Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Usurbilgo harritzarra berriz plazara, 32 urte geroago

3.200 kiloko harriari aurre egingo diote hiru taldek: Emarri, 22 emakumek osatuta, Txorierri eta Lasuen.

Urte asko dira Usurbilgo 3.200 kiloko harritzarrarekin Berriatuko Artadialde seikoteak marka ezarri zuela. Harria geldirik egon da ordutik... astuna baita! Baina harri horren istorioa aurretik markatua zegoen.

Behin batean, Berriatukoek marka jarri baino lehenago, urte asko lehenago, Gernika aldeko nabarniztarren marka bizirik zegoen. Gogorarazi behar da, nabarniztarrek egin zuten markak 1987. urtera arte iraun zuela.

Bizkaitarrak Usurbilera heldu ziren idiek egin zuten marka ondu nahirik. Idiak plaza bat edo untze bat egin gabe gelditu ziren eta Nabarnizko seikoteak izan zuen ideia zen Usurbilera joan eta plaza bat egitea.

Pentsatu eta egin. Joan ziren, eta 28 minutuan osatu zuten plaza edo untzea. Garaipen handia izan zen, urte askoan jende askoren buruan egon dena. Usurbilgo Herri Kirol taldeak eginahalak eginaz jaialdi paregabea antolatu dute igandean, 18.00etan hasita.

Gizon probak, debekatuak

Arzadun gobernadore zibilak debekatu egin zituen gizon probak. Orain «gizon probak» hitza erabili ordez «giza proba» darabilkigu, emakumeak ere horretan badabiltzalako. Nabarnizkoen oihartzuna handia izan zen eta gobernadore zibilak ez zuen ikusten gizonen lana izan zitekeenik harriari tiraka ibiltzea, eta jakin zuenean horrelako ekintzarik izan zela, ondorengo urteetarako debekatu egin zuen. Idientzako lana bazela jotzen zuen, baina pertsonaren duintasunaren aurkakotzat hartu, eta horrelako probarik izan ez zedin, galaraztea erabaki zuen, eta kito. Baina gauzak aldatzen joan ziren eta Usurbilen temati jarri ziren, 1987an berriro ekin arte.

1987an, Artadialde nagusi

Urte horretan, ekainaren 18tik 22ra bitartean, Berriatuko Artadialde taldeak, eta gehiagok ere bai, ondu egin zuten –eta nola gainera– nabarniztarren marka. Artadialdek aise ondu zuen, ia bi plaza eginaz.

Aurrez ohartarazi behar dugu, Usurbilgo plaza edo untzeak 32 metro dituela, plaza luze samarra da. Eta zintak duen neurria bi metro eta 45 zentimetro dira. Zehaztasun hau eman ondoren gatozen duela 32 urte Artadialde taldeak egin zuen marka eta seikotea nortzuek osatzen zuten aipatzera.

Talde irabazleak untze edo plaza bat, hamaika zinta eta metro bat egitea lortu zuen. Tantaren baten faltan gelditu ziren bi plaza osatzeko. Taldekideak benetan indartsuak izan ziren: Anton Totorikaguena Markinako Leoia, orain urte gutxi hil dena, Agustin Unamunzaga, garai hartan gizon proben munduan onena, Iketza, Jayo, Koba eta Arruti, denak indartsuak eta ofizioa ongi ezagutzen zutenak. Seikote honek egin zuen marka ontzea zaila dute igandean Usurbilen arituko diren taldeek.

Artadialderen atzetik Gabika sailkatu zen, talde bizkaitar oso ona. Hirugarren Hiruzubieta. Laugarren Usurbilgo taldea izan zen, untze bat eta bi zinta ozta-ozta eginaz. Bosgarren, beste bizkaitar bat, Ispaster, taldekide guztiak herrikoak bertakoak zirela gainera. Seigarren Lapurdikoak eta zazpigarren Otxotegi arabarrak. Artadialdek 300.000 pezetako saria jaso zuen.

Esan behar da, giza proban, indarraz aparte, indarrak erabiltzen jakin egin behar dela. Besoetan indarra franko izan arren, garrantzitsua da gorputz osoarekin aritzea. Indar guztiak ongi aprobetxatzen jakin behar da. Eta kolpea bat-batean ematean dago sekretua. Indarrak bateratu, eta horrela egiten ez denean indar-galtze handia sortzen da.

Igandean hiru talde

Hiru talde arituko dira igandean, eta taldeen eraketa modua oso desberdina da. Seikoteak bi dira, baina emakumeak ere tartean direla. Eta hirugarren taldea, emakumezkoena, 22 pertsonak osatzen dute eta harriari tiratzeko era guztiz desberdina izango da. Uztarri bereziarekin arituko dira. Beste bi taldeak ohiko eran ariko dira, baina emakume bat edo bi tartean sartuta. Giro ederra izango da.