Rip Curl Pro Bell’s Beach 2019: Conlogue eta Florence nagusi
Olatu eskasekin hasi baldin bazen ere, olatu handi eta garbiekin amaitu zen larunbatean nesken zein mutilen CT itzuliko bigarren txapelketa. Courtney Conlogue eta John John Florencek irabazi zuten Bell’s Beacheko ezkila mitikoa.

Aurtengo CT zirkuituko lehen txapelketa olatu oso txikiekin egin zuten Gold Coasten, eta bazirudien itzuliko bigarren lehiaketan ere itsasoak ez zuela asko lagunduko. Lehen txandak metro bateko olatu narrasekin egin zituzten Bell’s Beachen, baina txapelketa egiteko itxaronaldi epea amaitzeko egun bakar baten faltan, itzelezko itsaskia sartu eta hiru metroko olatu bikainak izan ziren.
Erreka haize indartsuak birak osorik burutzea zailtzen bazuen ere, ikuskizun ederra izan zen larunbatean Bell’s Beacheko azken txandetan. Mutilen zein nesken finalean olatu oso onak ikusi ahal izan ziren. Courteny Conloguek, adibidez, hamarrekoa lortu zuen finaleko olatu bikain batean.
Hamarreko borobila Conloguek
Itzelezko olatu batekin hasi zuen finala Malia Manuel lehiakide hawaiiarrak. 8,17 puntu eman zizkioten epaileek, beraz, ezin hobeto hasi zuen txanda Manuelek. Courteny Conlogue arerio australiarrak, ordea, ez zuen etsitzeko asmorik eta hartzen zuen olatu bakoitzean bere onena ematen saiatzen zen. Aldiz, ez zuen lortzen behar adina puntu emango zizkion olatu bat hartzerik.
Txanda erdian, hawaiiarra gainditzea zail zirudienean, olatu handi eta garbi bat hartu zuen Conloguek. Muturreko jaitsiera egin zuen estatubatuarrak, jarraian hiru bira garbi egin zituen ia lau metroko altuera zituen olatuaren horman, eta bira indartsu batekin amaitu zuen olatua. Epaileek hamarreko borobila eman zioten eta ordura arteko egoera guztiz aldatu zen, hortik aurrera Manuelek ezin izan baitzuen Conlogueren emaitza gainditu.
Bell’s Beachen eskuratutako emaitza onari esker ranking orokorrean hirugarren postura igotzea lortu du Conloguek. Malia Manuel, ostera, WCT rankingeko bigarren postuan da, Gold Coasteko txapelketan hirugarren postua eskuratu baitzuen.
Nesken rankingean egun buru den lehiakidea Caroline Marks estatubatuarra da. Bera izan zen aurtengo itzuliko nesken lehen txapelketa irabazi zuena, eta Bell’s Beachen hirugarren postuan geratu zen. Malia Manuel izan zen finalerdietan Marks kaleratu zuen lehiakidea.
Bestalde, rankingeko laugarren postuan Carissa Moore hawaiiarra dago. Ondorioz, badirudi aurtengo nesken WCT zirkuituan hawaiiar eta estatubatuarren artekoa izango dela lehia gogorrena.
Florencen itzulera
Iazko denboraldian lesio batengatik lehorrean egon ostean, indartsu itzuli da John John Florence. Mota guztietako olatuak menderatzen ditu surflari hawaiiarrak, eta horren adierazle dira Gold Coasten metro erdiko olatuetan lortu zuen hirugarren postua eta Bell’s Beachen ur askoko olatuetan lortu berri duen garaipena.
Hala ere, gainontzekoengandik muturreko olatu zailetan nabarmentzen da batik bat Florence eta baldintzok eskaintzen dituzten olatuak denboraldiko azken txapelketetan izaten dira. Horregatik, urte hasieran lortu dituen emaitzei esker rankingeko buru izatea seinale ona da hawaiiarrarentzat.
Nesken finalean bezala, mutilenean ere gauzak txanda erdian aldatu ziren. Lehen hogei minutuetan alde handiz ari zen irabazten Filipe Toledo brasildarra, baina 20 minuturen faltan gauzak aldatzen hasi ziren. Florencek 9,33 puntu behar zituen lehen postua eskuratzeko, eta, itsasoko baldintza zailak zirenez, olatu bakar batekin halako puntuazioa lortzea zaila zirudien. Ordea, oraindik denbora bazuen hawaiiarrak, eta bi olatu on egitea ere posible zen.
Lehenik 6,67 puntuko olatu bat egin zuen: hasierako bira indartsua, tartean bira politak eta amaiera ikusgarria. Baina oraindik beste olatu bat behar zuen, eta lortu zuen bilatzen zuen olatu mota. Olatu handia eta indartsua, mendean hartzeko zaila. Hawaiiarrak berak bakarrik marraz dezakeen moduan marraztu zuen olatua. Hori baitzen bi lehiakideen arteko desberdintasun nagusia. Toledok ez zuen biretan urik ateratzen, eta, aldiz, Florencek bira bakoitzeko txorro ikusgarria ateratzen zuen. 7,63 puntuko bigarren olatu bati esker nagusitu zen Florence, eta txapela irabazi zuen.
Bell’s Beachen lortutako bigarren postuari esker laugarren postura igo da ranking orokorrean Toledo. Hirugarren postuan Jordy Smith hegoafrikarra dago, eta, bigarren postuan, iaz Bell’s Beacheko irabazlea izan zen Italo Ferreira brasildarra.
Hurrengo lehiaketa, CT itzuliko hirugarrena, Balin (Indonesia) izango da, maiatzaren 13tik 25a bitartean, eta horren ostean, berriz ere Australiara itzuliko dira lehen mailako lehiakideak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
