Surflari ernegatua

Apartheid zaleak

Tom Carroll ez zen izan apartheida salatzeko Hegoafrikan lehiatzeari uko egin zion surflari bakarra; besteak beste, Tom Curren eta Martin Potter “Pottz” surflari profesionalek ere uko egin zioten 1985ean J-Bayn lehiatzeari eta, haien atzetik, surflari gehiago ere batu ziren ekimenean. Carrollek egin zuen bozeramaile lana, baina lehiakide ezagunak izan zituen ondoan eta horrek indarra eman zion ekimenari.

Esate baterako, Tom Curren izan zen urte hartako munduko txapelduna, eta beranduago, 1986. eta 1990. urteko munduko tituluak ere berak eskuratu zituen. Baina kritika gogorrenak 1989an munduko txapeldun izan zen Martin Potterrek jaso zituen. Erresuma Batuan jaio eta gutxira Hegoafrikara bizitzera joan ostean, Durbanen hazi zen “Pottz”, eta bertakoa izaki, presio izugarria jasan zuen. Urte hartan bertan jasan zuen jazarpenagatik erabaki omen zuen Australiara bizitzera joatea.

Txapelketaren aldekoen bandoan, ostera, Shaun Tomson izan zen bozeramaile gisa aritu zena. Surflari hegoafrikarra ez zegoen ados beste surflariak burutzen ari ziren boikotarekin. Honakoa zen Tomsonek surflariek txapelketan parte har zezaten konbentzitzeko erabiltzen zuen argudioa: «Kirola ez da politikarekin nahastu behar».

Duela 15 urte, bozkatu nuen alderdiko hautetsiei zegozkien postuak lotsagabeki lapurtu zizkietenean, inozoa nintzen. Uste nuen inguruan nituen senide eta lagunak abertzaleok pairatzen genuen apartheidaren kontrakoak zirela, edo torturaren kontrakoak zirela, baina ez zutela behar adinako informaziorik eta horregatik begiratzen zutela beste aldera. Oker nengoen, inguruan ditudan borondate oneko herritar guztiek oso ongi zekiten zer gertatzen zen, baina errealitatea onartzeak haien biolentzia gaitzestera behartuko lituzke, eta egiaz, biolentzia zaleak dira. Horregatik ukatzen dute indarkeria «legala», indarkeria denik. Ehun pertsonari indarkeriaren kontrakoak diren galdetuz gero, gehienek kontrakoak direla esango dute, eta pertsona berberei polizia beharrezkoa den galdetuz gero, beharrezkoa dela onartuko dute. Aldiz, inork ez du bi erantzunen artean kontraesanik topatuko.

Ezker abertzaleari ezarri ziotena Hegoafrikako apartheidarekin alderatzea gehitxo da, baina oso gogorra izan zela ukaezina da. Sasoi hartan Zarauzko Surf Elkarteko batzordeko kide nintzen. Interes pertsonalak asetzeko elkarteari sekulako zorra utzi zion morroia elkarteko idazkaria zen orduan, eta aldi berean, herritarrek emandako botoei kasu eginda, ez zegokion hautetsi postua betetzen ari zen, ezker abertzaleari sarrera debekatu zioten udaletxean. Nik botoa emandako lagunari zegokion postua indarrez betetzen zuen pertsonarekin batzorde berean lan egin ezin nuela eta, elkartea utziko nuela iragarri nuen azken bilkuran. Inork ez zuen ezer esan, baina nire diskurtsoa «politikoa» zen. Shaun Tomsonen esaldia mila bider errepikatzen dutenek, ordea, inoiz ez zuten ikusi PNVko hautetsi bat elkarteko idazkari izateak zuen kirats politikoa. Horregatik, kirolarekin nahastu behar ez dena politikari profesionalak direla esango nieke, eta ez politika. Guztia baita politika, baita bi pertsonaren arteko begirada isila ere.