Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

K2 neguan igotzeko asmoa dutenen artean altak eta bajak daude

Piotr Tomolak zuzenduko duen talde poloniarraren espedizioa 2020-2021 arte atzeratuko da. Bitartean, frantziar-nepaldar talde bat aurten joatekotan da.

Himalaiako montzoi aurreko denboraldia pil-pilean bada ere, neguko espedizioen berri batzuk jaso ditugu. Baten batek esan dezake oraindik goiz dela, baina, ez, negua hasteko zazpi hilabete falta dira eta izaera horretako jardunak egin nahi dituztenek ia-ia dena lotuta behar dute izan. Jakina, iazko denboraldian gertatu zen bezala, batzuek isilean edukitzen dituzte euren asmoak. Beste batzuek, berriz, karta guztiak mahai gainean jarri dituzte.

Hurrengo lerrootan, adibidez, bi berri ezberdin eman behar ditugu. Biak ala biak, gainera, K2 edo Chogori mendiarekin (8.611 m) lotuta daude. Gogora dezagun neguan igotzeke falta den azken zortzimilakoa K2 dela; hots, munduko bigarren mendi garaiena.

Askotan aipatu dugu talde poloniar ezberdinek urteak daramatela xede horren atzetik. Datorren negurako, adibidez, Piotr Tomolak zuzendutako espedizioak beste saio bat egin behar zuen, baina azken orduan adierazi dute xede hori bertan behera geratzen dela eta hurrengo denboraldian itzuliko direla: «Talde on zein eraginkor bat osatzeko bermerik edo ziurtasunik ez dut. Beste era batera esanda, izaera honetako jardunetan eskarmentua duen alpinista nahikorik ez dut lortu».

Hori da Tomolak hedabideei adierazi diguna, baina adierazpen horiek bitxiak izan daitezke kontuan hartzen badugu neguko eskaladetan bikain jarduten duten poloniar ugari daudela: Adam Bielecki, Denis Urubko, Marcin Kaczkan, Marek Klonowski, Pawel Dunaj...

Beste bat, bai

Tira, hori da Tomolaren iritzia, eta hala hartu behar dugu. Espedizioaren lider honek egitarau baten berri eman du: «Saiatuko naiz gailurra lortzeko bermea emango duten alpinista batzuk aukeratzen. Eskarmentu handia duten kide batzuk min hartuta daude, eta horrek gure asmoan eragin zuzena izan du. Horretaz gain, alpinista gazteen gaitasuna indartzen saiatuko naiz. Gogor entrenatuko dugu».

Gazteak, beteranoak... Poloniarrei, bederen, aitortu behar zaie K2 neguan jarduteko makina bat alpinista dituztela. Horietako bat aipatu dugu: Urubko. Bada, antza denez, Poloniako Mendizale Federazioko hainbat ordezkarik onartu dute aurtengo neguan berez Chogorira joan behar zuten mendizale batzuk adierazi zutela Urubko ondoan nahi zutela. Baina jakin badakigu beste batzuek haren presentzia baztertu nahi dutela. Irakurtzen den bezala, poloniarren artean haustura dago.

Gai horren inguruan, Urubkok berak zera dio: «Lehenik eta behin Piotr-ekin hitz egin behar dut. Broad Peak mendira joateko asmoa dut neguan. Eta, jakina, K2 buruan izango dut. Ez da diru eta antolaketa kontu bat. Garrantzitsuena da taldean nortzuk egongo diren eta ze entrenamendu egingo duten. Gonbidatzen banaute, agian, taldean sartuko naiz. Alabaina, beste gonbidapenen bat jasotzen badut, hura ere aztertuko dut. Berriro adiskidetu behar naiz himalaismoarekin».

Bien bitartean, talde frantziar-nepaldar batek aurreratu du datorren neguan K2 igotzen saiatuko dela. Aitortu behar dugu xede horren inguruan informazio urria dugula. Dakiguna da espedizio hori bost mendizalek osatzen dutela. Lau frantziarrak dira: Vincent Saura, Vadim Druelle, Jonhatan Bordes eta Tim Serra. Nepaldarra, berriz, Mingma Sherpa da.

Antza denez, Abruzzien espoloian jardungo dute. Oxigeno artifizialik ez dute erabiliko eta estilo erdialpinoaren alde egingo dute. Dakigun beste datu bat da urtarrilean edo otsailean abiatuko direla.