GARA
DONOSTIA

EH Bilduren alde egin du EIPK-k, «gure borroka eta ametsak bultzatzeko»

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ezker independentistaren aldeko boza eskatu zuen hilaren 16an, eta atzo EIPK-k jakinarazi zuen bere hautua. GARAri helarazitako adierazpenean hauxe dio: «Apirilaren 28an Euskal Herriko kaleak eta hautetsontziak bete behar ditugu, ez botoz bakarrik, borrokarako konpromiso irmoarekin baizik. Hori dela eta, gure borroka eta ametsak bultzatu nahian, euskal herritarroi EH Bildu bozkatzeko deia luzatu nahi diegu».

‘‘Apirilak 28: Batasuna, borroka eta garaipena’’ du izenburu. Presoak zein errefuxiatu eta deportatuak «gatazka politikoaren ondorioa gara» gogoraraziz hasten da. Salatu dutenez, beren egoera «xantaia egiteko» erabiltzen dute estatuek, baita ere, erantsi duenez, beren sufrimendua «gure senide, inguru eta herria bera zigortzeko. Hori dela eta, bizitako esperientzian oinarrituz, oso argi daukagu batasunaren balioa».

Espainiaren egoerari begira jarrita, «haize ustelak datoz, alde batetik eskuina, historia iraganeko faxismora eta errepresio bortitzeko garai ilunetara eraman nahian, beraien gorroto eta bortizkeria emakumeen, gazteen, langileen, etorkizunen, herrien kontra zuzenduz», ohartarazten du EIPK-kren mezuak. «Sozialdemokraziaren immobilismo konplizea» ere salatu du.

«Hauek dira botere inperialista espainiarrek Euskal Herriari eta Estatu espainoleko herriei eskaintzen dizkiguten eszenatoki bakarrak. Egoera honen aurrean premiazkoa deritzogu borroka fronte berria zabaltzea», laburbildu dute iheslariek.

«Entzunarazteko momentua iritsi da. Euskal Herrian, kapitalaren eta transnazionalen Europan zein Madrilen herrien ahotsa entzun behar da. Ez entzun nahi gaituztelako, entzunaraziko dugulako baizik. Ezin dugu utzi, ez eskuinak ez sozialdemokraziak aurrean ditugun erronkak baldintzatzen, guk geuk jarri behar ditugu helburu horiek betetzeko denborak. Eta horretarako konpromiso garrantzitsuak gure gain hartuz –dio EIPK-k amaitzeko–, ezker abertzalearen ahotsak argia izan behar du Euskal Herriko kale zein instituzioetan».