Euskara hutsezko lanak biltzen dituen Ipar Euskal Herriko lehen azoka eginen dute Ziburun
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren lehen edizioa ekainaren 1ean eginen da. Hamazazpi argitaletxek eman dute izena, herriko Baltsan elkartearen eta «Argia» astekariaren ekimenean parte hartzeko.

«Argitaletxeen aldetik arrakasta izan dugu jada, orain publikoa ere biltzea espero dugu», baieztatu du Baltsan elkarteko Ladix Lanouguere Arrosagaraik. Alberdania, Agorila, Argia, Begiraleak, Belarri, Elkar, Erein, Erroa, Harriet, Hatsa, Ikas, Maiatz, Nabarralde, Pamiela, Susa, Xabiroi eta Zortziko presente izanen dira. Ipar zein Hego Euskal Herriko hamazazpi etxe horiekin batera, autoekoizpenean ari diren Ziburuko musikariek ere mahaia jarriko dute bertan. Herriko plazan ezarriko den karparen azpian bilduko dira denak, 11.00etatik 20.00etara.
Ohi bezala liburuak, diskoak, komikiak eta jokoak izanen dira salgai azokan. Ipar Euskal Herrian antolatzen diren beste hitzorduekin konparatuta berezi egiten duena, ordea, euskara da, hori izanen baita bertan aurkeztuko diren obren hizkuntza. «Ipar Euskal Herrian ez da euskarazko obrak soilik aurkezten dituen azokarik, eta hutsune hori sentitzen da», azaldu du Lanouguere Arrosagaraik.
Azoka garrantzitsuena den Sarako Idazleen Biltzarrean ez bezala, argitaletxeak dira gune, eta haien eskutik artistak hurbilduko dira azokara. Herriko idazleak diren Maddi Zubeldia eta Mikel Dalbretek jada baieztatu dute beren presentzia, eta Asisko Urmeneta eta Dani Fano komikilariek ere bai. Heldu den egunetan zerrenda zehatzagoa emanen dute ezagutzera.
Artisten etorrerari harrera egiteko, azken lanaren aurkezpena edo obra orokorrean ezagutarazteko parada emanen zaie, ordu erdiro hamar minutuko aurkezpenak tartekatuz.
Baltsan elkartea
Zazpi urte dira Baltsan Ziburun sortu zela, euskaraz bizitzeko elkargunea sortuz. Denbora horretan 60 ekimen antolatu dituzte animazio soziokulturala ardatz hartuta, eta euskarari toki pribilegiatua emanez. Bertako kideek 100 urte bete dituen “Argia” astekariko kideengana jo zuten, antolakuntzan beraiekin bat egin zezaten. Bestalde, ekimenarekin bat eginez, Ziburuko ikastolak sardinada eginen du.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
