2019/04/25

Kapitalaren aurrean «bizitzaren alde» egingo du ELAk Maiatzaren Lehenean

«Bizitza da lehena. Gure bizitzak kapitala baino lehen» lelopean, bi manifestazio deitu ditu ELAk Maiatzaren Lehenerako, bata Bilbon eta bestea Iruñean, azken urteetan egin bezala.

GARA|donostia
0425_eko_m1ela

Aurtengo Langileen Nazioarteko Eguneko egitaraua aurkeztu zuen atzo ELA sindikatuak, eta jakinarazi zuenez, Bilbon eta Iruñean ospatuko du Maiatzaren Lehena, manifestazio bana eginda. Bilbokoa 11.45ean aterako da Jesusen Bihotzetik; Iruñekoa, aldiz, 12.00etan, Gurutze plazatik.

Mobilizazioak ez ezik, festara ere deitu du sindikatuak; hala, eguerdiko ekitaldi eta mobilizazioen ostean «adiskidetasun bazkariak» egingo dira Bilboko Areatzan eta Iruñeko Labriten.

«Egungo eredu kapitalistari aurre eginez, ELAk bizitza bera jarri nahi du erdigunean Maiatzaren Lehenean», adierazi zuten prentsa ohar bidez.

Grebaren aldeko apustua

Hain zuzen ere, greba kapitalismoari aurre egiteko bitarteko egokia dela defendatu zuen sindikatuak. «Aurten nabarmen ugaldu dira grebak, eta haietako askotan emakumeak izan dira protagonistak. Hori oso albiste ona da, horrela bakarrik hobetu daitezke gure bizi baldintzak, bai lan arlokoak, bai gizarte arlokoak», agertu zuten.

Zenbat eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen hobeak erdiesten direla baietsi zuten, eta gainera, «ekarpen txiki bat egiten dugu gizarte hobe baten alde: demokratikoagoa eta berdintsuagoa».

Patronala «goxo-goxo»

«Gizarte berdintsuago eta demokratikoago baten» aldeko konpromisoa hartu duela berretsi zuen ELAk, «sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalak» zabaltzen duen mezuari kontrajarriz.

Izan ere, arbuiatu zuten Euskal Herrian ere banka eta patronala «goxo-goxo» dabiltzala «gobernuen, komunikabide nagusien eta klase politikoaren zati baten» babespean. Haiendako, sindikalismoa «traba» bat da, horregatik, «benetako kontraboterearen» defentsa egingo du sindikatuak.

«Eskuin muturrak ildo politikoa markatzen du, eta ezkerra ez da gauza aukerako erreferentziak taxutzeko», kritikatu zuten. Horren aurrean, langileriak bere «nortasuna sendotu» behar duela defendatzen dute: «Esparru kolektibotik bakarrik egin diezaiekegu aurre haien gezur eta politikei».

KONTRABOTEREA


«Gizartea ezin da demokratikoa izan kontrabotererik gabe. Ikusi besterik ez dago nola Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarrek muzin egin dieten errentaz eta etxebizitzaz aurkeztutako legegintzako herri ekimenei».