Jon ORMAZABAL
PILOTA

Katedral «berri» bat

Leundu berri duten Astelenako lurzorua igandean estreinatuko dute. «Pilota azkarrago irtengo da, erasokojokoa hobetsiko da eta materiala zaharrean baino askoz gutxiago gastatuko da», Martin Alustizaren iritziz.

Eibarko Astelenak aspalditxo bete zituen 100 urteak, 1904ko San Joan egunez inauguratu zuten eta ordutik hamaika aldaketa izan ditu, frontiseko losetatik hasi eta pareten kolorean amaitu. Lehen begiratu batera, igande honetan Isasi kalera gerturatzen den pilotazaleak ez du berrikuntza nabarmenik nabarituko, baina soa lurrean pausatuz gero, konturatuko da Katedral berri baten aurrean gaudela, euskal pilotaren tenpluetako baten izaera erabat aldatu dela, bere kantxako lurra bost bat milimetro leundu ostean. Lehen matea zen kantxak, distira hartu du eta bertan jokatzea ere ez da gauza bera izango.

Bere pilotari, intendente eta material hautatzaile ibilbidearengatik, inork gutxik ezagutzen ditu gure pilotalekuen ezaugarriak Martin Alustizak bezala, eta haren iritziz, «erabat» aldatu dira Astelenaren berezitasunak azken moldaketa honekin. «Lehengo lurrarekin ez dauka zerikusirik, orain azpitik dezente gehiago ibiltzen da eta denean berdintsu».

Segurarraren esanetan, Astelena berria «defendatzeko baino, askoz hobea da erasorako, aurrelarientzat askoz hobe. Errematean pixka bat gurutzatzen duenak tanto erdia egina dauka orain», azaldu zuen. Lurrak hartu duen distirarekin, Donostiako Atano III.aren antza ere hartu dio Alustizak eta onerako izango dela iritzi dio. «Gaur egun jokatzen den bezala, aurrelariek ematen duten ikuskizunerako eta joko klaserako, abantaila izango da, airez sartzeko batez ere. Lehen esaten zen jotzaileentzako pilotalekua zela, baina orain atzelariek zailagoa izango dute pilotara jartzeko. Lehen pilotak geratu egiten ziren eta orain denbora gutxiago emango die», gaineratu zuen.

Zalantza gehiago

Bere egungo lanean ere abantailak ikusten dizkio zoru berriari, «lehen pilotak asko aldatzen ziren gastatzerakoan, bote gehixeago hartzen zuten eta orain gutxiago gastatuko dira», baina berria den guztiak ere berezkoak izaten ditu zalantzak.

Lehen Astelenarako egokiak ziren pilotak, orain «ezinezkoak» dira Eibarrerako eta horregatik igandeko partidetan pilotek duten erantzuna ikusi nahi du. Berez, atzorako asmoa zen finalerdietan erabiliko diren pilotak ere apartatzea, baina intendenteekin hitz eginda, nahiago izan dute igandean gertatzen dena aztertu eta beranduago egin lehen lan hori.

Pilotarien kasuan, denetarako iritziak entzun ahal izan genituen, nahiz eta Irribarria eta Victor bat etorri lur berria azkarragoa dela esaterakoan.

Aramakoa bertan zenbait saio egindakoa da eta ez zuen ezkutatu, lehengo lurra nahiago zuela. «Niretzat hobea zen, lurra lasaiagoa zen, bote naturalagoa egiten zuen eta nire dohainetarako, agian, hobea zen, baina horrek ez du esan nahi hemen minik ezin dudala egin».

Victorren kasuan, errioxarrari ez zitzaion lehengo lurra gehiegirik gustatzen. «Sarri jokatutakoa naiz hemen, baina gutxitan irabazi dut, sentsazioak arraroak ziren hemen, baina gaur, egia esan, oso gustura amaitu dut lan saioa», azaldu zuen.

Derbiarekin hasiko dira final-zortzirenak

Ezohiko ordutegian, arratsaldeko 19.30ean hasiko da Beotibarreko jaialdia, eta Tolosaldeko derbiarekin ekingo zaio final-zortzirenetako jardunaldiari. Erik Jakak eta Iñaki Artolak neurtuko dituzte gaur indarrak horren ondo ezagutzen duten pilotalekuan, printzipioz, orekatua dirudien partidan.

Adin berekoak izanda, oso ondo ezagutzen dute elkar eta euren artean ez dago sekreturik. Iñaki Artola partida bat jokatuta helduko da lehiara, eta Arteagaren aurka hasieran apur bat sufritu bazuen ere, jokoz ondo dagoela ematen du.

Erik Jakaren kasuan, hasiera guztiek sortzen dituzte zalantzak, baina lizartzarra konfiantzaz da. «Ondo nago, prestatzeko astia izan dut eta sentsazioak onak izan dira. Hala ere, beti esaten dudan moduan, partidaren unean egon behar da ondo. Partida da garrantzitsua».

Aspekoaren iritziz «detaileek erabakiko dute, buruz burukoan inprobisatzen hastea garesti ordain daiteke».J.O.