Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aimar-Irujo klasikoaren bertsio eguneratua, larunbatean Bilbon

Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren arteko partidak, batez ere Buruz Burukoan jokatutakoak, XXI. mendeko klasikoak bezala defini ditzakegu, bere garaian neurketa hauek sortu zuten ikusmin eta lehiarengatik. Zoritxarrez, nahi baino lehenago utzi behar izan zion Iberokoak profesional gisa jokatzeari eta, lesio baten erruz, Goizuetakoak ere ezin izan du aurtengo Manomanistan jokatu –larunbatean berragertuko da Zamoran–, baina klasiko honen nolabaiteko bertsio eguneratua jokatuko da larunbat honetan Bizkaia pilotalekuan.

Hasiberri bat besterik ez zela, maiz eraman zuen Aimar Olaizolak Mikel Urrutikoetxea sparring gisa Irujoren aurka jokatu beharreko finalak prestatzeko. Ikusi zuen ia lehen egunetik esana zuen nafarrak Zaratamokoa txapeldun izatera iritsiko zela eta honek arrazoia eman zion. Binaka ere, elkarrekin lortu zuten Asegarceren azken txapela eta orain zaharrena da gazteari finalerako giltza eman diezaiokeen partida behar bezala atontzen lagundu diona.

Hilaren 9an egin bezala, atzo ere Aimar Olaizola izan zuen entrenamenduan lagun Mikel Urrutikoetxeak. «Oso gustura entrenatzen dut beti berarekin. Teknikoki egiten ditugun saioez harago, bere aholku eta jarraibideak beti izaten dira oso baliotsuak», azaldu zuen bizkaitarrak.

Atzo ere gustura amaitu zuen Urrutikoetxeak bere adiskidearekin egindako lan saioa eta gaur itzuliko da berriz Bilboko pilotalekura, bertan egingo baita partidarako material aukeraketa, eguerdiko hamabietan.

Botilero lanetan

Joseba Ezkurdiak eta Juan Martinez de Irujok ere, berehala konektatu zuten Arbizukoak profesionaletara jauzia eman eta prestakuntza fisikoa Zentrumen egiten hasi zenean. Lagun handiak egin ziren bi aurrelari nafarrak eta horrela, Iberokoaren bihotzeko gaitzak pilota profesional gisa uztera behartu zuenean, bere botileroa izateko eskatu zion Ezkurdiak.

Gaur egun enpresek ez dute baimentzen euren egituratik kanpoko teknikaririk partidetan, baina egunerokoan, Irujoren eta Ezkurdiaren arteko harremanak oso estua izaten jarraitzen du. Ia egunero hitz egiten dute telefonoz, nagusiena maiz joaten da sakandarraren entrenamenduak bertatik bertara jarraitzera eta larunbaterako aholkuak ere emango zizkion. Kantxan elkarren gero eta antz handiagoa ere badute.