Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euroeskualdera zabalduz dantzari ate berriak irekitzera dator Atalak 2.0

Laborategi bat da Atalak 2.0, dantzaren munduan esperimentazioari ateak ireki nahi dizkion programa. 2019-2020ko edizioan, sei koreografok hartuko dute parte eta hamar dantzari izango dituzte eskura, dantzaren alorra nola aberastu ikertzeko. Nobedaderik ere bada: ibilbide luzeko koreografoekin topaketa egingo dute programako parte-hartzaileek, nazio ezberdinetako dantzariekin ariko dira lanean eta bikoiztu egingo da egonaldien iraupena.

Badira hiru urte Dantzaz konpainiak bere sorkuntza laborategia zabaldu eta Atalak 2.0 sortu zuenetik. Ordutik, dantzaren eremuan dabiltzan hainbat erakunde bildu dira proiektura –Malandain Ballet Biarritz, Baluarte Fundazioa, Donostia Kultura, Tabakalera, Dantzagunea, Azkuna Zentroa eta, aurten, Gasteizko Antzerki Sarea batu da programara– eta horien ordezkariak 2019-2020ko edizioaren berrikuntzak aurkezteko bildu ziren atzo Tabakaleran.

Atalak 2.0 fokua sorkuntzan jartzen duen proiektua dela nabarmendu zuen Ane Rodriguez Tabakalerako ordezkariak, eta koreografoari sortze prozesuan laguntzea duela helburu. Hala, 2019ari begira, Myrian Perez Cazabonek jada egina du egonaldia Dantzagunean, Jordi Vilaseca eta Aritz Lopezek gidatutako Larrua proiektuak ekainean egingo du Tuterako Gaztambide antzokian eta Martxel Rodriguezek (Led Silhouette proiektua) abenduan hartuko du parte programan. Hurrengo urteari begira, aldiz, Denis Santacana (martxoa-apirila), Laida Aldatz (ekaina) eta Eneko Gil (azaroa-abendua) koreografoek izango dituzte euren eskura sorkuntza laborategiko baliabideak.

Bakoitzak, hamar egunez, jatorri eta adin ezberdinetako 8-12 dantzarirekin lan egiteko aukera izango du, dantzaren alorrean esperimentatzeko (ez derrigor proiektu eszeniko bat ontzeko).

Aurkezpenean parte hartu zuen, bere egonaldia amaitu berritan, Myriam Perez Cazabonek. Laborategian parte hartzea «aukera handi bat» dela baieztatu zuen koreografoak, «azpiegitura sendo bat ematen dizulako zu zure proposamenean zentratu ahal izateko». Azaldu zuenez, euren lanbidean izaten dituzten zailtasunak direla-eta, «murrizketak egitera behartuta» daude koreografoak eta, bere kasuan, beti dantzari talde txikiekin egin du lan. «Hamar dantzarirekin lan egiteko aukera izan dut, sorkuntzan zentratzekoa», eskertu zuen, eta dantzari taldearen aniztasunaz ere jardun zen: «Ibilbide desberdin batean dauden dantzariak ezagutu ahal izan ditut, eta eurek ni, eta gure lana lurralde ezberdinetara zabaltzeko aukera ere eman digu».

Euroeskualderako hedapena

Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendari nagusiaren hitzetan, aurtengo edizioak badu berezitasunik. Batetik, Perez Cazabonek aurreratu bezala, dantzari taldearen artean aniztasuna dela nagusi: aurreko edizioetan Dantzaz-en –Dantzagunean egoitza duen Gipuzkoako Diputazioaren dantza zerbitzua– dabiltzan dantzariekin aritu izan dira koreografoak, baina edizio honetatik aurrera nazio ezberdinetako dantzariekin ariko dira. «Euroeskualdetik etorritako dantzariek hartuko dute parte, dantzari talde ezberdin bat jarriko dugu euren eskuetan». Horrez gainera, “Atalak, kafe bat?” topaketak ere bultzatuko dituzte, sortzaileak eta dantzako profesionalen arteko topaguneak sortzeko asmoz. «Topagune bat sortu dugu, mugitu egin behar dugulako gure gune segurutik, ikasten ari gara eta aurten espero dut pila bat ikasiko dugula», esan zuen.

Hirugarren aldaketak egonaldien iraupenari eragiten die. Saenz de Ugarteren hitzetan, orain artean astebeteko iraupena izan dute egonaldiek eta edizio berrian ia bi astekoa izatera pasako da iraupena.

Gasteizko Antzerki Sarea batu izana ere bada nobedadea. Haren ordezkari gisa, Marta Monfortek Atalak 2.0 egitasmorako erakunde ezberdinen artean sarea osatzea garrantzitsutzat jo zuen eta programa, bere hitzetan, «urrezko aukera bat da» parte hartzen duten koreografoentzat zein atzean dauden erakundeentzat. Aurrera begira, saretze hori sendotzearen alde egin zuten guztiek.