2019/04/15

Jim Reynoldsek beste dimentsio batera eraman du Patagonia

25 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Filtz Royren «Afanassieff» bidea (6a+, 1.550 m) bakarka integralean igo eta jaitsi egin du. Horretarako 15 ordu eta erdi behar izan zituen. Estilo berean jardun zuen Rafael Juarez eta Saint-Exupery orratzetan.

Andoni ARABAOLAZA
0415_men_aperturabikoitza1

Jim Reynolds 25 urteko estatubatuarra da. Eskalatzailea zein Yosemiteko YOSAR erreskate taldeko kidea. Aurkezpen soila dirudi, eta hala da. Baina lerrootara zergatik ekarri dugun zehazten badugu, egoera erabat irauli egiten da. Duela pare bat urte arte, gure ingurumarian Reynolds ez zen batere ezaguna. 2017. urteko urrian orriotan aipatu genizuen Brad Gobright sokakidearekin batera Kapitaineko “The Nose” bidean abiadurako errekorra ezarri zuela: 2 ordu, 19 minutu eta 44 segundo. 23 urte zituen, eta Europako hedabide espezializatuetan muturra sartu zuen.

Bi urte geroago, berriz, gazte honek ahoa bete hortz utzi ditu eskaladaren zein alpinismoaren kolektiboak. Lerroburu nagusian esan dugun bezala, Reynoldsek beste dimentsio batera eraman du Patagonia. Eta hori zergatik? Bada, gai izan delako Fitz Royren ipar horman dagoen “Afanassieff” bide klasiko eta historikoa bakarka integralean igo eta jaisteko.

Marrari begiratzen badiogu aurreratu dezakegu luzea dela oso (1.550 m) eta zailtasun teknikoak (6a+) ez direla azpimarragarriak. Horrela ikusita, badirudi lehen lerroko eskalatzaile askok jarduera hori egin dezaketela, baina, ikusten den bezala, eskalada puruenean oinarritutako aktibitate hori Patagonian lehen aldiz Reynoldsek indarrean jarri du.

Ondo informatutako irakurleren batek esango digu aurrekariren bat badagoela. Eta hein batean bederen arrazoia emango diogu. 2002. urtean, Dean Potter zenak Fitz Royren “Supercanaleta” estilo horretan eskalatu zuen. Baina jaitsi, berriz, “Franko-argentinar” marratik rappelatzen egin zuen. Aldea, beraz, jaitsieran egon da. Eta hori izaera horretako jardun batean eite garrantzitsuena da.

Era batera edo bestera, mundu zabalean hasi da entzuten “free solo mania” kontzeptua modan jartzen ari dela. Ez dugu uste hala denik, bakarka integralean eskalada azpimarragarriak egiten dituzten protagonistak oso-oso gutxi direlako. Agian, jende askok Alex Honnoldek Kapitainen egin zuen “Freerider” bidea du gogoan. Bai, egundoko berri historikoa izan zen; baina Reynoldsena iritsi arte ez dira gehiago egin.

Bederen, argi dagoena da “free solo mania”-ren aldeko apustua egin duena “National Geographic”aldizkaria izan dela; izan ere, bi berri horien esklusiba izan du.

Bestalde, gazte estatubatuarraren aktibitatea luze eta zabal jorratu aurretik, galdera bat zuengana ekarri nahiko genuke. Biak ala biak bakarka integralak izanik, Honnold eta Reynoldsen jardunak alderatu al daitezke? Bada, ez. Argi eta garbi. Honnoldek 7c zailtasuneko bide bat eskalatu zuen, baina, agerikoa denez, Kapitain oinez jaitsi zuen. Reynoldsek, aldiz, 6a+ gradua duen marra bat igo eta jaitsi egin du. Bi pareta, bi zailtasun eta bi jarduera ezberdin dira. Horretaz gain, agian, Honnold gai izango da Reynoldsen jarduera egiteko; baten batek dio “oso erraz” egingo lukeela. Askoz ere zailagoa dirudi Reynolds gai izatea “Freerider” estilo horretan igotzeko. Argi eta garbi dagoena da bi aktibitate historiko direla, eskaladaren munduan dimentsio berri bat ezarri dutenak eta edonork ezin dituenak egin.

Hori guztia esanda, lerrootako protagonistak Patagoniara eginiko bidaiaren nondik norakoak azalduko ditugu. Hiru hilabete egin ditu lurralde horretan, eta plurala sartu dugu ez duelako Fitz Royn soilik eskalatu. Erpin enblematiko horretara joan aurretik, Reynoldsek beste bi orratz estilo berean eskalatu zituen. Rafael Juarezen mendebaldeko ertza (6b+, 700 m) igo eta “Anglo-amerikar” bidetik (6c) deseskalatu zuen. Ondoren, Saint-Exupery orratzera joan eta “Chiaro di luna”-tik (6b+, 750 m) eskalatu eta “Kearney-Harrington”-etik (6a, 400 m) deseskalatu zuen.

Baina inolako zalantzarik gabe, lehen orrialdeak erakarri dituen aktibitatea Fitz Royren “Afanassieff” bidean eginikoa da. Lehenik eta behin, aurreratu behar dugu Patagoniara egin duen lehen bidaia izan dela. Aipaturiko aktibitatea egiteko hamabost ordu eta erdi behar izan zituen. Goizeko 8.30ean hasi zuen; tontorra erdietsi, berriz, arratsaldeko hirurak eta laurdenetan.

Bigarrenean

Aipaturiko aldizkariari eginiko adierazpenetan, Reynoldsek dio bidea ondo baino hobeto aztertu zuela. Krokisa goitik eta behetik begiratu, ñabardura guztiak azpimarratu eta memorizatu zituen. Baina harrigarria bada ere, E egunean, hots, Fitz Roy eskalatu zuen egunean, krokisa ez zuen bizkar-zakuan sartu. Jakin bazekien krokisak asko lagunduko ziola; besteak beste, mistoa, elurra, izotza eta arrokan eskalatu behar zuelako. Horma handia da, zabala ere bai, eta ondo “nabigatzea” ezinbestekoa da.

“Afanassieff” eskalatzeko 6 ordu eta 38 minutu behar izan zituen. 1.550 metroko bidea izateko, azkar joan zen. Hala ere, jaitsieran ez galtzeko, igotzen ari zen bitartean marraren sekzio zailenetan magnesio markak eta harriekin mugarri batzuk jarri zituen.

E eguna joan den martxoaren 21a izan zen. Alabaina, astebete lehenago saio bat egin zuen. Hasi, bai, baina susmo bereziren bat izan eta atzera egin zuen. Nahiz eta “Afanassieff” guztiz ez ezagutu, ekaitzaren arriskua kontuan hartuta, badaezpada ere, soka eta aseguratzeko tresneria eraman zuen. Ez zuen erabili, eta, gainera, hura erabiltzeko aukera gutxi izango zuen; izan ere, arnesa Chaltenen utzi zuen. Bitxia bada ere, akats horretaz menditik jaitsi zenean ohartu zen.

Igoeran ez zuen arazorik izan; bai, ordea, jaitsieran. Batetik, gauak harrapatu zuelako, eta kopetako-argia piztu behar izan zuen deseskalatzeko. Eta bestetik, eskaladan utzitako magnesio markak hezetasunak ezabatu zituelako. Alabaina, erpinaren oinarrira onik iritsi zen.

Era horretara amaitu zen Reynoldsek Fitz Royn eginiko jarduera historikoa. “Etika purua” indarrean jarri zuen, hots, eskalada libre “garbiena”. “National Geographic”-i eginiko adierazpenetan 25 urteko gazteak honako hau azaldu du: «Fitz Royren tontorrean bakarrik egotea sinestezina izan zen. Baina jakin banekien jaitsi behar nuela eta gauak harrapatuko ninduela. Hiltzeko sentsaziorik ez nuen izan, baina nolabaiteko antsietatea izan nuen handik onik atera behar nintzelako. Ia-ia rappelatzeko hautua hartu nuen, baina jarduera hau biribildu nahi nuen. Hori lortu ahal izateko buruari asko eskatu nion. Kontzentrazioa erabateko izan zen».

Galdetu zaio ere, zergatik aukeratu zuen estilo hori, hots, bakarka integralean. Erantzuna honakoa da: «Fitz Royren ‘Afanassieff’ bidea igo eta jaitsi soka erabili gabe hautu oso pertsonala da. Nire kasuan nire artea naturan espresatzeko modu bat izan da. Niretzat bakarkako jarduerek norbanakoaren eta naturaren edertasuna bateratzeko balio dute. Eta era horretara aukera dut arte hobeago bat sortzeko. Zalantzarik ez dut: merezi du».

JARDUERA


Patagoniako erpinean eginiko jarduerak 15 ordu eta erdi eskatu zizkion. Nahiz eta soka eta babesteko tresneria eraman, ez zuen erabili.

 

BESTE BI


Patagoniara lehen bisita zuen, eta han hiru hilabete egin zituen. Estilo berean Rafael Juarez eta Saint-Exupery orratzetan jardun zuen.

JIM REYNOLDS


Joan den martxoaren 21ean, 25 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Fitz Royren «Afanassieff» bidea bakarka integralean igo eta jaitsi egin zuen. Hori egiten lehena izan da.