2019/05/23

Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
Konpetentzia digitalak
Erabiltzeko gaitasuna dugu soilik, ez transformatzekoa. Funtsean, ez gara gure «smartphone»-en kontrolaren jabe

Urteko albisteetako bat izango da, ziur aski: Googlek Huaweirekin duen Android lizentzia bertan behera utzi du. Erabaki honen jatorria: gaur astebete Donald Trumpek sinatu zuen agindu exekutibo bat, non AEBetakoak ez diren ekoizle teknologikoen telekomunikazio ekipoak erostea debekatzen den. Erabakia justifikatzeko eman den arrazoia: AEBen segurtasuna. Auzia AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren parte edota hedapen bezala kokatu da.

2012tik begiz jota zuten AEBek Huawei. Frogarik gabeko susmoa: Huaweik ekoiztutako gailuetan «atzeko ateak» omen daudela, informazio konfidentziala lortzeko espresuki instalatuak. Gisako susmoetan oinarritzen dira gerora hartu ziren zenbait erabaki. 2017an Kaspersky enpresa errusiarraren aurka; 2018an Huawei eta ZTE txinatarren gailuak debekatu ziren base militar guztietan.

Orain bide horretan sakondu da. Eta Google izan da erabaki hori bere egin duen lehena. Ikusiko da, baina erabakia bere aurka ere etor liteke, Androiden hedapenean aliatu handienetako bat baita Huawei. Eta zergatik ez, AEBen aurka, Huawei 5G sarearen lider ukaezina baita oraingoz. Microsoft isilik dago oraindik, Huaweik Windows sistema-eragilea duten ordenagailuak ere komertzializatzen dituenean. Deigarria.

Eta bi potentzia hauen arteko gerran, irudi du ikusle izatea dagokigula. Kontsumitzaile huts. Posizio horretan du jatorria, ziur aski, herritarren artean asko eta asko entzun den galderak: eragingo al dio nire Huawei smartphoneari? Erabat ulergarria da. Baina aro digitala nola bizi dugun erakusten duen sintoma argia ere bada: erabiltzeko gaitasuna dugula soilik, ez transformatzekoa. Eta, funtsean, ez garela gure smartphone-en kontrolaren jabe.

Urteko albisteetako bat izan daitekeen honek hausnarketa sakonak ekarri beharko lituzke. Ali Partovi, Code.org proiektuaren sortzaileetako batek esan zuen duela gutxi: «Programatzen jakitea irakurtzen eta idazten jakitearen parekoa izango da laster, eta kodea ezagutzen ez duenak zailtasun handiagoa izango du mundua ulertzeko».