Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

Frantziako Itzulia irabazle Trentoko jaialdi entzutetsuan

Mendia, kultura, abentura eta esplorazioa uztartzen dituen zinemaldiaren 67. ekitaldian «La Grand-Messe»-k jaso du film onenarensaria. Denera, 18 herrialdetako 27 film izan dira lehian. Maroko izan da Trentoko gonbidatu berezia.

International Alliance For Mountain Film erakundearen zirkuitua hasi da dagoeneko. Ohi bezala, mendiko zinemaldien hitzorduen artean Trentokoak arreta berezia pizten du. 1952. urtean sortu zen, eta mendiko zinemaldi guztien artean ibilbide luzeena du. Bai, dagoeneko 67 ekitaldi bete ditu; azkena, apirilaren 27tik maiatzaren 5era egin dena.

Zaharrena da, bai, baina jaialdi italiarrak badu xarma berezia. Normala denez, mendiko zinemaldi guztiek bilakaera naturala izan dute. Garai batean mendiko kirol zehatz batzuetan soilik zentratuta zeuden, baina ikuspegia zabaldu dute eta egun mendiarekin lotuta dauden beste eite batzuk jasotzen dituzte.

Trentokoak, adibidez, mendia, abentura, kultura eta esplorazioa ditu ardatz. Horrela aurkezten du behintzat bere burua. Beste batzuek bezala, jaialdi honek “itxuraldatu” egin ditu bere oinarriak, asmo eta ikuspuntu berriak bultzatuz.

Urteak daramatza aurpegi berrituarekin, eta agian horregatik egon da beti prest ezustekoak emateko. Eta askok diote horietako batek film onenaren sarian izan duela isla. Nori bururatzen zaio aitortza hori Frantziako Itzuliaren inguruko pelikula bati ematea? Bada, Trentoko jaialdiari. Hori horrela entzunda, segur aski irakurle asko harrituta geratu da. Baina hala izan da. Adituek diotenez, mendiko zinemaldiak izaten ari diren eraldaketaren adibide argia da. Sail ofizialean lehiatu direnen artean, beraz, protagonista nagusia Meryl Fortunat-Rossi belgikarrak eta Valery Rosier frantziarrak zuzendutako “La Grand-Messe” filma izan da.

Jakina, Trentoko izarra izan da, baina, ohi den legez, bederatzi egun iraun duen mendiari buruzko jaialdi horretan beste protagonista batzuk ere izan dira. Gogoratu behar dugu, oro har, italiarrek eskaintza zabal eta erakargarria aurkezten dutela; hots, egitarau luzea eta oparoa.

Aurtengo ekitaldian ere makina bat hitzaldi izan dira. Mendi gidariek, alpinistek, idazleek... leku propioa izan dute. Kanpotarrek zein etxekoek. Azken hauek oso ondo “zaintzen” dituzte; izan ere, Reinhold Messner, Herve Barmasse eta enparauek toki berezia izan dute... Argazki erakusketek, liburu azokak eta beste ekimen batzuek ez zuten hutsik egin. Eta horretaz guztiaz gain, gonbidatu berezi bat egon zen: Maroko. Afrikako herrialde horretako mendiak, kulturak, herritarrak... ezagutarazi zituzten.

Ikuspuntu ezberdinak

Hori guztia aipatu ondoren, mendiko zinemaldi guztietan bezala, Trenton ere pelikulak dira benetako izarrak. Jakina, horregatik antolatzen dute lehiaketa ofizial bat.

Antolatzaileen eskuetara iristen diren ekoizpen guztiak aztertu eta “garbiketa” egin ondoren, lehian parte hartuko zutenen izenak kaleratu zituzten. Film horiek guztiak 12 sailetan banatzen dituzte. Eta, arestian aipatu dugunez, izaera eta kolore ezberdinetako gaiak jasotzen dituzte. Tartean dira abenturazkoak, begirada etnografikoa dutenak, film esperimentalak, artistikoak, animazio lanak...

Denera, 18 herrialdetako metraje luzeko 15 zinta eta 12 film labur izan ziren lehian. Kalitate onena zeintzuk zuten erabakitzeko bost kidez osatutako epaimahai bat izan zen: Charlene Dinhut, Ed Duglas, Arunas Matelis, Eliane Raheb eta Giulio Sangiorgio.

Eta lehendabiziko “ezustekoa” film onenaren izendapenarekin iritsi zen. “La Grand-Messe” izan zen, Tour de France edo Frantziako Itzuliari buruzko lana. Oro har, Fornutat-Rossi eta Rosier zuzendariek txirrindularitza-lasterketara hurbiltzen diren zale fanatikoen begirada jaso nahi izan dute. Hain zuzen ere, epaimahaiak zale horien jarrerak nola islatu diren baloratu du: «Film honetan bikain aztertu eta azaldu dute talde fanatiko horien nortasuna eta bultzatzen duten nazionalismoa. Lasterketa eguna hurbiltzen den heinean, zuzendariek belaunaldi nagusi bateko zaleen bizitzak aztertzen ditu. Atzera begiratuta, zale horiek zein Frantzia zer bihurtu diren zehaztu dute».

Irabazle nagusiaz gain, beste sei pelikula saritu zituzten. Esplorazio edo abenturazko film onena Stefan Bohun austriarraren “Bruder Jakob, schlafst du noch?” izan zen. Mendiko film onenaren saria: Francesco Fei italiarraren “La regina di casseta”. Ikuspuntu artistiko eta tekniko egokiena duen pelikula Hannes Lang alemanaren “Riafn” izan da.

Julien Huger zuzendari frantziarraren “Stations”-ek film labur onenaren saria jaso du. Epaimahaiaren saria Nikolaus Geyrhalter austriarraren “The Border Fence”-entzat izan da. Eta epaimahaiak egindako aipamen berezia Yaser Talebi irandarraren “Beloved” pelikulak eraman du.

Trentoko mendiko zinemaldiak eman duenaren berri eman eta gero, Luana Bisesti zuzendariak 69. ekitaldiaren balorazioa egin du: «Pozarren gaude geure komunitatearen nortasuna indartsu dagoelako. Elkarrekin egotea eta egitarauan antolatu ditugun ekimen guztiak partekatzea izaten da geure helburua. Eta beste behin ere publikoak ez du hutsik egin. Jaialdia biltzeko eta hausnartzeko leku paregabea da. Nazioartera begira gero eta irekiagoak gara; geure lurraldea munduari begira jartzen dugu. Era horretan mendia eta kultura laborategi bihurtu dugu. Epaimahaia ere zoriondu nahi dugu, besteak beste, gai izan delako aurkeztu diren filmetako gai nahasketa eta aniztasuna bikain islatzeko».