Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Atsedenik hartu gabe, lana eginez goaz aurrera…

Hausnarketa eguna izan zen atzokoa. Bai zera, hausnartu beharrean izango baikinen! Hortxe behiak hausnarrean ondoko larrean, patxada ederrean etzanda, belarrari etekina ateratzen. Ama, ama, bai baliabidea gero, belarra! Eta larrea! Baina hausnarketa eguna? Egunerokoa dugu gogoeta, halabeharrez, bizirik sentitzeko, gure inguru hurra zein urruna ulertzen saiatzeko, burua bor-bor. Eta Borboiak marrazoetara! Hortaz, gogoeta ala hil! Tira, harira! Akabo da kanpaina, edo atseden hartu sikiera. Joanak dira leloak, azkeneko hitz hori zentzu zabalean hartuta. Joanak dira hona boto eske etorriak. Hori bai kolpea gero! Hango botoak eskuratzeko hona etorri behar, harako bozgorailu!

Zezen-larrua kosta ahala kosta bere osoan mantendu nahian ibili dira; larru horretan osasunez tarrat egin nahian ibili gara beste batzuk. Haiek zuzenbide-estatua erabili euren zezen-bidea ezartzeko. Besteok estatu propiorako bidean zuzen, kanpainan izan edo ez izan, zuzen eta artez.

Eta gaur gabez han-hemen ibiliko dira kalkulagailuak kalkulutan, kable gehiago entxufeak baino, gehienetan atzamar-puntak erdaraz egiten klika. Azken finean, politika ofiziala aritmetika kontua da, ehuneko berrogeita hamaika. Egonkortasuna esaten diote, egonkor denak ezer aldatzen ez duen jakitun. Hortxe multiplo komun txikiena eta zatitzaile komun handiena, dezimalak gora eta behera, zatiketen hondarrak… komunetik ere aritmetikatan. Hau kolpea gero, hainbeste teknologia digital eta digitalorde baina azkenean komunean papera behar! Eta edozein boto-paperek ez du balio!

Biharamunekoa da egun batentzat garrantzitsuena, etorkizunaren lehenengo eguna dena. Hortaz, beste kanpaina baten aurrean gara, kanpainaurrean berriro. Etenik ez duen zuzen-bidea. Errepublika helburu, erreferendumak helbide, errepide-mapa jatorretik… goaz aurrera…