2019/05/16

Igerategik bere suhiltzaile postuan jarraitu behar duela aldarrikatu dute
GARA|BILBO
0516_eh_igerategi

Egiako epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo, LABek deituta, Iñaki Igerategik bere suhiltzaile postuan lanean jarraitzeko duen eskubidearen defentsan. “Zigor bikoitzik ez! Iñaki lanera Aldundira!” zioen pankarta batekin, lankideek eta sindikatuko ordezkariek EAJ-PSE foru gobernuaren jokabidea salatu zuten, «sei urtez kartzelan egon eta bere zigorra bete ostean», ez dutelako Igerategik dagokion lanpostura itzultzeko duen eskubidea bermatu nahi.

«Gure babesa eskaini eta berriz ere lanean ikusi nahi dugula aldarrikatu dugu, bere lan egoera bidegabea argitzeko abian den epaiketaren harira», azaldu zuen sindikatuak.

Gipuzkoako Diputazioko Tolosako parkean suhiltzaile lanpostua zuen Iñaki Igerategik 2012an atxilotua izan zenean. Sei urte espetxeratuta izan ostean, kartzela zigorra eta harekin jarri zioten inhabilitazioa beteta, Aldundiari lanera itzultzea eskatu zionean, ezetza jaso zuen eta horrekin «bigarren zigor» bat jarri diotela salatu dute hainbatetan azken hilabeteetan.

LABek salatu duenez, «aurrekari legalei» muzin egin die EAJren eta PSEren foru gobernuak, eta lanpostura itzultzeko zeukan eskubidea ukatu diote Igerategiri, baita funtzionario karreratik baztertu ere, «beteta zuen zigorrari beste bat ezarriz».

Eskubidea eta jurisprudentzia

Azken hilabeteotan Igerategiri elkartasuna adierazi eta bere eskubidearen alde izandako mobilizazio ugariez gain, bilerak ere izan dira Aldundiko arduradunekin. Kontaktu horietako bat otsailaren bukaera aldera izan zen Imanol Lasarekin, Garbine Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak jakinarazi zuenez, baina Markel Olanoren exekutiboak ezezkoan jarraitu zuen.

Pasa den uztailean, LABeko ordezkaritza batek azaldu zuen Diputazioaren egoitzaren aurrean 2012ko otsailetik (atxilotua izan zenean) Igerategi bazegoela bere jardunaren behin-behineko etenaldi batean behin betiko epaia izan arte. Horrela zehaztu zuten Nadet Arrizabalaga eta Jokin Zubieta sindikatuko kideek agerraldi publiko batean.

Epaiaren berri eman zien

Adierazi zutenez, 2015eko maiatzean, Igerategik berak helarazi zion epaia Diputazioari, foru administrazioko erregistroan sartuz.

Orduan, esan zutenez, «Gipuzkoako Aldundiak esku artean zeukan epaia eta ez du kontuan hartu arlo honetan dagoen jurisprudentzia». Ildo beretik, gogoratu zuten Igerategirena ez litzatekeela zigorra bete eta bere lanpostura itzultzen den lehen kasua. Salatu zutenez, Diputazioak «hartu ahal zuen erabakirik txarrena» hartu du suhiltzailea lanik gabe utziz.

«Zigor bat ezarri zioten, bete du eta etxera itzuli da, eta orain Markel Olanok Madrilek jarri ez zion zigorra gehitu dio», nabarmendu zuten.

EAJ eta normalizazioa

Era berean, auzi hau dela-eta, LABeko ordezkariek dei zuzena egin diote EAJri azken hilabeteetan, dioen bezala presoei irtenbidea eman eta normalizazioaren alde badago norabide hori hartzeko eta ez kontrakoa kasu honetan.

Iñaki Igerategik tratu txarrak salatu zituen, Guardia Zibilaren operazio berean atxilotua izan zen Inaxio Otañok salatu zituen bezala. Adierazi zuenez, galdeketa luzeak pairatzeaz gain testifikatu beharrekoa buruz ikastera behartu zuten. Azaldu zuenez, guardia zibilek eurek zuzentzen zuten edo gehitzen zituzten puntuak ofiziozko abokatuaren aurrean. Era berean, 40 orduan lo egin gabe egotera behartu eta sexu erasoekin mehatxatu zutela azaldu zuen atxiloketaren ondoren.

Igerategik lanpostua berreskuratzeko duen eskubidearen gaineko auzia epaitegietan dago, eta hil honetarako espero da ebazpena, LAB sindikatuak aurreratutakoaren arabera.