Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Obelixen herrixka gogoan

Bai, Obelix etorri zait egunotan buru aldera; bera baino gehiago bere herrixkaren giroa etorri. Aitor dut, gaztaroan ez ezik helduaroan ere gehiago irakurri izan ditut horien istorioak Marxen idatziak baino; marrazkien kontua, seguruenik. Herrixkako biztanleen plaza zabaleko bazkari haiek, liskarretan lagunkoi, borroketan adeitsu, doinuetan entzungor… Bada bai, egunotan burutik pasa. Bada ez, ez da izan Gipuzkoan estatutuzaleek estatuzaleen aurka boto-kanpainan abiatu duten oldarraldiagatik; ez, horrek gehiago baitu Marx anaien kamaroteko alde batekoenetik herrixka haren guztion girotik baino. Ez, ez da horregatik izan. Eta ez, herrialde bereko ehiztarien protestagatik ere ez. Arma tiro, pum! Basurdeak gogoan.

Bizkaiko arrain-saltzaileagatik izan da. Aitor dut. Goizeko ordu txikietan altxatu eta gaueko ordu handietan oheratu. Egia esan, ez dakit oheak giza berorik sentituko ote duen hain denbora apurrean; pentsatu behar dut, izara urtean behin aldatuta nahikoa dela halako kasuetan. Tira, arrain-saltzailearen harira! Egunean sartutako orduei erreparatuta, arraina saldu bakarrik ez, aurretik porturatu, ontzia prestatu, itsasoratu, karnata amuratu, arrantzatu, atzera porturatu, deskargatu, saltokiratu, etiketatu eta orduan bai, saltzen hasi! Batu, etxeratu eta oheratu! Iratzargailuaren hotsak batzuen errealitatera berriro ekarri arte. Lauretan puntu, 4.0.

Bada, hori txalotu du horko Aldundiko Abakandorix buruzagiak, lan eta langile adibide jarrita.

Antza, bere alderdiak ez du koltxoirik saltzen. Bai, jendarte eta gizarte ereduen arteko talka dago hauteskunde guztiotan jokoan, eta hauteskunde arteko garaian ere berdin, planetako mundu guztietan eta estratosferan ere bai.

Etengabeko joko horretan doa bizitza, eta bizipenak. Eta edabe magikorik behar izatekotan, bertokoa izan bedi! 0Km!