2019/05/13

Kronika
36. HERRI URRATS SENPEREN
OSPATUZ, BORROKATUZ, HANDI EGIN DA EUSKARAREN SEASKA

LAGUN AUNITZEN LANARI ESKER, 36 IKASTOLA SORTU DIRA IPAR EUSKAL HERRIAN. HELDU DEN SARTZEAN JAIOKO DA 37.A, ARBONA-AHETZEN. 4.000 IKASLEREN LANGA GAINDITUKO DUTE ORDUAN. MENDE ERDI BETE DU SEASKAK ETA INDARTSU OSPATU DU HERRI URRATSEN EDIZIO BEREZI HAU, EUSKARAZ IKASTEAREN ALDE BORROKARA DEITUZ.

Maider IANTZI
0513_eh_herri
«Aintzira gainezka, aparkalekuak beteta (13 hektarea) gehi autobusak, edalontzi eta ogi guziak salduak...», balantzea ederra da

Borroka bat ez baita bukatzen irabazi ez duguno, eta irabazten badugu ere, segitu behar da ondokorako. Hala adierazi du Seaskaren adin bera duen bertako lehendakari Paxkal Indok, bestari hasiera eman dion ekitaldi mamitsu eta hunkigarrian. Auzapez ugari, departamentuko kontseilariak, alderdi eta sindikatuetako kideak, euskalgintzakoak, senatariak, diputatuak... Parte-hartzaile pila izan du Herri Urratsen inaugurazioak. Estatu frantseseko inor ez, ordea.

«Lakua gainezka, aparkalekuak beteta (13 hektarea) gehi autobusak, edalontzi eta ogi guziak salduak...», balantzea ederra da. Antolatzaileek erran dute ez dutela Estatuaren erantzunik izan, baina espero dute «irudiak ikustean ohartuko direla hau urgentziazko gaia dela eta jende asko mugitzen duela».

Hunkigarria izan da goizeko ekitaldia, Indok, 2008tik Seaskako lehendakari izan denak, kargua utzi duelako –ez dute iragarri nork hartuko duen lekukoa–, erretreta hartu duten bederatzi irakasle omendu dituztelako, bidelagunak eskertu dituztelako... Baina hitz-hartzeak, batez ere aldarrikatzaileak izan dira, umorez lagunduta etorri arren.

Eskola publiko eta pribatuetan garatzen hasi den «murgiltze eredua suntsitu nahi du frantses Estatu jakobinoak», salatu du Indok. «Gainera, ikastolei behar ditugun postuak ukatzen dizkigu».

Joan den ikasturtea Hezkuntza Ministerioarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) hitzarmenik lortu gabe joan zen. Negoziazioetan ari dira, eta ikuspuntu ezberdinak eman dituzte Indok eta Beñat Arrabit EEPko lehendakariak.

Arrabitek ituna «adostekotan» direla iragarri du eta izenpetzeko data ere bota du: «Uztailak 2». Baina, gibelean, zalantza keinuak egiten zituen Indok. Eta gero, hitza hartu duenean, «posturik gabe ez dela hitzarmenik izanen» ziurtatu du. Ez dakite zenbat lanpostu izanen dituzten datorren ikasturtean. «30 behar ditugu eta bost eskaintzen dizkigu Ministerioak». Bertze data bat jarri du, hortaz: heldu den ostiralean, 18.00etan Donibane Lohizunen, “Euskaraz ikasi nahi dugu. Murgiltze eredua ez unki” leloarekin.

Mobilizatzearen alde agertu da Mathieu Berge Akitania Berriko ordezkaria ere, «beharrezkoa delako murgiltze eredua eta dena gelditua dagoelako. Ezin onartua da». Pirinio Atlantikoetako lehendakari Jacques Lasserrek, berriz, dituen sareak erabiliko dituela hitzeman du, estatu mailan ere gauzak hobetzeko.

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua elkarlana sendotzen segitzeko prest da. Eta Jean Rene Etxegaraik, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, lehenbizikoz euskaraz aditu dugunak, Estatua bertan egon ez arren, elkarlanerako moldea atzemanen dutela sinetsi nahi du.

2.500 lagun lanean

Senpereko besta ederra antolatzen eta zaintzen ari ziren 2.500 ikasle, guraso, langile eta lagunei eskerrak eman dizkie Seaskako lehendakariak. Hunkituta, malkoei ezin eutsirik, oroitu da lagunez, eta jende guztia zutik jarri da txaloka.

Bitartean, Seaska bezala, jaia hazten doa aintziraren bueltan; tirolinan, piraguan, oinez zein dantzan, ikastolei eta euskarari bultzada emanez. Aldarrikapenak nonahi daude. Adibidez, bigarren mailakoek elkarretaratzea egin dute, euskarazko kalitatezko hezkuntzaren alde, «baldintzak okertzen ari direlako eta aurreikuspenak ez direlako baikorrak». Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskea ere lau haizeetara zabaldu da.