Einar Galilea Azaceta
Futbolaria

Nire Korrika

Herri oso bat 10 egunez eta gauez mobilizatzeko ahalmena duen Korrikak amaiera izan du nire hirian, Gasteizen. Zoritxarrez, aurten atzerritik jarraitu behar izan dut ibilbidearen nondik norakoa, baina gaur egungo baliabide teknologikoei esker Euskal Herriko errepideetatik gertuago sentitu naiz. Aldez aurretik, nire zorionik zintzoenak antolatzaile, boluntario zein parte-hartzaile guztiei, mundialak zarete!

Nik Korrikan izandako esperientziarik bereziena aipatuko dizuet jarraian. 2017an ospatu zen XX. edizioan lekukoa eramateko ohorea izan nuen ‘Iraultza 1921’ eta ‘Indar Baskonia 1958’-ko lagunek erositako kilometroan. Beste behin ere, mila esker aukera paregabe hura emateagatik.

Momentu hori ebakuntza baten ondoren izan zen eta esku batekin lekukoa altxatzen nuen bitartean, beste eskuan eramandako makulu batek eusten ninduen. Ehun bat metro egin eta animazio taldeen bi ordezkariei luzatu nien lekukoa, errepidearen alde batera egiten nuen bitartean. Oihuak, bengalak, argazkiak… itzela izan zen hura!

Eta orain… zer? Bi aukera ditugu. Batetik, erosoena, atzerako kontaketari ekin diezaiokegu eta bi urtez patxadaz itxaron beste edizio batez gozatzeko. Bestetik, ikusten dudan bigarren aukeran, eguneroko esfortzua eta konpromisoa ezinbestekoak izango lirateke, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hortaz, euskararen babesean egin diren milaka kilometroak bide bazterrean geratu ez daitezen, gure barnean “Klika” egin, petoa jantzi eta lekukoari gogor heldu.