Imanol CARRILLO
Txapeldunen Liga

Seriotasun ingelesa eta alaitasun holandarra

Tottenhamek eta Ajaxek finalerdietako joaneko partida jokatuko dute gaur talde ingelesaren zelai berrian.

Tottenham Hotspur Stadium izeneko futbol zelaiak egun gutxi batzuk baino ez ditu. Apirilaren 3an estreinatu zuten eta dagoeneko bost partida hartu ditu. Ia hilabete ere pasa ez den honetan, bigarren partida garrantzitsua hartzeko prest dago White Hart Lane ordezkatu duen estadioa. Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko neurketa jokatu behar dute gaur gauean (21.00etan) Londreseko taldeak eta Ajax holandarrak.

Oraingoz, oso emaitza onak lortu ditu Tottenhamek etxe berrian, lau garaipen eskuratu baititu –horietako bat Manchester Cityren aurka Txapeldunen Ligan– eta porrot bakarra; azken hau Premier Leagueko azken partidan izan da, hain zuzen ere.

Londreseko taldeak bigarren aldiz jokatuko ditu finalerdiak txapelketa honetan –lehenengoa 1961/62 denboraldian izan zen– eta bere entrenatzaile Mauricio Pochettinorentzat, lehenengo aldia izango da.

Cityren kontra gertatu zen bezala, hitzordu garrantzitsu honetarako Harry Kanek ezin izango du jokatu. Aurrelaria ordezkatzeko, entrenatzaile argentinarrari esperimentua ez zitzaion batere gaizki atera final-laurdenetan. Izan ere, jokalari ingelesaren faltan Heung-Min Son izan zen onena –hegokorearra gaur baja izango da zigortuta baitago–, eta Fernando Llorente Athleticeko jokalari ohiak protagonismoa hartu zuen, berak sartu baitzuen finalerdietarako sailkatzeko gola Manchester Cityren etxean (4-3).

Errioxarra titular gisa aritu liteke gaur, baina aurrean atseden egun gehiago izan dituen Ajax izango dute. Herbehereetako Federazioak asteburuko jardunaldia nahita atzeratu du.

Eta ez da gutxiagorako. Ajax momentu goxo batean dago. 22 urteren ondoren, Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatuko ditu, Eredivisie Ligan liderra da eta Kopako finalista ere bada.

Emaitzez harago, bere jokoak Europa osoa miretsi eta harritu du, Johann Cruyffek zuen futbol ikuspegiari omenalditxo bat eginez. Erik ten Hag entrenatzaileak jokalari guztiak ditu prest eta seguru ez dela denbora-pasa joango Londresera.