Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bi izaera, pertsonaia bat: Koro Navarrok euskaratu du Stevensonen klasikoa

Ikertzaile zintzoari esperimentu bat gaizki atera eta hiltzaile maltzur bilakatzen da. Aski ezaguna dugu Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren arteko dikotomia, ongiaren eta gaizkiaren artekoa, gu guztion barruan ezkutatuta dagoena. Robert Louis Stevensonen klasikoa dakar Ereinek, euskaraz, Koro Navarrok egungo hizkuntzara itzulia. Literatura unibertsaleko narrazio laburrak gaztetxoen eskuetan jarri nahi dituzte, helduentzako ere badirela gogoraraziz.

“Jekyll doktorea eta Hyde jaunaren kasu bitxia” da Ereinen 4nak saileko laugarren liburua. Sail honek literatura unibertsaleko klasiko laburrak bildu eta euskaratzen ditu, DBH eta batxilergoko ikasleei zuzendutako liburuen eskaintza zabaltzeko asmoz. «Konturatu gara eskoletan euskaraz irakurtzen dituzten liburuak ez direla hain egokiak gaztetxoentzat. Hauek laburrak dira, baina harrigarriak», aipatu zuen Inazio Mujika editoreak, helduentzat ere aproposak direla gaineratuz.

Koro Navarrok euskaratu du Robert Louis Stevenson eskoziarraren testu ospetsua. Idazlea pirata eta abentura istorioengatik egin zen ezagun, eta “Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia”, 1886an argitaratua, oso garrantzitsua bihurtu da Europako literaturan. Editorearen hitzetan, Kafkak eta berak lortu dute egunerokotasunean txertatzea; egoera bat «kafkianoa» dela edota pertsona bat «Jekyll eta Hyde bezalakoa» dela esaten da egun oraindik.

Eman berri duten liburuari dagokionez, genero ugari nahasten ditu. Stevenson izan zuen amets batean oinarritu zen berau idazteko eta abentura istorio gotiko eta psikiatrikoa atera zitzaion. Koro Navarrok esan zuenez, «psikoanalisia Freudek berak ez luke hobeto idatziko» bi izaera dituen pertsonaia baten inguruan.

Itzultzaileak kontatu zuen Stevenson ikaragarri famatua bihurtu zela eta idazle handitzat hartzen ditugunek asko miresten zutela, gainbehera etorri zitzaion arte. «Oxfordek egin zuen idazle britainiarren antologian ez da ageri», aipatu zuen. Baina gerora «abentura hutsen idazlea baino gehiago zela» konturatu zen gizartea eta berriro ospea berreskuratzen joan zen munduan idazle itzulienetako bat izatera heltzeraino.

Navarroren iritziz, «okerra izan da pentsatzea liburu hauek haurrentzako direla. Umeei ez zaizkie gustatzen; gaztetxoei bai, ordea, eta literatura ona bezala, betirako dira», esan zuen 4nak saileko liburuak gazte zein helduentzat direla gogoraraziz.

Itzuli duen liburuari buruz esan zuen itzulpenez gain, horren antzerki lanak, pelikulak, musikalak eta marrazki bizidunak egin dituztela. «Irakurketa asko ditu, bakoitzak interpretatu dezala nahi duen bezala», adierazi zuen. Berak ingelesa ikasten ari zela irakurri zuen lehen aldiz. Garai hartan haur txiki bat zaintzen zuen eta normalean ondo portatzen zen, Jekyll doktorea bezala, baina batzuetan kasketa handiak hartzen zituen eta Hyde jauna bihurtzen zen. Orduan ulertu zuen denok dugula alde ilun bat.

Itzulpenen mundua

Navarrorena lan honen euskarazko hirugarren itzulpena da, baina horrek ez du esan nahi beharrezkoa ez zenik. «Itzulpenak zahartu egiten dira eta komeni da berritzea; are gehiago gure hizkuntza bezalako batean, ziztu bizian dabilena», esan zuen. Gainera, ingelesetik itzuli du zuzenean.

Itzulpengintzari buruz ere mintzatu ziren Mujika eta Navarro. Lehenak aipatu zuen, aurreiritziak aurreiritzi, euskal irakurleek nahiago izaten dituztela jatorrian euskaraz idatzitako liburuak baina, bere ustez, beharrezkoa da klasikoak ere euskaraz egotea. Navarrok, berriz, gogoratu zuen gaztelerara edo frantsesera itzulitako liburuak ez direla jatorrizkoak, eta batzuetan euskarazko itzulpenak hobeak direla. Izan ere, trebakuntza dela eta, euskal itzultzaileek Euskaltzaindiaren arauak primeran dakizkite eta euskal idazle batzuk baino «diziplinatuagoak» dira. Hala, euskarazko itzulpenak irakurtzera animatzen dituzte irakurleak.