Idoia ERASO
«1813-1816 AHANTZI EZINA» OROITARRIAREN ESTREINA

HAUTETSIAK ETA GIZARTE ZIBILA BILDU ZIREN SARAN, EUSKAL HISTORIA OROITZEKO

POLITIKAK ETA KULTURAK HISTORIAREKIN BAT EGIN ZUTEN ATZO SARAKO SU- HARRIAGA LORATEGIAN. LAPURDIKO ETA NAFARROA GARAIKO AUZAPEZ ETA HAUTETSIEN PRESENTZIAREKIN, LAPURDI 1609 ELKARTEAK MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEKO EGINDAKO LANA ORAIN ETA BELAUNALDIETAN ZEHAR GOGORATUA IZATEKO OROITARRIA ESTREINATU ZUTEN.

«Euskal Herriaren eraikuntzan beste urrats bat egiten ari gara», hitzekin eman zion hasiera ekitaldiari Elisabet Anduezak, Lapurdi 1609-ko kideak. Bertaratu ziren auzapez eta hautetsiei eskerrak eman zizkien beren presentziarekin ekimenari sostengua emateagatik. Besteak beste, Sarako Battitta Laborde, Baionako alkate eta Euskal Elkargoko presidente den Jean-Rene Etchegaray, Hiriburuko Alain Iriart, Lekorneko Lucien Betveder eta Mugerreko Roland Irigoyen izan ziren Lapurditik. Nafarroa Garaitik Berako Josu Iratzoki alkatea hurbildu zen Sarara, eta Iruñeko Joseba Asironek bertan egoteko parada izan ez bazuen ere, bere atxikimendua helarazi zuen.

Aurkezpenaren ondotik, historialari, politikari, artista eta bertsolariei eman zitzaien hitza. Lehenik, elkarteko Mixel Mendibourek oroitarriak zabaldu nahi duen mezuaren berri eman zuen. “1813-1814 Euskal Herria Napoleonen tropengatik suntsitua” liburua idatzi eta gero, mezua denboran zehar mantentzeko, eta historiaren frantses bertsioaren parean euskal ikuspegia emateko ekimena dela azaldu zuen: «Egia jokoan delarik, burua altxatu eta hitz egiten hasi behar da».

1813-1814 urteetan Napoleonen armadak eta gibeletik ingelesen tropek utzitako suntsipena gogorarazi zuen: «Armadako desfileek birrinduta utzi zituzten Nafarroa iparraldeko herriak eta Lapurdiko hegoaldekoak: bortxaketak, eritasunak, ohoinkeria, gosea; miseria ekarri zuten, milaka hil izan ziren». Historia honen berri eman dute eskulturaren ondoan den plakan , euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz, baita ingelesez ere.

Elkarlana

Oroitarria «indarrak lotuz» egin dela gogora ekarri zuen, eta Idazleen Biltzarraz gain, bereziki Sarako Herriko Etxearen sostengua azpimarratu zuen, oroitarriaren gastu guztiak bere gain hartu baititu. Azken honen bozeramaile, Laborde mintzatu zen: «Beti historiaren erdia jakin dugu, elkarteak lehen urratsak egin ditu egia ezagutzeko, bere ikerketen bitartez». Auzapezari Iñaki Iriarte eskultorea batu zitzaion, eta bien artean eskultura agerrarazi zuten, gainetik zuen oihala kenduz.

Iriartek azaldu zuenez, «obrak liburu baten itxura du, historiaz hitz egiten duelako. Alde batean pareta hautsita dago etxean eztanda izan eta gero, eta bestaldean hosto bat, etxeko sartzeko atearen erakusle».

Anje Duhalderen kantuek girotu zuten ekitaldia, eta bertsolarien ondotik Amaia Airek kantatu zituen Amets Arzallusek ekitaldirako idatzitako hitzak. Artistek, historia gogoan izatearen garrantzia azpimarratu zuten zuzenki zein metaforikoki, baina beti era hunkigarrian. Giroarekin bat eginez Zazpiak Bat dantza taldeko bi neskek aurreskua dantzatu zuten. Bukatzeko, zuri, gorri eta berdez margotutako zinta moztu zuen Labordek. Zati txikiak egin zituen, eta hautetsien eta elkarteko kideen artean banatu zituen.