2019/05/15

Berri Txarrak lagun artean arituko da Kobetamendin

Aiora Zea Mays, El Drogas, David La M.O.D.A, Leire Iseo eta Matxet dira uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin Berri Txarrak taldearekin batera arituko direnetako batzuk. Arratsaldeko lauretatik aurrera, egitarau oparoa izango dute bertan bilduko diren adin guztietako milaka zaleek. Taldeak Euskal Herrian emateko dauzkan kontzertuen artean oraindik sarrerak salgai dauden bakarra da. Hurrengo hitzordua: Donostian, GARA egunkariaren alde.

Patxi GAZTELUMENDI|bilbo
0515_kul_berri

Gaualdi berezi bat egiteko asmoz, “Berri Txarrak lagun artean” kontzertua emango du taldeak uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin. «Lehenengo aldia eta bakarra izango da halako kontzertu bat prestatzen duguna, baina ilusio handiz gaude», aipatu zuen Berri Txarrak taldeko abeslari Gorka Urbizuk.

«Alde batetik, urte hauetan zuzenean gurekin aritu diren musikari eta artistak, eta bestetik guretzat erreferenteak direnak edo asko miresten ditugunak, hor gabiltza buru-belarri halako esfortzu berezia egiten, ikusleak zerbait berezia ikusteko aukera izan dezan», gaineratu zuen.

Oraindik gonbidatuen zerrenda osatzen ari badira ere, herenak ezagutarazi dituzte, eta beste hamar bat izango direla gaineratu zuen Urbizuk. «Aurkezpenik behar ez duen Enrique Villareal El Drogas izango da bat, sekulako begirunea diogun musikaria; Iruñetik egongo da Iseo taldeko Leire ere, asko miresten dugun egilea, ingelesez abestu arren euskalduna dena».

Berri Txarrak taldeko kideentzat «Euskal Herriko ahotsik ederrena» da Aiora Renteriarena, eta Bilboko Zea Mays taldeko kidea beren-beregi gonbidatu dute Kobetamendiko jaialdira. Zea Mays eta Berri Txarrak belaunaldi bereko taldeak dira, «hamaika aldiz jo dugu elkarrekin eta Aiorak kolaboratu izan du aurretik Berrirekin», gogoratu zuen Lekunberriko abeslariak. Berri Txarrak taldearekin kolaboratu izanagatik ekarri zuen gogora Iñaki Altolagirre Matxet ere, Sega Sound Killers, Anai-arrebak, Jousilouli eta Naizroxa taldeetan aritutakoa eta 2001. urtean “Eskuak ukabilak” diskoan Urbizurekin abesti batean kolaboratu zuena.

Gorka Urbizuk, aldiz, Burgoseko La M.O.D.A taldearekin kantu batean ahotsa jarri zuen, eta orain ikusgarria izango da bertako abeslari David Ruiz euskaraz kantuan entzutea. Urbizuk gogora ekarri zuenez, La M.O.D.A taldeko kantariak behin baino gehiagotan aipatu izan du gustuko taldea duela Berri Txarrak.

Proposamen gehiago

Gorka Urbizuk adierazi zuenez, orain ari dira kontzertu berezi honetako kantuen zerrenda prestatzen, eta gonbidatuekin egingo dituzten 15 kantuez gain, beste hainbat ere izango dira. «Kalkulatzen aritu naiz, eta ez nuke 3 ordu baino gehiago jotzen egon nahi; bi ordu eta erdi inguru izango dira zuzenean», bota zuen berak.

Kobetamendiko ateak arratsaldeko 16.00etan zabalduko dituzte eta arratsalde osoan zehar kultur emanaldi ezberdinak izango dira: Durangoko Ahotsenean izaten diren moduko kontzertuak, kale antzerkia, zirkua, bertso emanaldiak eta dantzariak, besteak beste.

Bihar bertan Berri Txarrak taldekoak Ameriketara abiatuko dira Mexikon eta Estatu Batuetan beste lau kontzertu ematera; eta datorren hilean, hemen eta han aritu ostean Euskal Herrian izango ditugu berriz ere, GARAren alde Donostian antolatu den elkartasun jaialdian.

Oraingoz, Iruñean egingo dituzten agur kontzertuen aitzinetik, sarrerak eskuragai dauden kontzertu bakarra da Bilbokoa, eta bertan milaka lagun eta “berrizale” batzea da taldearen asmoa.

GARA-REKIN


Bihar bertan Berri Txarrak taldekoak Ameriketara abiatuko dira Mexikon eta Estatu Batuetan beste lau kontzertu ematera; eta datorren hilean, hemen eta han aritu ostean Euskal Herrian izango ditugu berriz ere, GARAren alde Donostian antolatu den elkartasun jaialdian.