Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Euskal Herriko zinemak aukera leihoa zabaldu nahi du Eskozian

Azken berrogei urteotan Euskal Herrian ekoiztu den zinema ikusgai izango da ekainera bitartean Eskoziako hainbat film jaialditan. Scotland Goes Basque programarekin garai bateko Montxo Armendarizen «Tasio» edo «Obaba» eta azken euskal film luzerainoko –Koldo Almandozen «Oreina»– errepasoa ikusi ahalko da Glasgow eta Edinburgon. Izebene Oñederra eta Bego Vicariok euskal animazioari buruzko master class berezia emango dute.

Kultura gure herriaren soinekoa dela aipatu zuen behinola Kirmen Uribek eta mezu horri heldu gura izan zion Gasteizko gobernuko kultur sailburua den Bingen Zupiriak Etxepare institutuak Eskozian antolatu dituen ekimenen berri ematean. «Kulturak ikusgarri egiten gaitu munduan, eta kulturak janzten du gure gizartea», gaineratu izan zuen kultur sailburuak. «Dimentsio sortzaile eta kultural interesgarria daukagu, bisitatzen gaituztenek eta ezagutzen gaituztenek hori esaten dute behin eta berriz», aitortu zuen Eskoziako hiriburuetan burutuko diren CinemaAttick (Glasgown) eta Edinburgoko film jaialdian ikusiko diren Euskal Herriko filmeen berri emateko. Urtarrilean musikariak aritu ziren bertako festibaletan, eta udan literaturaren txanda izango da, urte honetan bereziki Eskozia hautatu du Jaurlaritzak jomuga.

Zinema zuzendariek ere izango dute jaialdietan egoteko aukera eta atzo Bilboko Arte Ederren museoko auditoriumean Iban del Campo zinemagileak bere poza agertu zuen, «Europako zinemaldi jaialdi zaharrenean egoteko aukera izango dudalako film labur batekin, euskarazko zientzia fikzioko lan batekin». “Espedizio handia” da Iban del Campok Edinburgon aurkeztuko duen film laburra.

Bego Vicario Izebene Oñederrarekin batera gaur bertan abiatuko da Eskoziarantz. Bihar Edinburgoko Arte Ederren fakultatean beraien esperientzien berri emango dute, besteak beste animazio esperimentala modu kolektiboan lantzeko bere hautuari buruz arituko dira bi zuzendariak. Bego Vicariok Bilboko Arte Ederren museoan aurkezpena egiteari garrantzi berezia eman zion, «museo honetan jaio nintzen zinegile bezala, hemen ezagutu nituen bizitza markatu zidaten film asko eta asko» aipatu zuen. «Animazio esperimentala egiten dugun emakumeon esperientziaz arituko gara han, zelan antolatzen garen film kolektiboetan azalduko dugu, eta gure lanak aurkeztuko ditugu» aurreratu zuen. Aurten 50 urte betetzen dira Balerdik bere esperimentazio film animatua Bilbon aurkeztu eta Zinebin saria jaso zuela, eta katea ez dela eten gogorarazi gura izan zuen Vicariok. «Balerdi, Sistiaga, Juanba Berasategi eta orain belaunaldi berri bat dago animaziozko zinemagintza lantzen, eta hori poztekoa da». Beraien film sorta aurkezteaz gain, beraien hurrengo proiektuari buruzko zertzelada batzuk ere bota zituen Arte Ederretako irakasle eta zinema zuzendariak: «Film luze bat egitera goaz, kolektiboa eta esperimentala, Euskal Herrian kokatutakoa».

Koldo Almandoz zine zuzendaria ere Bilboko aurkezpenean zen, eta berarentzat zinema «unean uneko errealitatea erakutsi ahal izateko tresna» dela aipatu zuen. Bere iritzian zinemak, «errealitate garaikidea eman behar du ezagutzera» eta Bingen Zupiriak aurkezpen hasieran botatako Kirmen Uriberen aipamenari heldu zion. «Kultura bada soinekoa, baina gorputzak ere izan behar du kultura» iradoki zuen zuzendari donostiarrak. «Edinburgoko jaialdiak lehian jartzen gaitu munduko kulturan, eta benetan merezi du horrelako foroetan egotea» bota zuen azkenik. Berak azken Donostiako Zinemaldian aurkeztutako “Oreina” filma eta Iban del Camporen “Espedizio handia” izango dira Edinburgh International Film Festival-eko euskal hautagaiak.