bat adibidez, inoiz edo behin besteek begira gaitzaten. Han begiratzen gara soilik, gure neurria eginak bagina bezala. Denborak aitzina egin arau, eta gizarteko baloreak eraldatzen diren abiadura kontuan hartuz, besteen begiradak axolarik ez didala aitortu dizut, edo behintzat geroz eta gutxiago hartzen dudala kontuan, nitaz erraten dutena ere bai bide batez; eta arrazoiz, egoista nerau bilakatzen ari ez ote naizen aurpegiratu didazu. Bai, beharbada. Inora begiratu nahi ez duten begiak dira nireak, zoko ilunaren beha unatu nintzen aspaldi; argiak ere itsutu egin ninduen. Eskuinean ez dago ezer, ezkerrean ere nekez, baina ahalegintzea eskatu didazu, eta, saiatuko naiz aurrera egiten, zuri begira.