Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hau etika, dadila errepika!

Urdaileko ultzera hura garatu nuenetik lasaiago hartzen dut hauteskunde gaueko emaitzen segimendua. Askozaz lasaiago, bai; ateratzen dena ateratzen dela ere, patxadaz, urteko ardoa eskuan eta arrain freskoa platerean. Unean unekoak eta geroan gerokoak, betiere 0 kilometroak ematen duen perspektibaz. Egun horretako emaitzek uneko diagnostikoa ematen dute, lurraldez lurralde eman ere, eta ez dago ekuaziorik diagnostiko horretatik gerora begirako joera zehatza ateratzeko, I+G+b horrekin ere ez. Izan ere, ekuazioan gehiago dira aldagaiak aldaezinak baino; eta gainera aldagaiotan independenteak gutxiago dira mendekoak baino. Harrapa ezan/k! Ama, ama! Gaur politika esaten den hori ulertzeko soziologoa baino matematikoa behar da izan! Edo jelkide! Profetak berak baleki!

Total, patxadaz bazen ere, gau horretan kontu-kontari izan nintzen; boto emaitzez nago orain, biharamunean beste kontuak kontatzen baitira. Eta aitor dut, nire gorputzeko parte guztiak poztu ziren zenbaketa bere ehunera helduta. Bai horixe! Prefosta! Euskal lurren ekialdekoa atarian geratu bazen ere. Bidea bide! Hala ere, txalotu behar dena txalotzearekin batera kritikatzekoa dena kritikatu behar da, gure apustua bestelako mundua posiblea egitea izanik, gertuen dugun mundutik hasita, jakina. Hortaz, nire iritzian EH Bilduk ez du zintzo jokatu Araban, zelan ulertu bestela pepeko alkate ohiarekin gertatua? Akaso ez da mobbing kasu argitzat hartu behar, elementu hori hainbat tokitatik bota izana? Ekuaziotik atera izana? Are gehiago, lan merkatutik bertatik bota izana? Lanbidetik pasatu beharko da orain, ilaran, eta errenta bermatzeko diru sarrera eskatu, edo behintzat inprimakia bete…

Ez, ezkerrak zintzoago egin behar du helbidea, helburu zintzora gura badu heldu! Bestela, hau esan beharko dugu: Hau etika, dadila errepika!