Ibon Cabo Itoiz
KOLABORAZIOA

Ikurrak adierazpen askatasunaren alde

Azken egunotan, adierazpen askatasunaren aldeko eztabaida batzuk sortu dira iritzi publikoan. “Berria”-n argitaratu dituzten artikulu batzuk irakurrita, iritzi artikulu hau idaztea erabaki dut nire kezka adierazteko.

Argi dago adierazpen askatasunaren atzean ez dagoela bakarrik eskubide orokor bat, baizik eta demokrazia bera dago sartuta eztabaidaren erdian. Horregatik, iritzi publikoan batzuek ikur asko erabiltzen dituzte benetako demokraziaren alde daudela erakusteko, bereziki hauteskunde kanpainan. Hala eta guztiz ere, gizarte aurreratu batean inklusioak ezin du bazterketara eraman. Horretarako, ikur batzuk erabiltzen dira esklusioaren alde eta horien aurrean harresi demokratiko berri bat eraiki behar dugu.

Adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea izan behar da demokrazia batean. Zeharkakoa izan behar da arlo guztietan. Esate baterako, kulturan, komunikabideetan edo politikan erdian kokatuta egon behar da. Ezin dugu hitz-erdika ibili, oro har, gure bizimodua babestu behar dugulako. Egia da, azken urteotan, «Mozal legearen» ezarpena ikusita, adierazpen askatasuna ez dabilela bere unerik onenean. Era berean, kanpaina honetan tirabira batzuk egon dira alderdiek antolatu dituzten ekitaldiekin. Gainera, komunikabide batzuk presio izugarriak jasaten ari dira. Hori gutxi ez eta hedabideek atentatuak ere jasan dituzte, esate baterako, “Charlie Hebdo”-rena.

Eskubide hori babesteko, Euskal Herriari dagokionez, ikur batzuk ugari erabiltzen dira; hau da, Altsasu, Errenteria eta hiriburuak ustiatuegi daudela uste dut. Altsasu herria alderdi eskuindarrentzat ikur bihurtu da. Estatuaren iparraldetik hegoaldera terrorismo delitua inork ez duenez ikusi gertatutakoaren balorazio egiterakoan, komunikabide batzuk herriaren izena erabiltzen saiatu dira askatasun falta dagoela salatzeko. Errenteria ere erabiltzen saiatzen dira sarritan, familia guztietako biktimak elkarlanean hasi direlako. Eta nola ez, hiriburuetan marka berri eta berde batek ekitaldi batzuk antolatu ditu polemika pizteko asmoarekin. Horren aurrean, sare antifaxistak adierazpen askatasunaren eskubidea berriro mahai gainean jarri du.

Vox alderdiak askatasunaren ikurra erabiltzen du, irabazita dauden eskubide batzuen kontra borrokatzeko. Alderdikide horiek askatasunaren aldeko eskaera beste eskubide batzuk zapaltzearren erabiltzen dute. Komunikabideen artean ere denetarik dago. Garai batean pelikulen zentsura orain baino zorrotzagoa izaten zen. Gaur egun, ordea, komunikabideetako zuzendariak sotilago jarduten dira baina, hala eta guztiz ere, Auzitegi Gorenaren hainbat erabaki babesten dituzte. Askatasunaren alde lan egiten dutela esaten dute denek, baina beti iritziak babesteko. Ez daukate finkatuta beraien lerroetan eskubide orokor bat izango balitz bezala. Hori ere erabat ondo ikusten da memoria historikoaren tratamenduari begiratzean. Voxek zein komunikabideek erabiltzen dute gai hau sekulakoak esateko, baina ez askatasunaren eskubidearen defentsa egiteko.

Horregatik diot, iritzietan eta politikan adierazpen askatasuna babestuta egon behar den arren, agente batzuek ezin dutela eskubide hori erabili gorrotoa bultzatzeko. Urrats asko egin behar dituzte batzuek benetako demokraziaren parte izateko. Euskal Herrian, ordea, erabat aurreratuta gabiltza besteen izaerarekin konparatuz. Ikurrak ezin dira biratu aurrekoari min egiteko. Adierazpen askatasunak muga batzuk ere badakarzkigu, iraganetik irakurketa asko datozkigulako. Pakitoren garaia bueltatu ez dadin. Ikurrak ere babes beharrean daude gaur egun, zoritxarrez, eta izugarrizko erronka daukagu aurrean hori konfirmatzeko.