Dabid LAZKANOITURBURU

Ultraeskuina gobernuan ez sartu edo bai; finlandiarrak bidegurutze zailean

Hauteskundeak irabaztear egon den Finlandiako ultraeskuina baztertu ala gobernuan onartu? Zer da txarrena eta onena, bai eskuin muturrekoentzat bai sistemarentzat?

Finlandiako Alderdi Sozialdemokratak (SDP) irabazi ditu hauteskundeak, 1999. urtetik lehen aldiz. Hala ere, bi hamarren (0,2%) eta eserleku bateko aldea baino ez dio atera Benetako Finlandiarrak alderdi ultraeskuinari. Eta are okerragoa dena: SPDk lortu dituen 40 diputatuekin ez du inola ere aski Berdeekin (20 eserleku) eta Ezkerraren Itunarekin (16) Parlamentuan (200) gehiengo osoa lortzeko, azken bi alderdiok emaitza onak lortu badituzte ere.

Izan ere, igandekoak Finlandiak bere historian izandako hauteskunde-emaitzarik zatituenak dira, alderdi bakar batek ere ez baititu lortu botoen %20.

Gauzak horrela, ezker-eskuin koalizioa osatu beharko luke SPDk, baldin eta Benetako Finlandiarrak alderdia gobernutik kanpo utzi nahi badu.

Aurrekari kezkagarria

Alabaina, «soluzio» horrek badu aurrekaririk, eta ez zen oso oparoa izan.

2011-2014. urte bitartean sei alderdiz osatutako koalizioa osatu zuen Jyrki Katainen kontserbadoreak. 2014an izugarrizko jipoia jaso zuen hauteskundeetan, legealdiak ez zuelako inolako fruiturik eman. Dudarik gabe, horren beldur izango da Antti Rinne sozialdemokraten burua.

Nahikoa lan izango du bere ezkerrera eta eskuinera begiratzen. Gauza bakarra izango du argi; alegia, orain arte lehen ministro izan den Juha Sipilaren Zentroko Alderdia ez dela gobernuan sartuko. Sipilak Benetako Finlandiarrak alderdia onartu zuen bere koalizioan eta horrek ez omen dio inolako mesederik egin hauteskunde hauetan, laugarren geratu baita (botoen %13,8 eta 31 eserleku).

Hala ere, Benetako Finlandiarrei ere ez zien onik egin koalizioan sartzeak eta handik bi urtera botoen erdiak galdu zituzten.

Azkenean, eta eszisio bat tarteko, Jussi Halla-ahok alderdia gobernutik atera zuen, sinatutako konpromisoak bertan behera utzi eta gero.

Alderdia artean eskuinera joan da eta, islamofobia eta xenofobia ardatz hartuta, 39 diputatu lortu ditu. Halla-ahok-ek argi esan du: «Hurrengo gobernuak Benetako Finlandiarrok kontuan izango gaitu».