Maider IANTZI

Gazte eta helduen ilusio eta premiak txirikordatzen ari dira Usurbilen

Maddi Egizabal ikaslea eta Itziar Illarramendi erretiratua ilusionaturik daude. Elkarlanean ibili dira, beste gazte eta heldu usurbildar ugarirekin batera, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen proiektua definitzen. Emaitza aberatsa izan da.

Udalak bultzatuta, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen proiektu bat garatzen ari dira Usurbilen. Gurasoenetik atera eta beren kasa bizi nahi duten gazteen interes eta beharrak, eta konpainian beren neurriko apartamentu bat bilatzen duten helduenak, bienak txirikordatzen dabiltza, Euskal Herrian aurrekaririk ez duen egitasmo batean. Arduraz eta ilusioz heldu diote erronkari, esperimentua egiten lehenengoak izanik ongi ateratzen bada besteei ateak irekiko dizkien esperantzarekin.

Orotara 16 etxebizitza eraikiko dira Udalak Ugartondoko urbanizazio berrian eskuratuko duen eraikin publikoan. Lanak aurki hastea eta 2021erako bertan bizitzeko moduan izatea espero dute.

Hilabeteotan elkarlanean ibili dira bizilagun izanen diren gazte eta helduak, Hiritik At kooperatibak dinamizaturik, proiektuari mamia jartzen eta utopia errealitatera jaisten. Eta bidea «guztiz ilusionagarria eta emankorra» izan dela nabarmendu dute.

Itziar Illarramendik 65 urte ditu eta «erretiratu bizitza» egiten du. Lagun batek egitasmoaren berri eman zionean aunitz poztu zen. «Gure artean aipatu izan dugu ideala litzatekeela adin eta interes bertsukook komunitatean bizitzea, zerbitzu komunekin». Baina, lehen bileran, Txirikorda «askoz aberatsagoa eta zailagoa» zela ohartu zen. GARAri aitortu dionez, bi sentsazio izan ditu lan saioetan. Alde batetik, zaila iruditu zaio adineko eta gazteen behar eta interesak txirikordatzea eta «bizi dugun indibidualismo honetan» bizikidetza eredu honetarako «gaitasun eta ahalegin estra bat» beharko dela ikusi du. «Uzteko tentazioa» ere izan du uneren batean, baina ziur dago «planteamendua onuragarria» dela eta bizitzan «aldaketa eta apustuek merezi dutela». Udalaren proposamena «altxor bat, opari bat» da berarentzat eta pausoak ematen hasi da herrikide talde batekin batera. «Ea noraino iristen garen».

Herritik etxera eta etxetik herrira

Maddi Egizabal 20 urteko usurbildarrak ere ilusio handiz hartu zuen Txirikorda, «hain indibidualista nahi gaituen sistema pitzatu eta komunitatean bizitzeko» aukera zelako. «Elkarrekin bizitzea, elkarrengandik ikastea, elkar elikatzea...». Onura pila ikusten zizkion. Gainera, «herriarentzako ere aberatsa da. Herriak etxeari transmititzen dio, eta etxeak herriari». Illarramendik bezala, teoriatik praktikara jaistean «mila zailtasun» topatu ditu gazteak, baina gustura bizi izan du prozesua.

Egizabal ikasten ari da orain eta ikasle pisu batean bizi da, baina karrera bukatutakoan Txirikordaren beharra izanen du. Etxeak egiteko lanek irauten duten bitartean itxi gabe gelditu diren kontuak zehazten joanen dira. Zerrendetan izena eman aurretik asanbladan lan egiten ikasteko formazio txiki bat jasoko dute. Espazioak parte pribatua izanen du norbere beharrak asetzeko, eta komunitarioa, belaunaldi arteko elkarbizitza bultzatzeko eta premia kolektiboetarako.