Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSE LUIS OTAMENDI
IDAZLEA

«Mundua txikitasunetik ulertzen dugunok beti gertatuko gara galtzaile»

Bere kontraesanen eta errenen bilaketa etengabean aritzeaz batera, inguratzen duen errealitatearen analisia egin eta, kolektiboki berria eraikitzeko, hura diluitu nahiko lukeen poeta aurkezten du Otamendik «Disoluzio agiriak» (Susa) olerki-bilduman. Gaur, Literaturian emango du errezitala.

«Disoluzioa» joko asko ematen duen hitza da.

Bai, uste horretan aukeratu genuen. Disoluzioak nik uste islatzen dituela nire baitan bizi izan ditudan aldaketa garai batzuk, eta uste dut inguruan gertatzen ari dena neure begiz esateko ere balio didala, erakusteko hainbat gauza aldatzen ari direla. Norbere bizitzarekin bateratsu joango da hori, baina irudipena dut aldaketa dezente bizitzen ari garela azken hamar urteetan, eta neure erara adierazteko modua bilatzen saiatu naiz liburuan.

Poetak desegin eta berreraiki nahi luke inguruan duena?

Neurri batean, bai. Urtzea, desegitea, da kontzeptu horren ulerpidea eman dezakeenetako bat, eta, gero, ihes egin edo berregiteko bidea ere izan liteke, edo itxaropena bada behinik behin. Nik ez nukeena nahi da derrotismoaren hondarretan lokaztuta egon; interes gehiago bilatzen diot elkarrekin eta modu kolektiboan garai konplexu hauei, disoluziotik, testura berri bat emateari, ore edo salda berri bat topatu, baliagarri izan daitekeena elkarrekin bizitzen jarraitzeko.

Lehen pertsona singularra erabiltzea hautatu duzu. Ni-a da protagonista.

Horretan uste dut markatu dudala diferentzia aurreko lanekiko. Neure gorputzetik abiatu naiz hizketan, dudarik ez baitago norbere gorputza dela politikarako abiapuntua; azkenean, mundu honetarako eman zaigun denbora eta espazioa geure baitako hauxe da eta horrek jartzen gaitu harremanetan munduarekin eta besteekin. Orduan, nitasun hori azpimarratu nahi izan dut politikarako abiapuntu den heinean eta barrura begiratzeko bide errazagoa emango zidalakoan.

Gorputza erabili duzu beste leku batzuetara iristeko ere: zahartzea, zaugarritasuna, gorputza ematea...

Abiapuntu hori baliatu dut sozializaziorako ate edo leiho bezala. Azkenean, poesiaren bidez bilatzen dugu nolabait partikulartasunari ahotsa ematea, baina aldi berean hori kolektiboan mamitzen dela azpimarratuz. Itxurazko kontraesan bat dago hor, baina jokoa horrexek ematen dit, ni horretatik beste ni batzuetara iristeak, ze ni hori, hizkuntza edo memoria bezala, eraikitze soziala da funtsean: gorputza ez da bakarriko lanez eraikitzen den ezer, hor jarri nahi izan dut azpimarra, horri eman nahi izan dizkiot hitzak.

Uste dut poesiaren erronketako bat horixe dela, hitzez oso nekez adierazten diren gauzei hitzak bilatzea, nahiz oso gauza sotilak, apalak edo sinpleak izan itxura batean. Hitzetara ekartze horretan dago borroka.

Poema batzuetan aipatzen dut gaur egungo hitzen bila nabilela, eta uste dut hori akuilua dela nork bere burua zirikatu edo bultzatzeko.

Atzo, lagun batzuekin hizketan, aipatzen genuen askotan ahokada itxura har lezakeela esateak ‘gaur egungo hitzen bila nabil, baina ez dauzkat nik’; noski ez dauzkadala nik, baina horrexegatik ari naiz idazten eta horrexegatik tarteka altxatzen dut burua eta mintzatzen naiz ozen. Neure ekarpena ahalegin horretan nahi dut egin, zera kolektibo horren baitan, hortik nahi dudalako nire ekina erakutsi.

Poesia molde berria aurkitzea izan duzu helburu, beraz. Hurreratu zara helburura?

Ez dakit... topatu izan banu, seguru asko utzi egingo nion idazteari. Nik uste bilaketa bera dela elikatzen zaituena eta indarra ematen dizuna jarraitzeko.

Ni-tik gu-ra, gertukotik gai globaletara egin duzu jauzi: migrazioak, arrasto ekologikoa, kapitalismoa…

Bai, liburu honetan dezente ageri den kontua da gauza arrunt edo itsusi direnak poesiaren apaingarriz ematea. Nik ez dut behin ere nahi izan mundutik aparteko poesia bat egin –ez dut uste inork nahita ere egin dezakeenik–, poesia beti bizitzaz zikindutako zerbait moduan ulertu izan dugulako askok eta saiatzen naiz hori neure eguneroko jardun poetiko horretan txertatzen. Hau da, egunero bizi ditugun kontuak plaza honetara ekartzeko ahalegina badago, eta hor sartzen dira gizarteko gaiak, ekonomia, indarkeria motak eta bestelakoak.

Ikuspegi oso politikotik.

Bai, ezinbestez. Nik ez dut beste modu batera ulertzen literatur jarduna. Gorputzetik hasita pentsamendura eta sentimenduetara jauzi eginda, uste dut hesitarte horretan mugitzen naizela gehienbat, politika eta ederraren –eta ederra zer da, ezta?– arteko zera horretan. Uste dut talka edo tenka horretan topa nezakeela ñabarduraren bat nire diskurtsoa osatzeko.

Bada sentipen bat poema liburu honetan; mundua bere bidea egiten ari da eta subjektu poetikoa atzetik doa, aldaketa horiek ulertzeko ahaleginean.

Uste dut baietz, badagoela horrelako osatu nahi eta ezin bat hainbeste talka, tenka, tirabira eta gatazka modu aipatzen ari naizen horretan, eta disoluzioak ere uste dut baduela hortik; porrot baten ondoren beste saio bati ekin beharra. Etsigabeko langintza edo ekinbide bat bezala ikusten dut nik eta diozuna ez da okerra, bizi garen mundu hau nola edo hala esplikatzeko argudio bila gabiltza. Hain gure eskuetatik kanpo dago ia dena, non nolabaiteko ordenaren ilusioa elikatu nahi dugun, baina labain edo gainezka egiten digu errealitateak eta, orduan, literaturak, poesiak eta bizitzak berak eramaten gaitu ulerbide batera eta bizitzeko moduko espazio bat eraiki nahi izatera, eta, nahiz jakin askotan hutsala gertatzen dela ekin hori, balio digu aurrera egiten jarraitzeko eta, azken batean, hor badaude balore eta transmisio oinarri batzuk.

Ikusten dut baita ere halako transzenditu nahi materialista bat, alde batera utzita erlijioak eman dezakeen aterpe edo babes itxura hori, eta nik uste objektuetan, hitzetan, jarreretan badaudela transmisio modu batzuk. Gu geu, eta gure gorputza, disolbatu eta desegiten da, baina bada horren bueltan irauten duen zerbait, nahi duzun tasun-ez jantzi daitekeena, izan edertasun, elkartasun edo duintasun baten bila egiten den ahalegin kolektibo belaunaldiz belaunaldiko bat. Hor ikusten da halako segida bat, eta bada itxaropenarentzat leiho koskor bat.

«Zorionaren kontra» idatzi duzu, izen bereko poeman. Hor ere bada joko bat.

Hitzak hustu egiten ditugu edukiz eta zoriona ere, tamalez, askotan merkatuaren arauekin lotzen dugun zerbait da: zoriona, merkatua, turismoa... eta egun asko erabiltzen den beste hitz bat, ekintzailetasuna. Kapitalismoak janzten eta eranzten dituen kontzeptuak ez ote diren nago eta zoriona nik uste bizimodu onaren kontrako bihur litekeela askotan: ‘dena edo ezer ere ez’ joko horretan jartzen gaituzte eta horrek frustraziora garamatza gehienetan. Helburu apalagoak, ondo bizitzearekin lotutakoak liratekeenak, jarriz gero, beharbada egingarriagoak izan litezke, era pertsonalean zein kolektiboan.

Kapitalismoaz ere dezente idatzi duzu. Adibidez: «Eraldaketa sozialerako arma da kontsumoa». Ebidentea dirudiena baina ez guk uste bezainbeste.

Bai, hori ere bi aho dituen labana da. Esaldi hori ekonomiaz diharduen liburu batetik hartutakoa da –batzuetan esaldi osoak hartu eta eraldatu izan ditut– eta ados nago alde batetik hor diodanarekin, baina justu buelta emanda ere esanahi perbertso bat dago. Kontsumoaren gurpilak eraman gaitzake demokraziaren perbertsiora ere, gehiengoak nahi duenarekin bat egin beharra badago. Eta, gu, txikitasunetik mundua ulertzen dugunok, beti gertatuko gara galtzaile.

Hasieran esaten nizuna da: poesiak partikularraren aldarria egiten badu eta gauza ona edo gustagarria gehiengo zabal baten babesarekin behar badugu aupatu, ba jai dugu. Gu azken batean txikiak gara, poesia defendatzen ari gara herri, hizkuntza, kolektibo, klase baztertuen aldera lerratuz.

Poema batean zure gorputza eskaini diozu Kataluniari.

(Barrez) Bai, jolasa da. Nik uste nagusi den logikak absurdora edo txistera eraman gaitzakeela eta, bai, Pernandoren edo nahi bada pobrearen arrazoietara lerratu beharra daukagula eta, nola esan, garai prelogikoak erreibindikatzera edo beste logika modu batzuk planteatzera. Azken batean, txikiok zerbait egingo badugu izango da elkar hartuta eta ez handien aho zabal horrekin esaten diren printzipio zapaltzaile horien alde jarrita.

Lan honetan ironiatik gehiago jo duzu agian.

Bai, tarteka badago autoparodia edo ironia. Gustatzen zait umorea dela ere oso nekez antzematen den umore hori, eta barre egitea norbere kontraesanei.

Hausnarketa asko dago olerkietan, galdera ugari, baina galdera-markarik ez. Nondik datorkizu hautu estetiko hori?

Oso gaztetatik ahal den ikur ortografiko gutxien erabiltzearen aldekoa izan naiz. Hasi ginen garai hartan, geure hizkeraren txikitasunaren alde egin genuen. Badakit horrek zaildu egin dezakeela irakurketa, eta espazioekin jokatzera eta beste trikimailu batzuetara jo beharra ekartzen dizu. Kezkatxoa sortzen zait batzuetan, zenbateraino ari ote naizen eskatzen irakurleari, liburu honetan irudi, sintaxi eta lexiko aldetik halako askatasun batekin aritu izan naizelako, eta xuhur samar ote nabilen ematearen aldetik eta eskatzeko garaian aldiz exijente.

Kezka horrek eraman zaitu inoiz ezer aldatzera?

Ba... bai. Gatozen lekutik gatoz, gazte denboran nahi genuen aurreko belaunaldiekiko diferentea izango zen gure hizkera modua aurkitu –uste dut nire kasuan behintzat ezjakintasun handi bat zegoela horren atzean– eta urteen poderioz ikasten duzu zerbait, baina libertade hori beti estimatu izan dut, bai irudi metaketarena, surrealismoarena eta beste hainbat ismo-rena, eta txerto horren arrastoak geratzen dira. Eta edizio lanak ere, tarteka bridatu beharrak, laguntzen du horretan.

Errezitalekin ere animatu omen zara.

Asteazkenean hasi nintzen, Bilbon. Formatu soilean izango dira, poema batzuk hartu, sarrera soil batzuk egin eta irakurri, besterik gabe. Liburua jendaurreratzeko modu samurra da, eta ematen du eduki dezakeela bide txiki bat.

«Paradisu bat ematen zaigu, jakinda paradisu hori eraikitzen dela beste askoren infernuaren gainean»

Paradisuak pisua hartzen du azken atalean, eta zazpi ataletan egituratu duzu liburua. Zeri erantzuten dio egituraketa horrek?

Pentsatu nuen erlijio judeokristauaren eskema hori hartu eta, Jainkoak zazpi egunetan mundua egin zuen bezala, liburu honetan, modu askoz ere apalagoan, zazpi ataletan agertzea gaur egunekotik begiratuta mundua nik nola aurkez nezakeen eta aldi berean erakustea beste modu batera egiteko nahia. Gu jada hemen gaude, munduan, ez daukagu gure gainetik jarriko zaigun inoren beharrik gure mundu hau esplikatzeko. Gure kaskarrean garena geuk azaldu beharko dugu eta noizbait asmatuko bagenu pertsona bezala ahalduntzen eta gure nortasuna osatzen, ba hortxe errendituko ginateke, hortxe moldatuko ginateke.

Bada bakarreko egiletza handinahi horri kontrakar egiteko modua ere; gure txikian, gauzak gaizki edo ondo baina geuk egin beharko ditugu era kolektiboan, ez daukagu gure gainetik jarriko den inoren beharrik.

Orduan, paradisuarenak jokoa ematen zidan: mundu honen lege nagusi horiekiko otzan garenok sari bezala jasotzen dugu lehen munduko ongizate burges hau, hemen nahiko ondo laketzen gara. Hori da mundu honek ematen digun saria: paradisu bat ematen digu, aldi berean jakinda paradisu hori eraikitzen ari garela beste askoren infernuaren gainean. Horrekin lotuta daude hainbat metafora, urtze globalarena-eta.

Kritika edo eraldaketarako nahi hori dagoen aldetik, pentsatu duzu irakurlearengan, idazten edo bilduma osatzen ari zinen unean?

Idazteko joerak dira. Nire idazteko era da asko idaztea. Behar dut idaztea, lagundu egiten dit, baina gero jendaurreko jauzia ematerako garaian hasten naiz askoz gehiago zorrozten eta hor bai, hor oso presente daukat izan litekeela testu multzo hori jendaurrerako. Baina batik bat neure koska eta kontraesanak jartzea interesatzen zait, ze poesiak beharbada inor jakintsuago egingo du baina niri kontzienteago izatea eskaintzen dit, akaso konturatzea zaurgarriagoa zarela baina agian iragazkorragoa ere bai, inguruarenganako irekiago edo sareagoa.A.A.