2019/05/16

Cebek eta Urkullu bat etorri dira egonkortasun politikoa aldarrikatzean

Cebek Bizkaiko enpresa konfederazioak batzar orokorra egin zuen eta, ondotik, gosaria euskal enpresa eta erakunde ugarirekin. Ekimen publikoa eta pribatua elkartu izana goraipatu zuen Iñigo Urkulluk.

GARA|BILBO

AURREKONTUAK


Reyes Maroto Industria ministro espainiarrak aurrekontu berrien beharra azpimarratu zuen. Cristobal Montoro Ogasun ministro ohiak, aldiz, Kontzertua eta Kupoa «konplexurik gabe» bultzatzeko deia egin zuen.

 

%4 FALTA


Iaz EAEko ekonomia %2,8 hazi zela eta enplegua sortu zela oroitu zuen lehendakariak. Halere, «lanpostuen %4» berreskuratzea falta da.

Iñigo Urkulluk instituzioei «egonkor eusteko» konpromisoa hartu zuen atzo enpresarien aurrean, haiek inbertsioen inguruko erabakiak har ditzaten. Cebek Bizkaiko patronalaren batzar orokorraren ondoko gosarian esan zituen lehendakariak hitzok.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek benetako ekonomia produktiboarekiko duten hurbiltasuna baloratu zuen, baita orain dela bost urte Lakuak ekimen publikoa eta pribatua «norabide berean» batu izana ere. Ekonomia eta enplegua berriz aktibatzeko plana, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilua eta formazio dualaren aldeko apustua jarri zituen adibidetzat.

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak ere egonkortasun politikoa aldarrikatu zuen, «lidergotza argiekin, epe luzerako ikuspegiarekin eta akordio transbertsalekin». Espainiar Estatuari dagokionez, «konplikatua» ikusten du gobernatzea eta erantzuna «alderdien esku» dagoela esan zuen. «Negoziatzeko eta akordioak lortzeko» eskatu zien, «denen onerako».

Lan egiteko adinean dauden pertsona gehiago behar direla erantsi zuen eta etorkinak «era ordenatuagoan eta beraien erregularizazioan traba gutxiago jarrita» hartzearen alde agertu zen. Formatzeko eta lanean hasteko laguntzak ematea ere proposatu zuen.

Maroto eta Montoro

Reyes Maroto Industriako espainiar ministroak sistema fiskala «modernizatzea» defendatu zuen eta azaldu zuen «hamar hilabeteotan» frogatu dutela «hazi eta birbanatu daitekeela».

Cristobal Montoro Ogasun ministro ohia eta PPko parlamentaria, bestalde, Estatua «alemaniar estilora» hazten ari dela-eta pozik agertu zen.